Arrauna. San Miguel ligako taldeak: San Pedro

Mamuak uxatu nahian

Eraberritua dator San Pedro, inoiz baino etxeko arraunlari gehiagorekin, eta helburu bakarra dauka: San Miguel ligan jarraitzea. Neguan, oso emaitza onak lortu zituen

Ioritz Orbegozo, arraun txikia sartuta, iaz, Kontxako Banderako sailkatze estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Azken urteetan San Pedro antzera dabil udazkenetan. Lanak izaten ari da taldea osatzen edo eraberritzen. Baina gero, udan, San Miguel ligan, oso ondo aritzen da. Azken udazkena ez da izan salbuespena, eta zazpi arraunlari garrantzitsuren zuloa bete behar izan zuen. Besteetan ez bezala, etxe barrura begiratu zuen, eta bigarren ontzitik hartu ditu zazpi horien ordezko gehienak.

Aldaketa horrek aurtengo traineru ahulen artean jartzera eraman zuen arraun munduko jarduna eta solasa. Are gehiago, entrenatzailea ere berria izanda: Mikel Arostegi. Klubaren barrutik ere oso mezu alaiak ez ziren atera. Baina, hara non, neguko bi estropadatan izan zen San Pedro, eta sekulako emaitzak lortu zituen. «Ez dabil, bada, hain gaizki», hasi zen zabaltzen arraun munduan.

Zertan dabiltzan jakiteko onena entrenatzaileari berari galdetzea, eta Arostegik ondorengoa erantzun dio BERRIAri [arraunlari ere bada]: «Gustura ari gara entrenatzen, eta gogotsu gaude lehiaketan hasteko. Urduri ere bai, lehenbailehen jakin nahi dugulako besteekin alderatuta non gauden». Izan ere, neguaz geroztik, Libia ez da azaldu lehian. Ez dago eragile berezirik: «Garai honetan izaten dira estropadak, baina nahiago izan dut arraunlariak asteburu hauetan lasai ibiltzea, udan nahiko bidaia eta joan-etorri izaten delako».

Sevillan (Espainia) hasiko da San Miguel liga, igandean, eta Arostegik oso garbi dauka zein den helburua: «Mailari eutsi nahi diogu, atzean bi talde utzita. Gero, behin hori lortu eta gero, ahalik eta gehiena gozatu nahi dugu». Aurkariez galdetuta, ezer garbirik ezin izan du esan: «Ematen du halako eta besteko goian eta behean ibiliko direla, baina lehiatzen hasi arte ezin izaten da jakin. Estropadek esango digute bakoitza non gabiltzan».

Pronostiko bat ematen, hala ere, ausartu da: «Hondarribia ikusten dut oso faborito ligan. Iazko maila bera emango du». Bere taldeari buruz berriz ere hizketan segituta, neguko estropada on haietan sekulako konfiantza hartu zutela esan du: «Gure lana egitera joan ginen, eta, bukatu ondoren sailkapena ikusi genuenean, hain atzean ez geundela konturatu ginen, gu ere hor gaudela».

«Dagoenarekin, aurrera»

B taldeko arraunlariek aldatu egin diote itxura Libia-ri, eta Arostegi oso pozik dago eurekin: «Sekulako gogoarekin daude, eta hori antzeman egin da taldean». Saiatu zen udazkenean garai bateko arraunlariak erakartzen, baina ezin: «Arraunera itzultzea ez da erraza, denbora asko kentzen duelako, eta dagoenarekin moldatu behar izan dugu. Baina oso pozik gaude».

Mailari eusteko datu jakingarria izaten da jaisteko borrokan dena aurrenekotik zenbatera ibil daitekeen: «Ez dakit zenbatera ibili beharko dugun, baina badakit bizi ibili beharko dela», bukatu du Arostegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.