Koronabirusa

Probak egiteko lantegia

Basurtuko erietxean izan da koronabirusaren azken agerraldi indartsua; giroan ez dago aparteko berezitasunik, baina sarrerako karpetan proba egiteko zain daudenek ilara luzeak osatzen dituzte.

Basurtuko Revilla eraikina; han egin du koronabirusak azken agerraldia. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Basurtuko ospitalea (Bilbo) hamalau gunetan banaturik dago, sukaldea, farmazia, aldagelak eta horrelako eraikin txikiagoak alde batera utzita. Adreilu gorrizko eraikinak dira, XX. mendearen hasierako dotorezia oraindik gordetzen dutenak. Egunotan, kezka iturri izan da Basurtu, izurria kontrolpean zegoela ematen zuenean koronabirusak beste agerraldi bat egin duelako. Orain arte, 32 kasu detektatu dituzte. Hala ere, erietxea hainbat eraikinetan banaturik egoteak asko murrizten du arriskuaren sentsazioa.

Aparkalekutik sartuta, ezkerretara dago Revilla eraikina; han agertu ziren COVID-19aren lehen kasuak Basurtuko ospitalean, eta han izan da gaixotasunaren oraingo agerraldia ere. Inguruetan, baina, giroa lasaia da. Erietxearen esparru osoa bideek zeharkaturik dago, eta lorategiak ugariak dira. Aztarain eraikinaren aurrean, Revillatik gertu samar, jendea patxada ederrean dago bankuetan eserita, zuhaitzen gerizpean, Bilboko zeruan tarteka agertzen den eguzkiaren errainuez gozatzen.

Han dago Amaia Alberdi, senitarteko bati bisita egin ostean atsedena hartzen. Dioenez, agerraldiak ez dio aparteko ardurarik sortzen: «Ni oso lasai etorri naiz. Segurtasun neurri guztiak hartuta daudela ikusi dut, mundu guztiak maskara jantzita dauka, eskuak garbitu behar dira eraikinera sartzerakoan eta irteeran eta abar. Ez dut ezeren kezkarik».

Apur bat aurrerago, Iturrizar eraikina dago, ginekologiara eta amatasunera bideratua. Hango erditze gelak itxi egin dituzte, aurreko egunetan COVID-19 kasu bat agertu ostean.

Probak karpan

Zorrotza auzora (Bilbo) doan errepidearen ondoko sarreratik gertu, San Jose eraikinaren aurrean, karpa bi ezarri dituzte, ospitaleko langileei, pazienteei eta bisitariei koronabirusaren proba egiteko. Ilara luzea dago karpen aurrean, 30 bat lagunek osatua. Gehienek erizain, mediku eta osasungintzako bestelako profesionalen jantzi zuriak daramatzate soinean. Inork ez du prentsarekin hitz egin nahi: haietako batek BERRIAri adierazi dionez, debekatu diete kazetariekin koronabirusaren inguruan hitz egitea.

Karpa barruan, sei bat langile ari dira atsedenik hartu gabe probak egiten. Auto gris bat hurbildu da, eta atoan langileetako bat karpatik atera eta gidariaren ondoko aulkian eserita dagoen adinekoarengana jo du, proba egitera: adinekoen kasuan, autotik jaitsi gabe egiten diete proba.

Erizaina zotz txiki batekin gerturatu da: «Apur bat deserosoa da», ohartarazi dio proba egin behar duenari, eta zotza sudurrean barrena sartu dio. Pazienteak imintzioak egin ditu aurpegiarekin: bai, deserosoa da. Amaitutakoan, gehienek zintz egiten dute, eta begiak lehortzen dituzte. Hartutako laginari etiketa erantsi eta gorde egiten dute langileek. Osasun sailburu Nekane Murgak emandako datuen arabera, horren moduko 1.109 proba egin dituzte Basurtun, agerraldiaren berri izan zutenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.