Gorka Azkune.
ARGI ALDIAN

Berri faltsuak direla eta

2017ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Aspaldian berri faltsuen inguruan hainbat eta hainbat iruzkin eta mar-mar entzutea tokatu zait. Gaur egun informazioa hain eskuragarri izatearekin lotuta egongo dela pentsatzen dut. Baina ez dut uste berri faltsuena gure garaian sorturiko gaitz baten kasua denik. Gure historian zehar berri faltsuak oso presente egon dira, ziurrenik hasiera-hasieratik.

Azterketa arin bat eginda, nire ustez, bi motatako berri faltsuak bereiz daitezke: nahita sortutakoak eta ezjakintasunaren ondorioz plazaratutakoak. Lehenengoen inguruan ezer gutxi esango dut nik. Norberak jakingo du zergatik nahi dituen berri faltsuak argitaratu. Gaurko zutabean bigarrenei buruz hitz egin nahiko nuke. Eta hasteko, orain dela gutxi azaldu den berri faltsu bati helduko diot.

Entzun al duzue Facebook-ek «itzali» behar izan zituen bot adimentsuen istorioa? Bueno, nik neuk kontatuko dizuet bada. Berrien arabera, Facebook enpresaren adimen artifizialeko sailak bot batzuk itzali behar izan zituen, berauen hizkuntza propioa ari baitziren garatzen. Zer da bot bat? Ordenagailu-programa adimentsu bat da, bere kasa erabaki batzuk hartzeko gai dena egoeraren arabera. Twitter botez josita dago, nahiz eta oso sinpleak diren. Facebook erabiltzen ari zen bot horiek, ordea, nonbait, ez ziren hain inozoak. Berrien arabera, elkarrekin hizketan jarri eta hizkuntza berri bat sortzen hasi ziren, gizakiok ulertu ezin genuen hizkuntza bat. Facebookeko ikerlariek hori ikusi zutenean, beldurtuta edo, bot-ak itzali omen zituzten.

Noski, berria horrela kontatuz gero, neuk ere onartu behar dut nahiko beldurgarria dela. Baina errealitatea ez da berriak kontatu bezala. Azken batean, Facebook negoziatzeko gai diren botak garatzeko ikertzen dabil. Beraien helburua, egunen batean bot horiek gizakiekin negoziatzen jartzea da, hainbat esparru ezberdinetan. Horretarako, bot horiek gure hizkuntza bera hitz egin beharko lukete (kasu honetan, ingelesa). Benetan gertatu zena, asko laburbilduz, honako hau da: ikasteko gai diren bi bot elkarrekin negoziatzen jartzean, beraien hizkuntza (ingelesa hasieran), aldatzen joaten ziren. Esan genezake ingelesaren bertsio endekatu bat sortzen hasi zirela, hizkiak janez, askotan batera erabiltzen diren bi hitz elkartuz, eta abar. Gizakiok egiten dugunaren antzera, azken batean. Dena dela, hizkuntza endekatu hori bi bot horiek bakarrik uler zezaketen. Beste bot bat jarriz gero, hark ere ezingo luke ulertu. Eta noski, Facebookeko ikerlariak ohartu ziren horrelako bot batek ez duela ezertarako balio, ez baita gai izango inorekin komunikatzeko. Beraz, boten ikasketa prozesua eten zuten. Hori da dena.

Berri faltsu hori zientziaren inguruan dugun ezjakintasunaren adibide bikaina da. Ez dago intentzio txarrik, ezjakintasuna baizik. Lehen berria idatzi zuenak ez zuen ongi ulertu benetan gertatu zena, nahiz eta Facebookek bere blog batean argi eta garbi azaldu zuen. Noski, argi eta garbi gai horiek ezagutzen ditugunontzat. Nire ustez, era horretako berriek erakusten digute zeinen garrantzitsua den zientzia-formakuntza duten kazetarien presentzia komunikabideetan. Gure egunerokoan zientziak eta teknologiak geroz eta garrantzi handiagoa dute. Ongi informatuta egon beharko genuke, erabaki egokiak hartu ahal izateko. Eta horretarako, ezinbestekoa da kalitatezko berriak eskuragarri eta ulergarri izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.