Espanyol 2-0 Alaves

Oparia eskura eman dio

Alavesek galdu egin du Espanyol azken sailkatuaren aurka, ezertarako aukerarik gabe. Pachecoren huts batek hamar jokalarirekin utzi du taldea 21. minutuan

Camarasa Embarbari baloia kendu nahian, atzo RCDE Espanol Stadium zelaian. ANDREU DALMAU / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Bernardok (48. min). 2-0: Wu Leik (47. min.). Epailea. Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Espanyoleko Embarba, Wu Lei, De Tomas eta Calleriri; Alaveseko Laguardia, Luis Rioja eta Burkeri. Txartel gorria Alaveseko Pachecori (19. min.). Bestelakoak. Ikuslerik ez da izanRCDE Stadium zelaian, COVID-19ari aurre egiteko neurri gisa.

Oker, ezin okerrago ekin dio Alavesek Ligari, hiru hilabeteko etenaren ondoren. Galdu egin zuen atzo arratsaldeko lehen orduan Espanyol azken sailkatuaren zelaian. Ez du ematen atzokoak eragin handirik izango duenik arabarren ibilian denboraldi honetan, edo behintzat hobe horrela pentsatzea. Aukera ona zuen mailari eusteko helburua berretsiz joateko eta aurkari bati zama handia jartzeko, baina ezertarako aukerarik gabe utzi zuen hutsegite larri batek, Fernando Pacheco atezainaren huts larria erabakigarria izan baitzen.

Partidaren hasierak ez zuen iragartzen Alavesen deskalabrurik, makal eta geldo joan baitziren lehenengo hamabost minutuak. Espanyol erakusten ari zen zergatik doan azkena, eta ez jaisteko mirari baten beharra izango duela nabarmen samar ari zen azaltzen. Bi taldeek antzeko jokoarekin ekin zioten erasoko lanari: baloia azkar gora bota, aurrelarien abiadura baliatzeko. Asier Garitanok Burke eskoziarra ipini zuen aurre-aurrean, eta Aleix Vidal harengandik gertu. Espanyolen baliabide bizkorra Wu Lei txinatarra zen, alboan Calleri Alaveseko aurrelari ohia zuela. Erasoko aukera horrek ez zien ezer ekarri bi taldeei, Edgar Mendezek Espanyolen arean sartzeko izan zuen aukera izan ezik. Falta zela eta ez zela, Gonzalez Fuertes epaileak ez zuen ezer adierazi.

Partida 19. minutuan aldatu zen. Beste baloi luze bat bota zuen Espanyolek Alavesen atzelarien bizkarrera, eta Pacheco atera egin zen bila. Botea egin zuen aurretik, eta atezainaren kalkuluak okerrak zirela erakutsi egoera horrek. Buruz gain pasatu zuen baloiak, area kanpoan zen Alaveseko atezaina, eta, nola Wu Lei bizkor zihoan baloi bila, atezainak erabaki zuen eskuarekin hartzea baloia. Txartel gorria atera zion epaileak —aurreneko aldiz kaleratu zuten atzo—, eta Garitanok Edgar Mendez kendu zuen, Roberto Jimenez atezainak debuta egin zezan babazarroekin.

Espanyol baloia ukitzen hasi zen, polikiegi bazen ere. Baina erdiraketa guztietan, izan geldikako jokaldiak edo ez, errematatu egiten zuen. Nola atzelariak eroso ari ziren baloia ateratzen, motzean eta luzean, Garitanok taldeari agindua eman zion: atera gora presioa egitera. Ez zion asko iraun aldaketaren eraginak, Espanyolek zuloak baliatzeko trebezia erakutsi zuen eta.

Etxeko taldea aukera garbiak sortzen hasi zen bata bestearen atzetik, eta Robertok erakutsi egin behar izan zuen behinola oso maila oneko atezaina zela, eta oraindik ere badela erakutsi zuen. Haren lan bikainari esker eutsi zion Alavesek, eta ematen zuen hain beharrezkoa zuen atsedenaldira berdinduta helduko zela emaitzan. Baina area barruan egindako beste erremate batean, Bernardo erdiko atzelariak gola egin zuen Espanyolen alde, luzapeneko hirugarren minutuan.

Bigarren zatirako ez zeukan itxura onak partidak Garitanoren taldearentzat, eta erabat okertu zitzaion 47. minutuan, Wu Leik bigarren gola egin zuenean. Beste behin ere nabarmen geratu zen Laguardia eta Ely atzelariak ez direla areatik urrun defendatzen edukitzeko egokiak, atzeraka lasterka egitea ikaragarri pila kostatzen baitzaie. Etxekoen bigarren golean agerian geratu zen gabezia hori. Hori estaltzeko, jokoz kanpokoa egitea izaten da baliabide ona, baina baldar ibili zen Ely.

Pina, berriro ere jokatzen

Bigarren zati osoari erakargarritasuna kendu zion gol horrek, emaitzaren gatza eta piperra indarrik gabe geratu baitziren. Jai zeukan Alavesek alde horretatik, eta Espanyolek ere azkar ikusi zuen hiru puntuak ondo gordeta zeuzkala. Aukera bat edo beste gehiago sortu zuten etxekoek gero, baina asmatu ez, eta 2-0ekoarekin bukatu zen partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.