Zozoen elean (III). Itziar Ibarguen. Ikurrina jostuna frankismoan

«Ikurrinak ipintzea herria errebindikatzeko modua iruditzen zitzaidan»

Diktadura garai beltzean Francoren erregimenaren kontra zirkin egiterik ez zegoenean ere erresistentzia osatu zuten abertzale suharrek. Propaganda banatu zuten, hormak margotu zituzten, ikurrinak paratu zituzten. Itziar Ibarguenek ikurrinak josi zituen isil-gordeka, senarrak han-hemen ipin zitzan.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Trapagaran
2016ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren



Francoren garaian, ezkutuan ikurrinak josten zenituela jakin dut…

Hori baino lehen, familiaren historia daukat Trapagaranen. Esango dizut etxean ez zekitela euskaraz, nahiz eta amaren parteko aitaita Debakoa izan, Itziarkoa, hain xuxen. Hargatik dut Itziar izena. Ez nuen aitaita hura ezagutu, ni jaio baino hilabete lehenago hil zelako. Inondik ere, gaztelaniarik ez zekiela etorri zen Bizkaira lanera, eta Portugaleteko amamarekin ezkondu zen, hark euskararik ez bazekien ere. Ez dakit zelan aditu zuten elkar, bataren euskara eta bestearen gaztelania, baina konpondu ziren. Gogoan daukat gurean euskarazko berba solteak egiten zirela, eta errezatu ere, euskaraz egiten zela. Hori baino ez, eta kalean kontuz ibili behar zela, ezin zenuelako ezer esan. Aitaren parteko gurasoei dagokienez, Zallakoa zen ama, eta Balmasedakoa aita. Euskara gutxi jaso nuen hortik!

Zein zen giroa?

Nire lagunak espainol sentitzen ziren, baina niri etxean ez nintzela espainola erakutsi zidaten. Arraroa ere bazen hura. Etxera joan eta esaten nuen: «Aita! Mari Tererekin egin dut berba, Mertxerekin ere bai, eta espainolak garela esan didate. Eskolan ere horixe esaten didate, espainolak garela». Jakina, aitak bere bertsioa zuen: «Beraien gurasoak Euskadi inbaditu zutenetakoak direlako esaten dute hori. Francorekin bat eginda daude». Ez zuen itzulingururik ibiltzen: «Inbaditu egin gaituzte! Gu euskaldunak gara, euskaldunak eta kito! Parisen bizi direnak frantziarrak diren legez. Gerra alemanek irabazi izan balute, Frantzia osoa bereganatu eta herrialde osoa Alemania dela esan izan balute, bere horretan onartuko zenuke hori? Frantzia Alemania dela esango zenuke? Ez, ezta? Bada, berdin gara hemen!». Hori esan eta jolasera bidaltzen ninduen: «Ez duzu kezkatan ibiltzeko garaia. Adituko duzu hazten zarenean. Orain segi jolasera!».

Eta Trapagaraneko kalean?

Gerra baino lehen bazen batzokia herrian. Gerra ostean falangista edo erreketeak jabetu ziren hartaz, eta Falangearen etxea bihurtu zuten. Trapagaran herri txiki polita da, lorategi asko dauzka, baina umeoi ez ziguten kalean pilotan jolasten uzten. Aguazilen bat igarotzen bazen, pilota kentzen bazigun, bagenekien zer zetorren: «Pilota berreskuratu gura baduzue, Falangera etorri». Aitari ez zitzaion hura gustatzen: «Nahikoa dugu hainbeste pilota eta pilotaondo! Kito! Pentsatu ere ez Falangera joatea!». Bestalde, nik Falangearen zentrora gura nuen joan, nire adineko neska koxkor guztiak legez, trapuzko panpinak egiten eta beste. Aitak beti ezetz: «Zu ez zoaz zentro horretara. Etxera etorri, edo lehengusu-lehengusinekin jostatu. Gura duzuna, baina Falangera ez!».

Noiz arte horrela?

