ARAUAK

2016ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Euskaltzaindiak hiru adierazpen eginak ditu gaiari buruz. Hona hemen horien gakoak:

1979ko adierazpena

Bi jokaera salatu zituen: batetik, euskalkian eginiko agerpenak baztertzea; bestetik, «euskalkia erabiltzeko aitzakiarekin» badaezpadako euskara erabiltzea. Bi arau jarri zituen:

Ortografia. Batuan eta euskalkietan ortografia bakarra onartzea, «euskara hizkuntza bakarra baita, ez hizkuntza asko».

Oinarria. «Hizkuntzaren azpiegituraren arabera (euskararen oinarri bakarraren arabera) jardun behar da beti». Adibide gisa aipatu zituen deklinabide mugagabea, bukaerako a organikoa eta euskal hitzurrena.

1994ko adierazpena

Laburtzapenak. «Ahozkoan eta lagunarteko hizketan ohikoak diren laburtzapenak ez dira idatzian onartzekoak».

Fonetismoak. «Tokian tokiko fonetismo bereziak ez dira idatzian eman behar: egia idatziko da, esaterako, ez egiya».

Formak. «Euskalkian forma bi edo gehiago erabiltzen direnean, batuarekin bat datorrena hobetsiko da: diet esate baterako, ez diotet. Tradizio idatzi gabeko bariante lokalistegiak ez erabiltzea da jokabide egokia: ikisi, duzti, etorri ezteko...».

Deklinabidea. Baturako araututakoa derrigorrezko jo zuen, baina bizkaierako berezitasunak eta -ak ergatibo plurala eta absolutua ez bereiztea onartu.

Aditz jokoa. Baturako onartutako jokoa jo zuen derrigorrezkotzat, eta euskalkiko forma batutzat har daitezkeenak.

Sintaxia. «Euskara baturako eta euskalkietako sintaxi-zuzentasuna bat bera da».

Morfologia. «Ontzat emango dira era dialektal tradizionalak».

2004ko adierazpena

Begirunea. «Euskaraz mintzo diren hiztunen egoera desberdinei begirunea zor zaie, hiztun horiek euskalkiak erabili nahiz euskara batua erabili».

Osagarritasuna. «Euskara batuko eta euskalkietako adierazpideek elkarren aberasgarri izan behar dute: zehatzago esanda, euskalkietako formek berezko bide izan behar dute euskara batuko formetara heltzeko».

Egokitasuna. «Euskalkia erabiltzean, egoera eta eremua kontuan hartuta aukeratu behar dira formarik egokienak».

Arauak. «Euskalkien erabilerari buruzko arauak eta gomendioak bete beharrekoak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.