ATZEKOZ AURRERA

Bertako artisten epeletan

Laugarren urtez jarraian, artisten azoka egin dute Gasteizko Sumendi espazio autogestionatuan. Bertako artistak ezagutarazteko eta «bestelako kontsumo eredu bat» sustatzeko antolatu dute.

Goiz eta arratsaldez egin zuten atzo artisten azoka Gasteizko Sumendi espazio autogestionatuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Gasteizko bazterrak zuri esnatu dira larunbat goizean. Elurpean daude kaleak, parkeak eta etxeetako teilatuak. Atertu gabe ari du elurra, eta hotza da giroa. Gasteizko Judimendi auzoan, ordea, hotzetik babesteko eta artisten epeletan egoteko aukera dago Benito Ginea kaleko autoen tailer zaharrean. 2016ko urrian okupatu zuten auzoko gazteek kalean hutsik zegoen lokala, Sumendi gune autogestionatua bilakatzeko. Ordutik, Eguberri guztietan antolatzen dute artisten azoka; handik eta hemendik etorritakoak elkartzen dira, eta aurten ere ez dute hutsik egin. Izurriak ez dizkie planak aldarazi. «Kultura segurua dela uste dugu, eta arteak bere lekua izan behar du Judimendin», diote espazio autogestionatuko kideek.

Eguerdian zabaldu dituzte Sumendiko ateak, eta iluntzera arte izan dituzte irekiak. Gune okupatuaren kanpoaldean pala eskuan du neska batek, azokarako sarbidea garbitzen. Elurrak ia toki dena jan dio espaloiari, eta ez da erraza kalean oinez ibiltzea. Neska batek elurra alboetara botatzen duen bitartean, beste batek Sumendira sartzeko gonbita egin die bertaratzen direnei. «Jarraitu lurrean marraztutako geziak, hemengoak joateko, eta horkoak bueltatzeko». Azoka ahalik eta modu seguruenean egin dadin ahalegindu dira gune okupatuko kideak, eta baita lortu ere.

Ongi antolatu dute lokala, artista bakoitzaren mahaien arteko distantzia gordeta. Artistak gustura daude: «Eskertzen da antolatzaileek gure osasunaz eta segurtasunaz kezkatzea». Carolina Mattos ilustratzaile eta eszenografoak bigarren urtez jarraian paratu du salmenta postua Sumendiko azokan. Margoak eta bordatuak nahasten ditu bere artelanetan, eta, besteak beste, eskuz egindako oihalak eta banderatxoak saltzen ditu: «Duela bost urte hasi nintzen teknika hauek erabiltzen, eta tailerrak ere eskaintzen ditut». Sumendiko azokak parada eman dio bere artelanak erakusteko, eta eskertuta dago: «Horrelako erakusleihoak behar ditugu».

Ondoko mahaian dago Dorleta Pumar. Pinturarekin eta hariarekin atontzen ditu oihalezko poltsak, egutegiak eta orriak. Oihal bat josten ari den bitartean azaldu du nondik datorkion zaletasuna: «Amamak josten erakutsi zidanetik egiten ditut eskulanak, baina orain arte Instagram bidez bakarrik saldu izan ditut». Lagunek animatu zuten Sumendi espazioko azokan saltokia jartzera. Lehen urtea du bertan, eta ezinbestekotzat jo du horrelako guneak izatea, artista gazteak ezagutzera emateko aukera «ezin hobea» delako: «Artelanak egiten ditugunon egoera ez da samurra, eta pandemiarekin are zailagoa da. Horrelako ekinbideak sustatzea oso garrantzitsua da guretzat, eta, gainera, alaitasuna eta bizitasuna ematen dio auzoari».

Gertukoa, auzokoa

Azken hiru urteotan arrakasta handiz egin izan da artisten azoka Sumendin, eta kontzertuak eta tailerrak ere antolatu izan dituzte egun osoan. Aurten, baina, azoka baino ezin izan dute egin, pandemiagatik. Hala ere, pozik daude gune autogestionatuko kideak. Igor Serna Sumendiko kidea da, eta Judimendi auzoko eragile ezberdinen materiala salgai dauka bere postuan. Bestelako kontsumo eredu baten alde mintzatu da: «Guk modu bat eskaini nahi diegu auzoko artistei euren produktuak kaleratzeko. Denda handietan erosi beharrean, beste kontsumo mota bat sustatu nahi dugu:gertukoa, auzokoa».

Gero eta jende gehiago ikusten da azokan, eta artistak hasi dira lehen artelanak saltzen. Kalean elurra mara-mara ari duen bitartean, barruan epela da giroa. Mara Verde eta Jesus San Martinsalmenta postu guztiak ari dira bisitatzen. «Ez gara auzokoak, baina lagun batzuen bitartez izan dugu azokaren berri; etorri gara, eta asko gustatzen ari zaigu», azaldu du Verdek. Gazteen sormenari bultzada emateko modu «aparta» dela nabarmendu du San Martinek. «Kalea polita dago orain, zuri-zuria, baina hemen barruan askoz ederragoa da giroa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.