ALAVES 0 MALLORCA 1

Beste gaiztakeria bat egin dio

Niñoren gol batek esku hutsik utzi du Alaves sasoiko bigarren partidan. Arabarrek hutsak egin dituzte defentsan, eta Mallorcak ez die barkatu. Hamar jokalarirekin finitu dute lehia

John Guidetti, burumakur, Mallorcak gola sartu ondoren. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Fer Niñoren jokalekua da Mendizorrotza. Mallorcako aurrelariak bertan egin zuen debuta Lehen Mailako jokalari gisa, orain dela bi urte, Vila-realekin, eta neurketa erabaki zuen gola sartu. Bada, beste horrenbeste egin zuen atzo, Mallorcarekin fitxatu berritan. Haren gaiztakeriak punturik gabe utzi zuen Alaves ligako bigarren norgehiagokan. Arabarrek Real Madrilen aurka galduz abiatu zuten sasoia, baina atzoko porrota askoz ere mingarriagoa da, aurkari zuzen baten kontra egin zutelako kale. Itxura hauskorra eman zuten berriz ere defentsan, eta erasoan ez zituzten aukerak behar bezala baliatu.

Garbienak, lehen zatian izan zituzten. Partida parekatua izan zen oro har, erritmo gutxikoa, baina etxekoek hasieratik sortu zuten arriskua. Ez jokaldi landuen bitartez, aurkariari baloia goian lapurtuta baizik. Eta betiere, hegalak baliatuz; ezkerrekoa batik bat, Riojarekin. Lehia abiatu berritan, haren erdiraketa bat sareratzear izan zen Pons; haatik, burukada erdi-erdira joan zitzaion. Apur bat gurutzatu izan balu, ia ziurra zatekeen gola. 18. minutuan, berriz, Manu Garciak ipini zuen baloia area barruan, eta bigarren zutoinean bakarrik agertu zen Ximo Navarro. Ezin izan zuen behar bezala errematatu, ordea. Bost minutu geroago, Edgar bakarrik gelditu zen Reinaren aurrean, baina ezin izan zuen atezain beteranoa gainditu.

Aparteko ezer egin gabe, Alaves merituak ari zen pilatzen markagailuan aurrea hartzeko. Mallorca gehiago ahalegindu zen lerro artean jokoa ehuntzen, Ruiz de Galarreta eta Kuboren bitartez. Alta, kanpokoen jokoa ez zen batere emankorra izan, eta soilik Mboularen barneraldi batekin artegatu zuten Pacheco. Gehiegi ere ez zen urduritu gasteiztarren atezaina, gailendu egin baitzen buruz burukoan.

Atsedenak on egin zion Mallorcari, eta ez hainbeste Alavesi. Callejarenak sufritzen hasi ziren atzean, eta susto galanta izan zuten 58. minutuan, Abdon Pratsek buruz erremate ahaltsua egin zuenean. Baloiak langan jo zuen lehenik, zutoinean gero, baina ez zen sartu. Hasperen egin zuten Mendizorrotzan bildu ziren ia 3.000 lagunek. Callejak, berriz, aulkia mugitzeari ekin zion aguro. Guidetti sartzea izan zen lehen apustua, 4-4-2 marrazki klasikoa ezarriz. Suediarrak txartel hori bat behartu zuen zelairatu berritan.

Txartel hori bat ez, bi erakutsi zizkioten Duarteri. 66. minutuan atera zioten bigarrena, sarrera itsusi baten ondorioz. Hala, azken 25 minutuetan jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan zuen Arabako taldeak. Hasiera batean Riojak bete zuen ezker hegaleko zuloa, baina azkenean Javi Lopez sartu zen zelaian, Joseluren ordez. Atzelari bat aurrelari baten ordez. Callejak ez zuen beste erremediorik.

Sevillaren pase zitala

Alavesek ez zion uko egin aurkako area zapaltzeari, eta penaltia eskatu zuen Joseluk eginiko erremate baten ostean. Battagliaren eskua eskatzen zuten. Epaileak ez zuen halakorik ikusi. Errepikapenak haren erabakia onetsi zuen. Ikusmena, Salva Sevillak Mallorcaren goleko jokaldian izan zuena. Erdilaria ere bigarren zatian zelairatu zen, Fer Niño bezala, eta bien arteko konexioak suntsitu egin zuen arabarren atzeko lerroa. Sevillak pase luze bezain zehatza bidali zion Niñori, Lejeune gaindituaz, eta aurrelariak ez zuen barkatu. Errematea ez zen batere ortodoxoa izan, baina gol guztiek berdin balio dute. Alavesek bakar bat ere ez zuen sartu, eta esku hutsik gelditu zen berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.