Jaurlaritzaren azkeneko inkestak ere EAJren hazkundea iragarri du

Erredakzioa
Gasteiz
2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Aurreko astean EITB Focusen inkestak bezala, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoaren Kabinetearenakiragarri du, azkeneko inkestan EAJ hazi egingo dela, eta alderdi konstituzionalistak, berriz, jaitsi. Focusena Hegoaldeko hiriburu eta foru hauteskundeei buruzkoa zen, eta Jaurlaritzarena, Eusko Legebiltzarrerako bozei buruzkoa, joan den maiatzaren 8tik 15era bitartean egindakoa — 2.313 elkarrizketa—.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako legebiltzarreko 75 eserlekuetatik 30 lortuko lituzke EAJk, inkestaren arabera, 2016ko iraileko hauteskundeetan baino bi gehiago. EH Bildu geratuko litzateke bigarren, lehengo aulki kopuru berarekin: 18rekin. Elkarrekin Podemosek 10 lituzke (-1), PSE-EEk 9 (berdin), PPk 7 (-2) eta Ciudadanosek 1 (+1). Hain justu, Bizkaian eta Gipuzkoan irabaziko lituzke bi legebiltzarkideak EAJk; PPk Araban eta Gipuzkoan galduko lituzke, Ciudadanosek Araban irabaziko luke eta Elkarrekin Podemosek Bizkaiak galduko.

Jaurlaritzaren inkestaren arabera, Araban EAJk 8 legebiltzakide erdietsiko ditu datorren hauteskunde autonomikoetan (botoen %29,9), EH Bilduk 5 (%20,1), PP 4 (%16,6), Elkarrekin Podemosek 4 (%14,6), PSE-EEk 3 (%11,9) eta Ciudadanosek 1 (%3,9).

Bizkaian EAJk 12 aulki eskuratuko lituzke (botoen %42,7), EH Bilduk 5 (%19,4), Elkarrekin Podemosek 3 (%12,6), PSE-EEk ere 3 (%11,3) eta PPk 2 (%8,4).

Eta Gipuzkoan, EAJk 10 eserleku izango ditu EAEko hurrengo hauteskundeetan, inkestak iragarri duenez (botoen %36,9), EH Bilduk 8 (%28,6), Elkarrekin Podemosek 3 (%12,3), PSE-EEk ere 3 (%11,7) eta PPk 1 (%6,4).

EH Bilduren datuak

Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoaren Kabinetearen azkeneko inkesta hori jakin baino lehenago, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia EITB Focusenaz aritu da Euskadi Irratian, eta esan du euren inkesten arabera EH Bildu Gipuzkoan oso gertu izango litzatekeela irabaztetik —EITB Focusek EAJ jo zuen gailen, EH Bildu bigarrenari 8,1 puntuko alea aterata—, eta Nafarroan Geroa Bairen aurretik legokeela —EITB Focusen arabera, bien artean Geroa Bai legoke aurretik, hiru parlamentariren aldearekin; lehen postuan, UPN—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.