Pandemiaren olatuak ez ditu irentsi

Sei urte daramatza Albaola Itsas Kultur Faktoriak 'San Juan' baleontzia berreraikitzeko lanetan. Pandemiak gelditu egin baditu ere, ez ditu beldurtu, eta aurrera begira diraute langileek, itsasoratzeko presa handirik gabe. Uste dute pare bat urte gelditzen zaizkiela baleontzia martxan jartzeko.

San Juan baleontziaren egitura arotzen zain dago. J.C.R. / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Pasaia
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Heldu da txalupa Trintxerpera (Gipuzkoa), eta bidaiariak jasota abiatu da Albaolara. Pasai San Pedroko luizi bat konpontzeko lanetan ari direnez gero museora joateko beste biderik ez baitago txalupa hartu ezean. Bare dago itsasoa, oskarbi zerua, eta arrantzontziak daude txaluparen alde banatan. Geldialdi bat egin du txalupak, bidaiari gehiago jasotzeko. Familia umedunak dira nagusi ontzian, eta etxeko txikienen nabigatzeko irrika maskaraz bestalde ere sentidaiteke. Heldu dira bidaiariak helmugara, eta Albaola Itsas Kultur Faktoria dute parez pare. Laura Leoz gidariak eraman ditu museora iritsi berriak, eta jarraian hasi da bisita.

Leozek jakinarazi duenez, XVI. mendeko San Juan baleontziaren berreraikuntza da gaur egun Albaola museoak duen proiekturik handiena: «Orduko baleontzia, orduko materiala landuz eta orduko teknikak erabilita». Sei urte dira baleontzia berreraikitzeko erronka onartu zutela, eta, aurten pandemiak geldiarazi baditu ere, olatuak ez ditu irentsi.

Mapak, planoak, argazkiak,itsasontzien sokak eta zenbait material daude pasabidearen alde banatan. Albaolako pasabideetako paretek azaltzen diote bisitariari San Juan baleontziaren historia: Ternuako (Kanada) ur hotzetan, euskal itsasontzi baten hondakinak aurkitu zituzten1978an. Ikerketa batzuei esker jakin zen 1565ean ekaitz baten ondorioz hondoratu zen San Juan baleontziaren aztarnak zirela. Baleontziaren ondoan, balea ehizatzeko erabilitako txalupa zegoen. Izan ere, ez zituzten baleontzitik bertatik ehizatzen, txalupa txikiago batetik baizik. Denbora asko igaro zen artean, baina, hala ere, Leozek esan du nahiko egoera onean mantendu zirela baleontziaren zurak: «Uraren tenperatura hotzaren eraginez, San Juan baleontziaren aztarnak ondo mantendu ziren». San Juan baleontziaren inguruan beste euskal baleontzi batzuk ere aurkitu zituzten, eta gehienek 25 bat metro neurtzen zuten.

Gerora, Leozek azaldu duenez, Albaolako sortzaile eta lehendakari Xabier Agoteri Albaola sortzearen ametsa pizten hasi zitzaion: «Lehen ametsa zena egia da orain».

Pasabidez pasabide aurrera doa Leoz, eta haren atzetik, bisitariak. San Juan baleontziaren eraikuntza ikusteko emozioa haurren oihuetan eta algaretan neurtzen da. Zurezko pasabideak eta eskailerak direla medio, oihartzuna da nagusi, eta, tarteka, egurraren kolpeak ere entzuten dira; geroz eta gertuago, gainera. Izan ere, iritsi dira bisitariak baleak ehizatzeko ontzia eraikitzen ari diren gelara. Langileak zura lantzen ari dira bertan, eta ontziak badu forma jadanik. Leozek jakinarazi duenez, makina bat boluntariok hartu dute parte proiektuan: «2014an hasi ginen proiektuarekin, eta sei urtean bostehun boluntario aritu dira hemen lanean». Leozek dioenez, pozgarria da sentitzea hainbeste jendek egiten duela bat proiektuarekin: «Hemen bakoitzak bere aletxoa jarri du, eta hori oso pozgarria da gurearen moduko proiektu batentzat».

Pago enbor batzuk daude lurrean etzanda, eta, Leozek jakinarazi duenez, horiexek izango dira gerora arraun gisa erabiliko dituztenak. Enborretako batzuk, ordea, handiagoak eta zabalagoak dira, eta San Juan baleontziaren mastak izango dira; ontziaren erdialdean jartzen den zutabe sendoa, alegia. Leozek adierazi duenez, itsasoko ur gazietan zainduta eduki dituzte enborrak urtebetez:«Ur azpian izan ditugu mastak, urtebetez. Hori lagungarria da basotik datozen enborrak saneatzeko».