Hamalau urte neuzkala, ama hil zitzaidan. Garai horretan batxilergoa ikasten hasi nintzen Sestaoko patronatuan. Apaizek zuzentzen zuten ikastetxea, baina sekularrak ziren irakasleak. Han bai, han Arantxa, Amaia eta horrelako izenak entzuten hasi nintzen. Hura besterik zen! Beraien gurasoen gainean ari zirela aita eta ama esaten zuten, eta munduan ez nengoela bakarrik pentsatu nuen! Gogoan dut Jose Antonio Agirre hil zenean, lagun bi —Gloria Garcia eta Arantxa Aurrekoetxea izan ziren, abertzaleak beraien familiak—, eskolara etorri eta esan zidatela: «Jakin duzu zer jazo den? Aitak esan du umezurtz geratu garela». Grabatuta daukat esaldia, umezurtz hitza erabili zutela. Gloriaren eta Arantxaren gurasoak hil zirela pentsatu nuen. «Ez, ez, gure gurasoak ez, Jose Antonio Agirre hil da!».

Bazenekien nor zen Agirre lehendakaria?

Jose Antonio Agirre eta Sabino Arana… gurean ez zen besterik! Etxera itzuli nintzenean, aitak Agirre hil zela esan zidan, eta nik, berriz, banekiela erantzun nion. Sestaoko delako patronatu hartan bazen gure joera bereko irakasleren bat edo beste. Gogoan dut halako jai eguna ospatzen zutela, eta kanturen bat euskaraz kantatzen zutela. Trapagarango eskola nazionaletan Cara al Sol kantarazten ziguten. Urtean egun seinaleren bat behar zuen, inondik ere, herriko ume guztiak parrokian batzen ginelako eroriei lore eskaintza egitearren. Han denok kantatu behar izaten genuen Cara al Sol hori, baina nik gorriak eta beltzak ikusten nituen, hura kantatzen ez nekien-eta. Orduan, etxera heldu eta derrigorrez Cara al Sol ikasi behar nuela esaten nuen, ikasi ezean zigorra jasoko nuelako eskolan. Ikasi behar nuela esan eta arao eta birao ekiten zion aitak.

Horrelaxe zure esnaera…

Horrekin batera, lantzean behin aita etxera paketetzarrak hartuta etortzen ikusten nuen. Etxera sartu eta zuzenean logelara egiten zuen. Ni kuxkuxera hutsa nintzen, eta zer gordetzen ote zuen begiratzen hasi behin, hura zer izango, eta propaganda! Lan Deya zen, edo Gudari… Halako batean, esan ere esan nion aitari, zer zebilen pakete haiekin, eta esan zidan Alderdi Jeltzalearekin konprometitua zela, kausari —horrela esan zuen kausa—, lagundu beharrean zela, propaganda hura banatzea zegokiola… Nik banuen kezka: «Baina, aita, harrapatzen bazaituzte kartzelara sartuko zaituzte!». «Bai, harrapatzen banaute, kartzelara, ez dago besterik. Hala ere, zu lasai, zuri ez datorkizu makurrik, eta, bestalde, ez da jaio ni harrapatuko nauenik, beraiek baino azeri maltzurragoa naiz ni, askozaz!». Aitak behar egiten zuen, ahal bezainbeste ordu egiten zuen lantegian gu bi senideok aurrera atera gintezen. Etxean ere bazen lanik franko, eta aitak egiten zuen dena! Egun batean aitari esan nion arte: «Paketeak egiten lagunduko dizut». «Ez, ez, Itziar, hobe duzu ez». Ni tematu egin nintzaion, ordea, eta, tematu, etsi zuen arte. «Ederto!Esan duzu! Hogeina aleko txortak osatu».

ELAren Lan Deya eta EGI gazte mugimenduaren Gudari ziren…

Bai, eta kontziente nintzen, banekien zer ari nintzen. Inori ez nion ezer esaten; akabo, bada! Neba txikia nuen, eta hark ez ikusteko moduan saiatzen nintzen, ume txikiak ez daki-eta isilik egoten, sekreturik gordetzen. Astiro-astiro, hazi egin nintzen, giro horretan beti, eta, behin halako, txistua jotzen ikasi behar nuela sartu zitzaidan kasketa. Aita musikazalea zen, Barakaldoko musika-bandan klarinetea jotakoa zen gaztetan, aitaita txindatak jotakoa… Hortaz, txistua jotzen ikasi gura nuela esan nionean, sano alegratu zen aita, alegratu zenez! Zapatu goizetan Portugaletera joaten hasi nintzen, Koldo Bengoa txistu irakaslearen etxera. Inoiz ez zidan xemeikorik kobratu izan gura. Koldorekin ibili nintzen ikasten, berak herriko txistulari bandan plaza atera zuen arte. Orduan, denbora gutxiago Koldok, eta Barakaldoko Torresenera joan nendin esan zidan. Hemezortzi urte ez nituen oraindik, baina bestelako giro bat zegoen Barakaldon.

