Trumpen muga zergak. Euskal industria

Trumpen txioen zain berriro

Etziko espero den muga zergen inguruko erabakia pisu handikoa da euskal industriarentzat: euskal altzairuaren eta aluminioaren salmentak 332 milioi eurorenak dira AEBetan; haien aurretik daude erregaiak eta makinen sektoreak. Trumpen herrialdea euskal esportazioen podiumean da.

Trumpen txioen zain berriro.
xabier martin
2018ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Oparoa da Euskal Herriak AEBekin duen merkataritza harremana. Euskal esportazioen podiumean dago Donald Trumpek gidatzen duen herrialdea, eta aurretik esanda doa: altzairutik harago doa harreman komertzial hori. Beraz, pisu handikoa da euskal industriak eta, ondorioz, euskal ekonomiak jokoan duena Trumpen enbido protekzionistan. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako esportazio guztien %6,75 AEBetara egin ziren 2017. urtean, 2.155 milioi euro inguru. Inportazioak, berriz, ez ziren iritsi 494 milioietara. Etxe Zuriko maizter deserosoak adi-adi dauzka euskal agintariak.

Etziko espero baita muga zergen auziak zirt edo zart egitea. Donald Trumpen Twitter kontuari adi-adi erreparatu beharreko egunak dira hauek. EBren eta AEBen arteko akordio bat erdiestea ala tarifa berriak onartzea Europaren interesen aurka: hori dago jokoan. Alegia, gerra komertzialaren metxa piztea ala ez. Gerta daiteke, era berean, Washingtonek beste luzapen bat ematea, altzairuari jarritako muga tarifa berrietatik Europa salbuesteko behin-behinean. Gaur bertan, Cecilia Malmstrom Batzordeko Merkataritzako komisarioa Parisen batzartuko da Willburg Ross eta Robert Lightizerrekin, AEBetako komertzio ordezkariekin; bilera horrek datorrenaren aztarna emango du. Atzo, ezkor aritu zen Malmstrom bilera horri buruz.

Europako altzairua eta aluminioa markatu zituen Trumpek aurtengo martxoan, eta, lehen oldarraldi horren epemugari luzapen bat eman ondoren, ekainaren lehena jo zuen presidente protekzionistak akordio bat lortzeko azken egun gisa. Bada, Europatik egin dizkioten presioei beldurrik ez diela argi uzteko, altzairutik harago eraman du mehatxua azken egunetan, eta Europako autogintza ere jomugan jarri du, etorkizun hurbilean onar ditzakeen tarifa berriei buruz zehaztapen handirik eman gabe.

«Gaur altzairua da, eta bihar, automobilak; beti bada zerbait Trumpekin», dio Alex Arriola SPRIko zuzendari nagusiak. Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako buruak uste du «desegonkortasun iturri handia» dela Trump, eta larrien dauden enpresak, orain, altzairuaren inguruan aritzen direnak direla, «galera handiak egon daitezkeelako» %25eko tarifak aplikatzen badira, eta %10ekoak aluminioaren produktuetan. Baina azken orduetan egindako autogintzaren inguruko mehatxu berria ere ez du ahaztu Arriolak, «gure industriaren osagaiei ere eragingo bailieke beharbada». Ikusteko dago, gainera, Gasteizko Mercedesek ekoizten duen Vito modeloari nola eragingo liokeen tarifa aldatzeak. AEBetan, Metris gisa saltzen da ibilgailu hori. 10.000 Vito bidaltzen ditu Gasteizko fabrikak Alemaniara urtero, eta handik Charlestonera (AEB) eramaten ditu Mercedesek, desmuntaturik; AEBetako hirian muntatzen dituzte berriro, Kanada eta AEBetako merkatu iparramerikarrean saltzeko. «Beraz, asko jokatzen ari gara auzi honetan; zain gaude, eta espero dugu soluzio on bat egotea».

