Eibar 0-4 Real Madril

Entrenatzen utzi dio

Eibarrek erraztasun gehiegi eman dizkio Real Madrili lehenbiziko zatian, eta 11 minutuan hiru gol jaso ditu. Aurkariak kontraerasoan txikitu du

Real Madrileko jokalariak, hirugarren gola ospatzen. Anaitz Arbilla ageri da, burumakur. JUAN HERRERO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
<i>Eibar</i>
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Benzemak (17. min). 0-2: Sergio Ramosek, penaltiz (20. min). 0-3: Benzemak, penaltiz (28. min). 0-4: Valverdek (62. min).Epailea. Cordero Vega. Bestelakoak. 7.045 ikusle Ipuruan. Gogotik egin zuen euria norgehiagoka osoan.

Galdu, bai, baina aldea dago partida batetik bestera, nahiz eta puntu uzta bera izan gero: bat ere ez. Eibarrek atzo oso itxura eskasa eman zuen Real Madrilen aurkako partidaren aurreneko ordu erdian, eta bisitariek hiru gol sartu zizkioten hamazazpigarren minututik 28.era. Nahi zuena egin zuen Zinedine Zidanen taldeak tarte horretan, eta Eibar hain narras aritzeak eman zuen atentzioa.

Galduta, alderrai eta oso bigun aritu ziren Jose Luis Mendilibarren jokalariak partidaren hasieran. Dena egin zuten gaizki, eta atzokoa baino aurkari apalago baten aurka ere erabakigarria izango bazen, atera kontuak zer izan zen parean Real Madril izanda. Bi pase elkarri eman ezinda aritu ziren etxekoak lehendabiziko ordu erdian, baloia azkarregi galtzen, eta kanpoko taldeak zigortu egin zuen baloi galtze bakoitza. Ezker hegaletik jo zizkion kolpeak bata bestearen atzetik, kontraeraso zitaletan. Aurreneko gola baino lehen, abisu pare bat eman zituen Real Madrilek, eta hauek ez dira asko barkatu zaleak. Benzemak barrura bota zuen aldaratze bat area barrutik, hamazazpigarren minutuan.

Eibarren lehen zati hotza azaltzeko pare bat egoera oso adierazgarri izan ziren. Hamargarren minutuan, aurkariaren area eta eskuin hegalaren artean preso sartu zuen aurkaria etxeko taldeak, baina baloia leku paregabean lapurtu beharrean, Real Madrilek atera egin zuen handik eta aukera sortu beste atean. Eta bigarren datua beldurgarria da erabat: Eibarrek aurreneko falta hamahirugarren minutuan egin zuen.

Gol bakarreko aldea azkar handitu zuen Zidaneren taldeak, bi penaltiri esker. Sergio Ramosek sartu zuen aurrenekoa 20. minutuan, eta Benzemak bigarrena 28.ean. Area barruko bi jokaldi horietan ere atera ahal izan zen atzo Eibar izan zena lehen zati ia osoan: biguna, area defendatzen apalegia. Hiru kolpe bortitz jaso eta ematen ari ziren itxura emanda ere, lotsarenak egiteko gai izan ziren etxeko jokalariak, eta lehen zatia ondo antzean amaitu zuten: aurkariaren zelaian jokatzeko gai izan zen, erdiraketa batzuk ere atera zituen, eta presioan ere hainbestean aritu zen. Itxuroso bukatu zuen lehen zatia Mendilibarren taldeak, eta gola sartzeko aukerak izan zituzten Inuik, Kikek, Escalantek eta Enrichek. Itxurak itxura, egin behar ez ziren guztiak eginda zeuzkan Eibarrek, eta hiru puntuek bazuten jabea.

Aldaketarik ez atsedenean

Mendilibarrek hamaikako bera atera zuen bigarren zatian, zalea den arren taldeak eta jokalariek egin beharrekoa egiten ez dutenean erabakiak hartzeko. Baina atzo ez zuen horrelakorik egin.

Lehenago egin behar zituenak eginez ekin zion bigarren erdiari etxeko taldeak. Baloiaren jabetza luzeak osatu zituen hasi orduko, eta galtzen zuenean gai zen goian lapurtzeko. De Blasisen jaurtiketa gora joan zen 50. minutuan, eta handik gutxira, penaltia eskatu zuten etxekoek, baina epaileak eta VAR-ak ez zuten adierazi. Real Madril jokoan ari zela 58. minutuan ikusi zen, kontraerasoa atera zuelako, lehen zatikoak bezalakoa. Baina ez zen ezer gertatu. Bai, ordea, 62. minutuan, beste kontraeraso baten segidako jokaldian, laugarren gola egin zuelako Valverdek, area ertzetik zartako ona emanez baloiari.

Oso piztuta ez zebilen Eibar ia erabat itzali zuen laugarren gol horrek, eta kanpotarrak gero eta errazago hasi ziren etxekoen zelaian azaltzen. Hala ere, gipuzkoarrek aukera bat edo beste sortzeko gai izan ziren, eta Expositok 86. minutuan jaurtiketa on bat egin zuen. Aspaldi erabakita zegoen norgehiagokak lotan egin zituen azkeneko minutuak, eta iaz Real Madrilen aurka lorturiko garaipen handia berriz ere lortzeko ametsa amesgaizto bilakatu zitzaion atzo Eibarri. Gehiegi utzi zion, zeini eta Real Madrili, eta hark ez zion barkatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.