Athletic 3-1 Mallorca

Mokadu gozo eta erraza

Athleticek Europarekin amets egiten jarraitzen du, etxean Mallorcari irabazi eta gero. Aise aritu da, eta, bigarren zatian apur bat lokartu arren, garaiz iratzarri da

Athleticeko jokalariak, Raul Garciak penaltiz sartutako gola ospatzen. Partidako aurreneko gola izan zen. JAVIER ZORRILLA / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Raul Garciak, penaltiz (16. min.).2-0: Sancetek (24. min.). 2-1: Budimirrek, penaltiz (70. min.). 3-1: Villalibrek (89. min.) Epailea. Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Athleticeko Raul Garciari; eta Mallorcako Budimirri eta Raillori.

Bazkalordua ondo baliatu zuen atzo Athleticek, Mallorcari San Mamesen irabazita. Ez zuen sukaldean nahasteko gogorik, eta, horren ordez, mokadu bat jan zuen. Zapore onekoa, inondik ere, Europako postuetara hurbiltzeko balio izan baitzion. Eta erraza ere bai, aski izan baitzuen osagai gutxi batzuekin bapo egiteko. Mallorcak ez zion platera kentzeko ia imintziorik egin.

Hasiera orekatua izan zuen partidak. Lehen jabetzak Athleticenak izan ziren, baina Mallorca ez zegoen begira gelditzeko. San Mamesera premia gorriarekin iritsi zen Vicente Morenoren taldea, jaitsiera postuetan, eta jokoaren ekimena bere egiten ahalegindu zen. Bi hegaletatik sakon jokatzen saiatu zen; eskuinetik batez ere, Kuboren bitartez. Athletic ez zen aparteko ezer egiten ari, eta, halako batean, oparia jaso zuen. Penalti inozoa egin zion Lago Juniorrek Raul Garciari, eta nafarrak ez zuen barkatu Manolo Reinaren aurrean: atezainaren mugimendua igarri, eta erdi-erdira jaurti zuen. Lehen ordu laurdena bete berria zen, eta zuri-gorriak aurretik ziren jada.

Kolpearen ondorioz, fedea galdu zuen Mallorcak. Kemen handirik gabe saiatu zen partida berdintzen. Haren jabetzek ez zuten Athleticen atzealdea artegatu. Eroso zegoen etxeko taldea, eta are erosoago egon zen 24. minutuan, Oihan Sancetek bigarrena sartueta gero. Prestatutako jokaldi bikain batean iritsi zen gola: Unai Lopezek motzean jokatu zuen Williamsekin, hark baloia itzuli zion, eta jokaldia Sancetek bukatu zuen, lehen zutoinera egindako jaurtiketa zehatzarekin. Dena lehen ukitura egin zuten; Lezaman egindako entseguetan ere nekez aterako zitzaien horren borobil. Ez zen edonolako gola izan, eta gutxiago Sancetentzat: aurrenekoa du Lehen Mailan.

Gutxirekin asko lortu zuen Athleticek. Ez zen aparteko ezer egiten ari, baloia oinetan zuela behintzat, eta, hala ere, aise lortu zuen bi golen errenta. Garbi gelditu zen zergatik dagoen Mallorca sailkapenaren hondoan. Oso hauskor agertu zen, eta, behin malda tentetuta, ez zuen adorerik izan gora egiteko. Bilbotarrek aise kontrolatu zuten markagailua atsedena iritsi bitarte. Hori bai, ezustekoa edukitzear izan ziren luzapenean, Mallorcak azkar ateratako falta batean. Lo gelditu ziren atzelariak, eta Cuchok bere oinetan izan zuen gola; haatik, oker jaurti zuen kolonbiarrak.

Gehiegizko patxada

Ezer gutxi aldatu zen aldageletatik bueltan. Neurketa nahi zuen tokian zuen Athleticek, eta hirugarrena sartzear izan zen berehala. Sancetek aurrea hartu zion lokartutako Valjenti area barruan, baina nafarrari gain gainera etorri zitzaion Reina. Oker handiren bat egin behar zuten zuri-gorriek garaipena arriskuan egon zedin. Bada, egin zuten: Mallorcari errazegi utzi zioten beren areara hurbiltzen. Korner eta falta arriskutsu ugari izan zituzten kanpokoek. Eta penalti bat ere bai, Yurik Trajkovskiri egina. Hanka modu baldarrean sartu zuen ezker hegaleko atzelariak. Budimirrek baliatu egin zuen aukera, eta beldurra sartu zien bizkaitarrei.

Hogei minutu gelditzen zitzaizkion oraindik neurketari, eta Mallorca berdinketan sinesten hasi zen. Estu zegoen Athletic, baina, orduan, entrenatzailearen laguntza jaso zuen. Hamar minutuan lau aldaketa egin zituen Gaizka Garitanok, eta taldea arnasberritu egin zen pixkanaka; harik eta Villalibrek lehia erabaki zuen arte, 89. minutuan, 3-1ekoa eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.