Makina-erreminta ere bai

Trumpen oldarraldi protekzionistak bete-betean harrapatutako sektoreetan ezinegona zabaldu da, eta ulertzekoa da, esaterako, Tubos Reunidosen kasuan; ekoizpenaren %46 AEBetan saltzen du hark. Saudi Arabiak bultzatutako petrolio merkearen harlauza gutxi balitz bezala, Trump iritsi da ginga jartzera. Beste hainbat enpresa ere arretaz ari dira erreparatzen auziari; adibidez, Tubacex —salmenten %6 egiten ditu AEBetan—; eta ez da gutxigorako, galdaketak eta galdaketako manufakturak AEBetara doazen euskal esportazio guztien %13 inguru baitira, ia 300 milioi euro. Eta aluminio manufakturak, %1,55 —33 milioi baino gehiago—.

«Inork ere ez du nahi gerra komertzialik; Trumpek bere interesak babes ditzake, eta Europak bereak, eta akordio bat lortu. Baina Trumpek bere enpresak babesten dituen bezala, Europan gureak babestuko ditugu; hori argi dago», dio Alex Arriolak. Eta ideia berean sakondu du: «Merkatuek egonkortasuna nahi dute, eta Trump justu kontrakoa da. Twitteren zer txiokatuko duen beldur daude merkatuak. Iranen ere martxan zeuden proiektu asko geldiarazi ditu orain. Ez dago jakiterik zer espero behar den harengandik».

Euskal interesei begira, ez dago jokoan bakarrik altzairua, beste sektore batzuetan oparoagoa baita estatubatuarrekiko truke komertziala. Erregaiak eta makinak dira, mekanikoak zein elektrikoak, AEBetan gehien saltzen diren produktuak. Esportazio guztien %29 dira erregaiak, eta beste hainbeste makinak; 1.275 milioi euro bi alor horien artean. «Makina-erremintarentzat AEB merkatu garrantzitsuenetako da, eta, orain arte behintzat, ez dago zertan gaizki pentsatu»; SPRIko buruak zori gaiztoa uxatu nahi du. Sektore hori euskal industriaren ikur nagusietako bat da, eta estrategikotzat jotzen dute herrialde askok, baita AEBek ere, ekoizpenerako behar-beharrezkoak baitira 4.0 industriaren zigilua daramaten makinak. Egunotan, argi asko geratzen ari da euskal makina-erremintaren giharra eta lidergoa, Biurtekoaren azokan, BECen. «Albiste ona da gure enpresek merkatu horretan hainbeste saltzea. Teknologikoki munduko liderren artean daudela islatzen du horrek; ezin dugu hori ahaztu. Gu ez gara merke saltzen duen herri bat, puntako teknologia eskaintzen duena baizik, eta horrela jarraitzea da erronka».

Hego Karolinaren dardara

Makina-erremintaren eta beste hainbat sektoreren bultzadaren ondorioz, azken hogei urteetan %5,23tik %6,75era gehitu dira AEBetara egiten diren euskal esportazioak, eta %3tik %2,14ra gutxitu dira handik egiten diren inportazioak. 2017an, hemeretzi milioitik gorako inbertsioa egin zuten euskal enpresek AEBetan. 2000. urtetik Iberdrola eta BBVA dira, alde handiz, euskal inbertitzaile handienak.

Horiek horrela, altzairua eta aluminioa dira urgentzia handienekoak, eta autogintza lehentasunezkoa. Autoei %25eko muga zergak aplikatzea aztertzen ariko lirateke Trumpen aholkulariak. Horrelako neurri batek ondorio larriak lituzke Europako industriaren motor handienean. Alemaniak AEBetara egiten dituen esportazio guztien %28,4 autoenak dira. Suediak (%16), Italiak (%12,8) eta Erresuma Batuak ere (%12) salmenta handiak dauzkate Atlantikoaren beste aldean. Nafarroako Volskwagenek eta Gasteizko Mercedesek ere nozituko lukete, noski. AEBetan egiten dira VWen salmenta guztien %5 eta Mercedesen %15.

Baina Etxe Zuriak ezin du ahaztu aliatu historiko baten aurka abiatuko lukeen gerra komertzialak norabide bikoitza lukeela. Volkswagenek eta BMWk fabrika handiak dituzte Trumpen herrialdean, esaterako. BMWk 9.000 langile inguru ditu Hego Karolinan; hau da, estatu horretako enplegatzaile handiena da. Horregatik, Hego Karolinan, eta inbertsio europar handiko beste hainbat eremutan ez daude oso gutura Washingtonek abiatu duen politika protekzionistarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.