BESTE ESAN BATZUK

2016ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
«XXI. mendeko nazionalismoak lehengoan, Jose Antonio Agirrerenean, egon behar du sustraitua, beste harreman hegemoniko batzuk artikulatuz; forma berri bat emanda, beste modu batera biziz. Nazionalismoak behar du deskonbertsio bat, postabertzalismoa interesgarria egin».

Joseba Zulaika

Antropologoa, ikertzailea

«Aldaketa ildo bat mahai gainean jarriz dabiltza batzuk. Elementu berritzailea da fokoa ez dela nazioa, estatua baizik. Hori lortzeko hegemoniak nola osatzea da kontua. Adibidez, balio unibertsalak (demokrazia) gure egin, eta hori babesteko estatua eskaini tresna gisa. Diskurtso identitarioak garrantzia galtzen du estatu eraikuntzan».

Ane Larrinaga

EHU, Soziologia

«Euskal estatuarekin ere jarraituko dugu identitatea gora eta behera; bestela, Europan kasu bakarra ginateke estatuak identitate afera guztiak konponduko lituzkeena. Proiektu independentista identitarioa izango da beti, ezin da gizarte proiektu bat izan identifikaziorik gabe».

Eduardo Apodaka

EHU, Soziologia

«Abertzaletasuna nazioarekin lotuta dago. Beste ikuspegi bat da komunitate ezberdinak norako berean jartzea. Zein dira tresnak elkarrekin erabakitzeko? Nola kudeatu gure aniztasuna? Gure erronka nagusia euskal demokrazia eraikitzea da, gure artean eta besteekin izan beharreko harremanak definitzeko».

Zelai Nikolas

Legelaria, Gure Esku Dago

«Hiru krisi dauzkagu: alderdien bitartez pentsatzen dugu prozesu batean; abertzaletasunaren bitartez subjektua txikiagoa da; eta elite batzuen hitzarmena. Balio tradizionaletatik unibertsaletara ere jo behar da, eta konfrontaziorako kontakizun berri bat ere sortu behar da».

Unai Apaolaza

Filosofian lizentziatua

«Eztabaidaren abiapuntuan hiztegia eta estilo liburua adostu beharko litzateke. Eragileak gai badira hori komunikabideetara eramateko, abiapuntu indartsua litzateke. Hitzen eta kontzeptuen inguruan ados egotea sekulakoa litzateke».

Gaizka Aranguren

Kazetaria, Labrit multimedia

«Ipar Euskal Herrian abertzaletasunak sekulako erronka du arlo sozioekonomikoan. Ipar Euskal Herria eskuindarra, sozialdemokrata eta frantziarra da, oro har, eta abertzaletasunak diskurtso zabalagoa garatu behar du gobernatu ahal izateko. Proiektu politiko serio bat definitu behar da. Bestalde, Iparraldean nazio kulturala itotzen ari da».

Peio Etxeberri Aintzart

Historialaria, Elkar

«Globalizazioaren neurria Europa da. Euskal Herriarentzat hura ez da mehatxua zentzu kulturalean, eta aukera da zentzu politikoan, bi estatu handien eraginetik askatzeko».

Imanol Galfarsoro

Leeds-ko (EB) Unibertsitatea

«Azken 40 urteetan ideologia beretik edan dugu, baina amaitu zaigu, eta orain zer? Euskal estatua lortuta ez dugu ia ezer konponduko; estatua ezin da jomuga utopikoa izan. Abiapuntua globalizazioa izan beharko litzateke, eta hor kokatu euskal estatua. Bestela, porrot egingo dugu; hor daude brexit-a, Syriza… Aurrena globalizazioa, gero Euskal Herria».

Joseba Gabilondo

Michigango (AEB) Unibertsitatea

«Nazio eraikuntza indartzen ez bada, arriskua duguerabakitzeko unea heldu, eta alde beharrean aurkako emaitza izatea».

Josune Ariztondo

Bilbao 700 fundazioa

«Nazio eraikuntza edukiz bete behar da, abertzaletasun asko daudelako, eta denak ez dira independentistak».

Jule Goikoetxea

EHU, filosofoa

«Abertzaletasuna nahi dut identitate bat edukitzeko eta Euskal Herriari proiektu bat eskaintzeko. Ezinezkoa izango da abertzaleen artean bakarrik egitea, baina euskal estatua sortu nahi bada derrigorrezkoa da abertzaleek egitea».

Ainhoa Etxaide

LAB

Zikloko gogoeten laburpenak:

zuzeu.eus/ euskal-herria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.