Athleticek Kopako finalerako lehen urratsa egin gura du

Zuri-gorriak emaitza onak lortzen ari dira azken boladan, baina Levante are sasoikoago dabil. Paco Lopezek zuzentzen duen taldeak bi partida baino ez ditu galdu azken 21etatik

haritz gallastegi
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Athleticek Espainiako Kopa asko irabazi ditu: 24 guztira. Azken hamarkadan ere emaitza oso onak lortu ditu. Apirilean laugarren finala jokatuko du azken hamabi urteetan, eta bosgarrena jokatzeko aukeran dago. Izan ere, aurreko sasoian atzeratutako finala—zuri-gorriek Realaren kontra jokatuko dutena— eta aurtengo ekitaldikoa bi asteren buruan jokatuko dira. Athleticek bietan parte hartzeko aukera dauka. Bikaina izango litzateke. Baina beste final batean egoteko, Levante hartu beharko du mendean. Final-erdietako zozketan Levanterekin batera Bartzelona eta Sevilla zeudela kontuan hartuta, bai klubean eta bai inguruan ilusioz hartu zuten Aritz Adurizen eskuak erabaki zuena.

Kontua da Levantek izena baino gehiago izana daukala. Jokatu dituen azken 21 partidetatik bi baino ez ditu galdu. Kopan, bost kanporaketa gainditu ditu, eta azken bietan Valladolid eta Vila-Real kanporatu ditu. Paco Lopezek zuzentzen duen taldeak joko landua egin ohi du. Gustuko du baloiaren jabetza oinarri izanda protagonistak izatea. Horretarako, jokalari aproposak ditu zelai erdian. Eta, aurrean, gol sena duten futbolariak ditu. Jose Luis Morales kapitainak nekaezina dirudi. Roger Martik ez du barkatzen area barruan, eta, horiek agertzen ez badira, Sergio Leon, De Frutos edo Dani Gomez azaltzen dira. Duda barik, kontuan hartzeko aurkaria da. Eta, gainera, Bilbon gertatu legez, Levanteko jokalarien eta zaleen artean ere zozketan zortea izan zutela iritzi diote. Hau da, aukera ona ikusten dutela finalerako sailkatzeko.

Muniain, prest

Orain arte ez bezala, Kopako finalerdiak joan-etorriko neurketak jokatuta erabakiko dira. Beraz, ez da komeni San Mameseko lehiarekin itsutzea. Baina, era berean, garrantzitsua izango da aldeko emaitza lortzea. Marcelinok honela aztertu du partida: «Kanporaketa bigarren partidan erabakiko da, baina gu biharkoa [gaurkoa] irabaztera aterako gara, gauzak ondo bideratzeko. errespetuz eta umil jokatuko dugu. Izan ere, aurkari on bat izango dugu aurrean, alai eta erasora jokatzen duena»

Taldeari garaipena eskuratzen laguntzeko prest dago Iker Muniain. Kapitaina joko bolada onean dago, eta haren ekarpena ezinbestekoa da zelai erdian. Lesio txiki bat izan du, baina arriskatzea erabaki du. Baita Asier Villalibrek ere. Kopako finalerdi bat ez baita egunero jokatzen.

Athletic: Simon;Capa, Yeray, Iñigo, Yuri; Dani Garcia, Vesga, De Marcos, Muniain; Raul Garcia eta Williams.
Levante: Cardenas; Coke, Vezo, Duarte, Toño: Son, Malsa, Melero, De Frutos; Bardhi eta Dani Gomez.
Epailea: Gil Manzano.
Lekua: San Mames.
Ordua: 21:00 (DAZN).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.