ATZEKOZ AURRERA

Hulk eta Darth Vaderrekin topa

Urtezahar gaua mozorrotuta ospatuko dute hainbatek Iruñean. Egunotan, gainezka daude jantzi eta mozorro dendak, saltzaileen esanetan askok «azken egunerako» utzi dituztelako erosketak.

Gazte bat, Iruñeko La Golosina dendan, mozorroak, jantziak eta osagarriak begiratzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Ispilu aurrean, bere buruari begira ari da Darth Vader. «Kapa beltza, ongi, baina buruko traste honekin ia ezin dut arnasa hartu. Eta trago bat nahi dudan aldiro kasko osoa desmuntatu behar al dut?». Zaldun ilunaren aldamenean, barrez lehertzekotan dira kuadrillakoak: bi pirata eta moja bat. Urtezahar gauerako mozorroak erosten ari dira. «Star Wars pelikulako gaiztoez mozorrotu nahi genuen taldeko guztiok, baina, azkenerako, besteek nahiago izan dituzte jantzi klasiko eta merkeagoak, eta bakarrik utzi naute», aitortu du Mikel Sesma iruindarrak, Darth Vaderren kasko beltza kentzea lortu duenean.

Mozorroa jantzita urteari agur esatea tradizioa da Iruñean eta, horren ondorioz, jantzi eta kotilioi dendak jendez gainezka daude egunotan. «Oso gutxi dira mozorroa denborarekin prestatzen dutenak», azaldu du Sonia Barkosek, La Golosina dendako jabeak. Alde Zaharrean du saltokia, tradizio handiena duten mozorro denda espezializatuetako bat. «Gazte gehienek azken unerako uzten dute. Hortaz, urteko azken egunak eromena izaten dira hemen, abenduaren 31 arratsaldea batez ere».

Minutu gutxitan ilara luzea sortu da dendan. Bezero gehienak lagun kuadrillak dira, baina badira bakarrik doazenak ere. Joana Ilundain da horietako bat. «Berandu nabil, bai, eta niretzat ez ezik, lagun guztientzako mozorroa ere erosi behar dut», esan du, kezkatuta. Idatzita daramatza lagunen neurriak. Zenbat M, zenbat XL, zenbat S.

Beste askok ez bezala, Ilundainek argi du zer nahi duen: bere txanda heldu denean, Vis-a-vis telesaileko presoen jantzi horiez galdetu du. «Hortxe dituzu, Super Mario Brosen mozorroen ondoan», erantzun dio saltzaileak.

«Orain, telesailetako pertsonaiak dira arrakasta gehien dutenak», azaldu du Barkosek, galderari aurrea hartuz. «Ikus-entzunezkoen esparruan dugun zabalkundearen ondorio zuzena da: garai batean, gure erreferente ia bakarrak ziren pelikuletakoak, eta jendeak hori bilatzen zuen; orain, Netflix, HBO eta bestelako plataforma digitalen arrakastarekin batera, erreferenteen esparrua zabaldu da, baita mozorrotzeko orduan ere: La casa de papel, Game of Thrones... Horiek eskatzen ditu jendeak nagusiki».

Iturrama auzoan dagoen La Mascara dendan, ordea, ez dute berritasun handirik antzeman aurreko urteetako joerekin alderatuta: «Aurten ez dago protagonista bakar bat», laburbildu du Koldo Nava dendariak. «La casa de papel telesaileko mozorro ugari saldu ditugu, bai, baina baita klasikoak ere: munstroak, pailazoak, marinelak, Aita Santuak... Horiek beti daude modan». Telesailez gainera, zenbait filmetan oinarritutako mozorroek ere arrakasta itzela dutela gaineratu du: «Star Warsen jantzi asko saldu ohi ditugu urtero, eta aurten, pelikula berria estreinatu dutenez, are gehiago. Hori, eta superheroiak: Iron Man, Hulk, Batman... Superheroien jantziak barra-barra ari gara saltzen».

Alde Zaharreko ohitura

Abenduaren 31ko gauean mozorrotzeko ohitura ez da oso aspaldikoa. Iruñeko Alde Zaharreko tabernetan elkartzen ziren hainbat gaztek abiatu zuten, 1980ko hamarkadan. Hala gogoratu du Barkosek: «Hartan, gure familiak kotilioi denda bat zuen San Lorenzo karrikan, eta kuadrilla batzuk hasi ziren, petardoak erostearekin batera, mozorroak ere eskatzen, parranda girotzeko». «Pixkanaka, gero eta gehiago hedatu zen ohitura, eta taberna batzuek hauspotu egin zuten, besteak beste, mozorrotuta azaltzen zirenei trago bat doan emanda».

Gaur egun, askoz hedatuago dago tradizioa, eta «etengabe» ari da aldatzen, saltzaileen ustez: «Garai batean, gazte kuadrillak etorri ohi ziren bakarrik, baina orain denetarik ikusten dugu: seme-alaba txikiekin batera mozorrotzen diren gurasoak, bikoteak...», azaldu du Navak. Gainera, ohitura Alde Zaharretik atera eta Iruñerriko hainbat auzo eta herritara zabaltzen ari dela dio dendariak, «dibertitzeko gogoa berdina delako toki guztietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.