Zelako giroa da bestelakoa?

Gazteak, ezkondu eta beren hankagorriei euskarazko izenak ipintzen hasita zeuden. Nik, berriz, aitari esan nion oharra ipintzera nindoala, txistua jotzen ikasi nahi zuenari laguntzeko. «Eta ez diot inori txakur-txikirik ere kobratuko!». Eta aita konforme. «Ez, ez, eta zelan kobratuko du inork ezer txistua erakusteagatik! Pentsatu ere ez!». Neska-mutil koxkor batzuk ibili nituen, etxera etortzen zitzaizkidan eta erakusten saiatu nintzaien. Alabaina, ni neu txistulari eskasa nintzen!

Zergatik saiatu zinen haiei txistua erakusten?

Obligazioa zitzaidan. Aitak etxera ekartzen zuen propaganda hura leitzen hasita nengoen ordurako, hala Gudari nola Lan Deya… Kontzientzia handiagoa nuen. Begira, domekan lagunekin joaten nintzen, dantzan. Mutilak dantza eske etorri, «Faborez?», eta baietz. Eta mutilaren lehenengo itauna: «Zelan daukazu izena?». «Itziar». «Zelan esan duzu? Luzia?». Nahikoa nuen hori entzun, nire lagunei esateko: «Nik mutil horrekin berriz dantzarik ez!». Eta arrazoia galdetzen zidatenean, ez nuen dudarik: «Koreanoa delako!». Bolada ibili nuen, koreano eta ez koreano. Gutarra ez zen inorekin ezingo nuela bat egin pentsatzen nuen. Tirria horixe nuen. Baziren gauza batzuk inportantzia handia zeukatenak; afinitate politikoa, besteak beste, edo afinitatea ez bazen, gure kontrako sentimendua ez, behintzat. Duda!... Urteak aurrera, koreano kontu hori ez zitzaidan zuzena iruditu. Abertzale amorratuak ezagutu ditut, hemen jaio ez direnak. Badaukagu haietatik zer ikasi franko, bai horixe. Garai hartan, ordea, hamazazpi urte nik eta ez nuen urrunago ikusten.

Roberto Garate ezagutu zenuen gero, ikurrinak jartzen ibiltzen zen gaztea…

Bai, Robertok eta beraren lagunek ikurrinak ipintzen zituzten han eta hemen. Niri, egia esan, gure herria errebindikatzeko modu baketsua, eta arriskutsua, iruditzen zitzaidan. Bat egiten nuen haiekin horretan, gustatu egiten zitzaidan egiten zutena. Ikurrinak ipintzeko, ordea, ikurrinak behar zituzten, eta ezin genuen Baionara joan gure banderak erostera. Orduan, egun batean, egokiera izan zenean, Robertori esan nion: «Neuk egingo dizkizuet ikurrinak». «Baina, zelan?», berak. «Ez da gaitza izango. Josten dakit, eta, hortaz, alde horretatik eragozpenik ez dago. Oihala erostea da kontua, eta, horretarako, Bilbora joango naiz, erosiko dut oihal gorria denda batean, berdea beste batean, zuria bestean. Etxera etorri, hiru oihalak hartu eta josiko dizkizuet ikurrinak». Inoiz, hile batean kolore bat halako denda batean erosten genuen, ondoko hilean kolore huraxe beste denda batean. Ez zen jolasik! Kontuz ibili behar genuen! Ez nintzen ni bakarrik ibili behar horretan. Lantzean behin, Edurne Iparragirre lagunak lagundu zidan ikurrina josten. Hamaika ikurrina josi genituen…

Badira, dena den, historia duten ikurrinak…

Badira, badirenez! Nire senarrak eta beraren lagunak jarri zuten azkenak badu historia. Leioan ipini zuten. Hiru lagun behar izaten ziren lanerako, baina batek huts egin zuen. Hirugarrena behar beti, ordea, ingurua zaintzeko, ez zedin gustu txarreko sorpresarik gertatu! «Neu noa zuekin», esan nion senarrari. Gure seme zaharraren esperoan nintzen, haurdun, eta senarrak esan zidan: «Hementxe inoizko koartadarik behinena! Emakumea, haurdun, tripandi…». Hargatik du historia berezia ikurrina hark, haurdun nengoela joan ginelako, eta ipintzen azkena izan zelako. Harrezkero, ez genuen ikurrinak ipintzen ezkutuan ibili beharrik eduki: legeztatu egin zuten, eta bakea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.