Eibar 0-2 Sevilla

Golik sartu gabe, ezin da

Eibarrek 0 eta 2 galdu du Sevillaren aurka, Ipuruan, norgehiagoka orekatu batean. Dmitrovicek partida utzi behar izan du, belaunean min hartu eta gero

Exposito Eibarreko jokalaria, Sevillako Rakitici baloia kendu nahian. JUAN CARLOS RUIZ.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Ocamposek (28. min); 0-2: Joan Jordanek (55. min). Epailea. Sanchez Martinez. Txartel horiak Eibarreko Oliveirari, Diopi eta Arbilarri; eta Sevillako Sergi Gomezi, Munirri, Rakitici eta Julen Lopetegiri.

Gola da futbolaren oinarria, golik gabe beste osagai guztiek ez dute ezertarako balio. Golik sartu gabe ezinezkoa da irabaztea, eta, berdintzea, zaila. Hori gertatu zitzaion atzo Eibarri, Ipuruan, Sevillaren aurkako partidan. Gipuzkoarrak ez ziren aurkaria baino gutxiago izan, baina ez zuten joko ona gol bilakatzerik izan, eta Sevillaren moduko talde bati irabazteko, behar-beharrezkoa da gol aukerak baliatzea. Azkenean, 0-2 galdu zuen Jose Luis Mendilibarren taldeak.

Eibarrek garaipen gosez ekin zion partidari, egiten dakiena ondo egiten. Asko estutuz eta joko zuzenaren bitartez min egin zion Julen Lopetegik zuzendutako taldeari. Aurkariaren zelaian baloia lapurtu, eta atera pase gutxitan iristen ziren. Gainera, Sevillak buruz ondo aritzen diren Kounde eta Fernando jokalariak izan arren, Mendilibarrenak nagusi izan ziren goitik joan ziren baloietan eta bigarren jokaldietan. Espainiarrak ez zeuden batere gustura zelaian, eta etxekoak, berriz, bikain ari ziren.

Baina Oliveirari lehenengo, eta Diopi gero, txartel horia atera zieten 20. minuturako. Defentsako lanerako funtsezkoak diren bi postutan jokatzen duten jokalariak dira, eta txartelak haien jokoa baldintzatua zuen.

Hori dela eta, Eibarrek presioa egiteko orduan duen oldarkortasuna galdu egin zuen apur bat, eta antzeman egin zen minutuak aurrera joan ahala. Gainera, bisitariak izan ziren gola sartzen lehenak. Bigasek En-Nesyri jo zuen area barruan, eta, hasieran Sanchez Martinez epaileak faltarik ez zegoela esan bazuen ere, VAR-a aztertu ostean, erabakia aldatu, eta penaltia adierazi zuen. Lucas Ocamposek ez zuen hutsik egin.

Gola jaso ostean, Eibarrek aurrera egin zuen, eta partida berdintzeko gol aukera onak izan zituen atsedenaldira iritsi aurretik. Gertu ibili zen, baina ez zuen Sevillaren atea zeharkatzea lortu.

Lehenengoa amaitu bezala hasi zen bigarren zatia: Eibar nagusi izanda. Berdinketa gertu zegoela zirudien, baina Joan Jordanek bisitarien bigarren gola sartu zuen 55. minutuan, kontraeraso azkar batean. Gainera, lehenengo zatian min hartu eta gero, belaunak kito esan zion Dmitrovici. Ikusi beharko da zer duen atezainak. Yoelek haren lekua hartu behar izan zuen atepean, denboraldian lehen aldiz.

Zer egin jakin gabe

Lehiaren azken ordu erdian bere egin zuen partida Sevillak, eta tarte horretan ez zen ia ezer gertatu. Markagailuaren eta kronometroaren abaroan, partidaren erritmoa lasaitu zuen, eibartarren kalterako. Baloia presarik gabe, alde batetik bestera mugitu zuten, dena alde zutela jakinik. Defentsa lanetan aurrelarien marra zelai erdian kokatu, eta kontraerasoan min egitera mugatu ziren. Eibartarrak noraezean ibili ziren azken txanpan.

Bryan Gilek buruz buruko jokaldiekin baino ez zuen lortu arriskua sortzea, baina ez zen nahikoa izan. Azkenean, gaizki jokatu ez arren, Eibar esku hutsik geratu zen berriz Ipuruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.