'San Juan' baleontzia

Bisita amaitzear dago, baina Albaolaren altxorrik handiena ikustea geratzen zaio oraindik ikusleari. Bisitarien pauso sendoak entzuten dira, bata bestearen atzetik. Eskailerak igo dituzte, eta heldu dira, azkenean, San Juan baleontzia eraikitzen ari diren gunera. Ez dago langilerik, eta ez da mugimendurik sumatzen, baina bertan dago baleontzia, eta isiltasuna da nagusi.

Goia jotzen du dagoeneko baleontzi izateko bidean dagoenak. Leozek aipatu duenez, behar duen garaierara heldu da ontzia; beraz, orain duen tamaina izango du etorkizunean: «Egitura guztia eta barrualdea gutxi gorabehera eginda daude, baina mastak, noski, oraindik ez ditu jarriak. Itsasoratuta dagoenean jarriko zaizkio mastak». Leozek dioenez, kaskoa egitea, uretaratzea eta gaineko zatia egitea falta zaio, beraz, San Juan baleontziari.

2014. urtean hasi ziren hura eraikitzen, eta ikusle asko baleontzia noiz itsasoratuko zain dago azkenaldian. Albaolak, ordea, itsasoratzeari ez ezik, berebiziko garrantzia ematen dio eraikitze prozesuari. Izan ere, bisitariek prozesu hori bertatik bertara ikus dezakete, eta horrek badu bere xarma. Leozek jakinarazi duenez, oraindik ez dakite zer egunetan itsasoratuko duten baleontzia —pandemiaren eraginez, geldi daude arotzak—. Hala ere, aurreikuspen batzuk badituztela aipatu du bisitaren gidariak: «Uste dugu urtebete gelditzen dela gutxi gorabehera kaskoa bukatzeko. Eta behin ontzia itsasoratuta, beste urtebete kalkulatzen dugu goiko zatia bukatzeko». Hala ere, Leozek esan du prozesua ez dela bukatzen baleontzia itsasoratzen denean: «Behin itsasoratzen denean, ez da bukatuko prozesua; baleontzian nabigatzen ikasi behar baitugu». Ontzia «museo flotatzaile» gisa irudikatzen dutela baieztatu du Leozek; jendeak bisitatu ahal izateko, portuz portu joango den baleontzi bat izango dela, alegia: «Erakusketa bat bezala, barrutik ere bisitatu ahal izatea da ideia, jendeari historia hori ezagutarazteko».

Sei urteko etengabeko lana San Juan baleontziaren pieza bakoitzean dago islaturik. Langileen lana, gidariena, boluntarioena, bisitariena, laguntzaileena eta abarrena aintzat hartzekoa dela esan du bisitaren gidariak, denek ala denek baitute bertan iltzaturik beren ekarpenaren zatitxoa.

Hainbeste urteko lanaren ostean, izurrite batek gelditu ditu, baina ez ditu beldurtu. Museoa zabalik dagoen arren, San Juan baleontziaren eraikuntza geldi dago oraindik, arotzak ezin izan baitira oraindik lanera itzuli.

Pandemiak harrapatuta

Egungo egoerak itxita mantendu du Albaola hiru hilabetez. Ekainaren hasieran ireki zituzten museoko ateak, eta, Leozek jakinarazi duenez, bisitari ugari joan dira orduz geroztik. Ostiralean, larunbatean eta igandean irekitzen dute museoa: goizez, 10:00etatik 14:00etara, eta, arratsaldez, 15:00etatik 19:00etara. Orain, ostegun goizetan ere irekitzen dituzte Albaolaren ateak, 10:00etatik 14:00etara.

Gainera, koronabirusaren eraginez, osasun agintariek ezarritako neurriei jarraituz, zenbait segurtasun neurri bete beharko dituzte bisitariek: maskara erabili beharko da; edukiera aldez aurreko erreserben bidez kontrolatuko da; eta bisitarien arteko distantziak mantendu beharko dira, horretarako lurrean jarrita dauden seinaleei jarraituz. Gainera, bisitarien kopurua murriztu dute, haien arteko distantziak mantentzea ahalbidetzeko.

Amaitu da bisita, eta sarrerara lagundu ditu Leozek hasieran hartu dituen bisitariak. Agurtu du taldea, eta eskerrak emanez agurtu dute bisitariek Leoz ere. Atera dira museotik. Pozik daude ikusleak, eta haurrak saltoka, ikusi berri dutena komentatuz. Zeharkatu dute txaluparainoko zubia, eta bertan dute zain berriro ere txalupa. Banan-banan igo dira, astiro, eta, denak igota, abiatu dira bueltan Trintxerpera, Pasaiako beste kaira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.