urtzi urkizu
ANALISIA

Esperantzara kondenatua

2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Duela hamabi urteko kanta da Garirena: Esperantzara kondenatua. Duela bi urte, Go!azen-eko neska-mutilek kantatu zuten ETBn. Horri esker, Euskal Herriko haurrek eta nerabeek abestia ezagutu dute. Transmisio lan garrantzitsua egiten du kate publikoak modu horretan: euskarazko musika belaunaldi batetik bestera, zubi lana eginez.

«...Iparra erakusten det behatzaz/ halako ergelkeria ispiluen museoa/edo bestelako desesperazioekin/ ze, bost inporta zeru infernuak...».

Go!azen telesailean Esperantzara kondenatua emititu eta aste gutxira, Eusko Legebiltzarrean EITBren erreforma «integrala» egiteko lantaldea osatu zuten. EHUri metodologia bat lantzeko eskatu zioten, eta, horri jarraituz, bederatzi ikerketa egin dituzte. Ondorioekin ados dagoela esan zuen joan den astean EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbek legebiltzarrean.

Tailerrak egin zituzten herritarrekin, inkestak elkarteekin eta instituzioekin, ikus-entzunezko sektoreak bere iritziaeman zuen, eta EITBko langileek ere inkesta bati erantzun zioten. 3.000 lagunek baino gehiagok eman dute iritzia EITBren gaineko askotariko gaiez. Lan sakon horrek guztiak finkatu beharko luke iparrorratz bat EITB hobetzeko.

«...Dana da zernahi gosea det orain/ garaipenik eta galtzekorik gabe...».

Parte hartzaileen gehiengoak erakunde independente bat lehenesten du, bai zuzendari nagusiaren aukeraketan bai talde publikoaren kontrolari begira ere. Erakunde horretan ordezkatuak egongo lirateke gizarte zibila, alderdi politikoak, sindikatuak, sektoreko profesionalak eta EITBko langileak.

Zerbitzu publikoari eta edukiei begira, parte hartzaileek nabarmendu dute EITBk Eusko Jaurlaritzan dagoen gobernuaren aldeko informazio politika ematen duela. EITBk «agenda propio bat» markatzea lortu beharko lukeela eskatzen dute.

«...esku eta begiz kanpoko bakardadea/ existitzen ez den herio bateko morroi/ txakur bat bezala arnasestuka...».

Eraldaketa digitala da erronka garrantzitsua EITBrentzat. Hala diote ondorioek. Baina bada kezkatzeko datu bat: herritarren lautik hiruk diote ez dutela ezagutzen EITBren webgunea; EHUko Ikus-entzunezko Graduko ikasleekin Ihesaldia-ren harira egin duten inkesta batean, gazteek esan dute ez dutela ezagutzen EITB Nahieran. Ezagutzekotan, gaur egungoa baino hobea ezagutzea hobe. Ikerketen ondorioetan ere aipatzen da Nahieran zerbitzua hobetu beharra; baita sare sozialetako aktibitatea eta presentzia areagotzekoa ere.

Ikerketan ez da beharrik azaleratzen finantzaketa eredua aldatzeko. Hau da, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen bidez eta publizitate bidez finantzatu behar litzateke taldea aurrerantzean ere.

Hizkuntza normalizazioari dagokionez, berriz, ondorioek ez dute auzitan jartzen oraingo kateen eredua: ETB1 euskaraz eta ETB2 gaztelaniaz. Parte hartzaile gehienak ados daude ETB2k eta Radio Euskadik saio batzuk—osorik edo partzialki— euskaraz emititzeko aukerarekin. ETB2k euskara gehiago erabil dezake, gaztelaniazko azpidatziekin—EITBko langileen lautik hiru ados daude—. Lantaldearen %90k uste du herritarrek nahi duten hizkuntzan hitz egin beharko luketela albistegietan.

Proposamenak, funtsean, argiak dira: Euskal Herriko informazio erreferentzia izatea, kalitatezko entretenimendua eskaintzea, eta haurrei eta nerabeei arreta jartzea; hizkuntza normalizaziorako tresna izatea; eraldatze digitalari ekitea, interaktibitatea, mugikortasuna eta nahierako kontsumoa sustatzeko; berdintasun politikak indartzea; euskal ikus-entzunezkoen industriaren motorra izatea; herritarren parte hartzeari zabalik egotea; filmak jatorrizko bertsioan ematea, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin; taldearen kontrola erakunde independente batek egitea; eta finantzaketa kontratu programaren bidez egitea, independentzia bermatzeko.

Abiapuntu horiei heltzeko, zenbait aldaketa errotik egitea ez litzateke txarra. EITBn egiten diren gauza on asko indartzea ere ez legoke gaizki. Hamarkada berri bat dator, eta ez dezagun itxaropena gal. Hobe Esperantzara kondenatua egotea, etsita baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.