Los Angelesko bataila

Clippersek eta Lakersek asko indartu dute zeinek bere taldea, eta NBA irabazteko hautagai nagusiak dira. Torontok ia ezinezkoa du eraztunari eustea.

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Rage Against the Machine taldeak The battle of los Angeles (Los Angelesko bataila) disko bikaina kaleratu zuen duela 20 urte. Hirugarren estudio lana zuen, eta, Time eta Rolling Stone aldizkarien arabera, 1999ko diskorik onena izan zen. Bi milioi kopia saldu ziren, eta izenburuak II. Mundu Gerran Los Angelesko hiriak jasan beharreko ustezko eraso japoniar batean du oinarria. Azkenean alarma faltsua izan zen, eta paranoiaren menpe eginiko mugimendu militar guztiak alferrikakoak izan ziren. Metafora belizistak ez dira komenigarriak kirolean, baina, bi hamarkada geroago, disko hori izan zitekeen NBAren sasoi honetako soinu banda, oraingoan ez baita alarma faltsua izango. Los Angelesko bi taldeakdira liga irabazteko hautagai nagusiak, Lakers eta Clippers,eta lau derbiak, gaurkotik hasita, batailak izango dira.

Soldata muga igo zenetik, izar metaketak ohikoak dira NBAn, eta Clippersek eta Lakersek hautu hori egin dute. Lakersek Lebron James fitxatu zuen iragan sasoian, eta urte osoan tratuan egin ondoren, Anthony Davis pibot bikaina erakarri du udan. NBAko jokalari onenaren saria lortzeko moduko bi ale dira, eta maila ertaineko jokalari txukunak dituzte inguruan. Clippersek, baina, bizilagunen hordagoa onartzeko moduko kartak ditu. Iragan sasoian kanporaketetako sailkatu zen taldeari (4-2 galdu zuten Warriorsekin) bi izar erraldoi gehitu dizkio: Kawhi Leonard eta Paul George. Leonardek eraztunera gidatu zuen Toronto, eta George, ziur asko, ligako defendatzaile onena da. Doc Rivers teknikaria ere berme osokoa da.

Los Angelesko taldeak dira hautagai nagusiak, baina ez bakarrak. Mendebaldeko Konferentzian beste bi faborito daude: Golden State Warriors eta Houston Rockets. Warriors finalera iritsi da azken bost urteetan, hiru eraztun irabaziz, baina sasoi honetan zail izango du hain bide luzea egitea. Taldea Oaklandetik San Frantziskora aldatu den urtean, Stephen Curryk bere onena eman beharko du. Kevin Durantek taldea utzi du, eta Klay Thompsonek martxora arte ezingo dio lagundu, lotailu lesio baten ondorioz. Rocketsen ere aldaketa asko egon dira, eta James Hardenek bazkide berria du: Russell Westbrook. NBAko saskiratzaile onenetarikoak dira biak, etajokalari berekoienetakoak aldi berean. Baloi batekin bientzako aski badute, sasoi polita egin dezakete.

Ekialdean, aldiz, Toronto txapeldunak izar handiena galdu du, eta ezinezkoa dirudi eraztunari eusteak. Beraz, Milwaukee Bucks eta Filadelfia dira finalean sartzeko hautagai nagusiak. Milwaukeek aldaketa gutxi egin ditu, eta Giannis Antetokounmpok ondo inguratuta jarraitzen du. Filadelfiak ere multzoaren zati handiena mantendu du. Al Horford beteranoa eta Josh Richardson eskolta hegalaria lotu ditu, eta joaten utzi dio Jimmy Butlerri. Ondo bidean, Boston Celtics izango da konferentziako hirugarren hautagaia. Hala ere, Brooklyn Nets izan da albiste handienak eman dituen taldea, Kyrie Irving eta Kevin Durant fitxatu ditu udan. Durantek, baina, orpazurda hautsi zuen, eta ez du jokatuko sasoi honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.