Ibrahime Diassy. Errefuxiatua

«Berdin dit nora joan, Ginean baino hobeki gaude; ez dago mehatxurik»

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Azpeitia
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Ibrahime Diassy (Dalaba, Ginea, 1998) mehatxatua zegoen, eta horregatik erabaki zuen jaioterritik ihes egitea. Ehizan zebilela, aitak haren laguna hil zuen istripuz. Biktimaren familiak hiltzailearen aurka egiteko asmoa zuen, baina, Poliziak espetxeratu zuenez, mehatxua Diassyren familiako kide guztiei zabaldu zieten. Herrian ibiltzea arriskutsua zen eurentzat, eta, hainbat gorabeheraren ondoren, herrialdea uztea erabaki zuen. «Erabaki zaila izan zen, aita kartzelan baitzegoen, eta ez genuen bakarrik utzi nahi». Baina espetxean zegoela gaixotu eta hil egin zen Diassyren aita, eta heriotza mehatxua inoiz baino presenteago zuen.

Mali eta Aljeria zeharkatu ondoren iritsi zen Marokora, eta bertan urtebete egon zen esperoan. «Anaia zaharrago bat neukan han, eta, hari esker, errazagoa izan zen han egotea; baina gogorra izan zen». Itsasoa zeharkatu zuen patera batean, eta Almeriara jo zuen, beste askok egin bezala. Baratzeetan aritu zen beharrean, baina baldintza eskasetan, eta Frantziarako bidea hartu zuen. Madrildik Irunera iritsi zen, eta han Azpeitira joateko eskaintza jaso zuen. «Niri berdin dit nora joan, Azkoitira, Bilbora, edo edonora; edozein dela lekua, Ginean baino hobeki gaude; lasaitasuna daukagu hemen, ez daukagu inolako mehatxurik». Gustura dago Sakona baserrian, baina gogora ekarri du berak bertan ez daukala ezer: «Familia bat osatu dugu hemen, eta pozik nago, baina nire familia ez dago hemen, eta hori gogorra da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.