Leganes 2-2 Eibar

Ehiztari txarra

Eibarrek lehen zatian lorturiko 0-2koa alferrik galdu du bigarren zatian, eta puntua ontzat jotzeko moduan da

Diop eta Peña Eibarreko jokalariak, En-Nesyri Leganesekoari baloia lapurtzen saiatzen, atzo. KIKO HUESCA/ EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Kikek (29. min). 0-2: Jordanek (36. min). 1-2: En-Nesyrik (46. min). 2-2: En-Nesyrik (67. min). Epailea. Hernandez Hernandez. Txartel horiak: Leganeseko Siovas eta Reciori; eta Eibarreko Cucurella, Dmitrovic eta Charlesi. Bestelakoak. 9.341 ikusle Butarquen.

Zaila dago Lehen Mailako leku desiratuari eustea, lehiakide asko dabiltzalako elkarren gainean sariaren bila. Ez da giro, eta denek nahi dute hain desiratua duten hori ahalik eta lasterren lortu. Horretara joan zen atzo Eibar Leganesera, eta ematen zuen lortu behar zuela helburua, baina ehiztari txarrarena egin zuen: bizirik utzi zuen harrapakina, eta ihes egin zion txoriak azkenean.

Eman zizkion bi tiro zehatz eta garbi etxeko taldeari lehen zatian, partidak ezer ez zuen momentuan, eta pentsatu zuen akabatua zuela bestea, baina egiatan hala zen begiratzera ez zen joan. Bizirik utzi zuen, lanak ondo eginda zeuzkalakoan. Akats eta oker larria egin zuen, bigarren zatian hemengo ehiztaria ibili zelako larri. Eskuan zeukana ia erabat galtzeko arriskua izateraino.

Eibarko ehiztariak ez zuen herriko eskopeta ospetsu, dotore eta preziatuena atera atzo. Kartutxo gutxikoa zelairatu zuen, eta ez ohiko lehen hogeita bost minutu ikusi ziren Butarque estadioan: Eibarren partida izanagatik ere, ez zen ezer gertatzen ari. Datu hau oso argigarria da: atera egindako lehen jaurtiketa Peñak egin zuen, oso oker egin ere, 24. minutuan. Etxekoak ere esnatu zituen jokaldi horrek, eta kontraeraso arriskutsua osatu zuen segituan.

Golaren sua segituan piztu zuen Eibarrek. Jordanek kornerrean dotore jarri zuen baloia, eta Kikek buruz ederki eman zion, zutoinaren ondotik. Eraginkortasunari esker zen nagusi Eibar markagailuan. Antzera lortu zuen bigarren gola ere, 36. minutuan: Jordanek dotore eman zion baloiari falta jaurtiketa batean, hesia gaindituz eta sarean jarriz. Jokoa ikusita, gehiegizkoa zen aldeko emaitza.

Leganesen mende gero

Harrapakina bizirik utzi izanaren lehen zantzua bigarren zatiaren hasieran nabaritu zuen Eibarrek. Lehen minutuan, oker larria egin zuen Jordanek, baloia aurkariari oparituz, eta En-Nesyrik zoratu egin zuen Bigas erdiko atzelaria buruz burukoan. Azkenean, zartakoari esker, baloia Dmitrovicen sarera joan zen. Ebakuntzaren ondotik, lehen partida jokatu zuen Serbiako atezainak atzo.

Golak bizia eman zion erdi hilda zegoen harrapakinari, eta jan egin zuen Eibar. Galduta zebilen ehiztaria, eskopeta non zeukan ere asmatu ezinda. 67.ean berdindu zuen En-Nesyri berak, burukada zehatz bati esker. Eskerrak azkenera Eibar suspertu egin zen, eta, horren eraginez, puntua ekartzea lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.