Sanantolinak Lekeition. Antzara Eguna

Txalupa gehiago antzararen bila

Gaur, 95 txalupak hartuko dute parte Lekeitioko Antzara Egunean. Horietatik 62k antzara mekanikoa hautatu dute. 16:00etan hasiko da Antzara Jokoa portuan

95 txalupak parte hartuko dute aurten Antzara Jokoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Nagore Arin.
2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Ekitaldi garrantzitsua da lekeitiarrentzat, eta gero eta erakargarriagoa inguruko herritarrentzat. Igo egin da Antzara Eguna bertatik bertara ikustera biltzen diren ikusleen kopurua. Jardunaldiak ikusmira piztu ohi du, batez ere arratsaldean ospatu ohi den Antzara Jokoak: 16:00etan hasiko da, Lekeitioko portuan.

Egun berezia izan ohi da lekeitiarrentzat: Javier Olaortua Antzara Komisioko kidearen esanetan, «urteko egunik onena» da herritarrentzat. Horregatik, hilabeteak daramatzate eguna prestatzen, guztia lotzen eta neurriak hartzen ezer txarto irten ez dadin. «Urte osoan zehar biltzen gara, baita neguan ere», adierazi du. Zazpi urte daramatza komisio horretan lanean, eta gertutik bizi du Antzara Jokoa.

Arraunak uretan sartu eta txalupaz joango dira parte hartzaileak itsasora, kuadrillarekin batera. Goian, portua alderik alde zeharkatuko duen soka luze bat ipiniko dute antolatzaileek; eta, erdian, antzara. Azken urteetan bezala, jasotzaileek antzara hila edo polimerozkoa hautatu ahal izango dute. Hala, izan egiazkoa edo artifiziala, jasoaldi gehien egitea eta antzararen lepoa eskuratzea izango da jokoaren xedea.

Ezustekorik ez

Azken urteetako joeren antzera, igo egin da polimeroz eginiko antzara hautatu duten lagun taldeen kopurua. Olaortuaren esanetan, esanguratsua da bilakaera hori; izan ere, 2014. urtean eman zitzaien parte hartzaileei polimerozko antzara hautatzeko aukera, eta urtetik urtera nabarmena izan da igoera. Aurten ere gehiengoa izango dira: 95 txalupetatik 62k hautatu dute antzara mekanikoa. Olaortuaren arabera, «animaliekiko sentsibilizazioa» eta «antzararen kalitatea» daude hautu horren atzean; izan ere, polimerozko antzarek jasoaldi gehiago egiteko aukera ematen dute, eta hori oso garrantzitsua da parte hartzaileentzat.

Gainerako datuek ere antzeko bilakaera izan dute. Parte hartzaileen kopurua igo egin da, eta emakume jasotzaileen kopurua, berriz, jaitsi: 24 izango dira aurten;iaz, 28 izan ziren. Gizonezkoak, berriz, 71 izango dira. Guztira 95 txalupek hartuko dute parte, iaz baino bost txalupa gehiagok.

«Txiki geratu da portua»

Gero eta txalupa gehiago izanik, aurtengoan portuaren eremua mugatu behar izan dutela kontatu du Olaortuak: «Gehiago mugatu behar izan dugu txalupen eremua; izan ere, urtetik urtera txalupa motordun gehiago daude portuan, eta alde batean zokoratu behar dira». Horri erantsi behar zaio, gainera, gero eta txalupa gehiagok parte hartzen dutelaAntzara Jokoan, eta igoera hori nabaria da eremuaren kudeaketan. Olaortuaren arabera, «txiki geratu da portua».

Portuaren kudeaketa ez ezik, segurtasuna ere garrantzitsua da. Jaia ospatzen duten parte hartzaile eta ikusle guztien segurtasuna bermatzeko, baina, ezinbestekoa da aurretiaz segurtasun plan bat ezartzea. «Gainerako urteetan bezala, beharrezko neurri guztiak hartu ditugu: anbulantziak, urpekariak, helikopteroak...», dio Olaortuak; izan ere, ezinbesteko neurriak dira horiek, nahiz eta inoiz ez den ezbeharrik izan.

Kudeaketa horien adibide dira portuan ezarriko dituzten bi baliza. Nahaspila saiheste aldera ipiniko dituzte: bat irteteko, eta bestea, itxaroteko. Irteerako baliza horretan antzararen bila joango den txalupa jarriko da, eta itxaroteko balizan, berriz, antzararen bila joango den hurrengo txalupa. Gainera, denbora jakin bat egongo da irteera balizatik antzara dagoen tokiraino joateko: minutu bat eta erdi.

Joko askotan bezala, parte hartzaileek saria irabazteko aukera izango dute. Hiru sari banatuko dituzte: lehena, bigarrena, eta dotoretasunaren saria. Lehenengo saria jasoaldi gehien egiten duenari eta antzararen lepoa lortu duenari emango zaio. Bigarrena, antzarari burua kendu ez, baina jasoaldi gehien egin dituenari.

Hala, Antzara Egunaren ardatza izango da Antzara Jokoa, jarduerarik ezagunena eta jendetsuena; haatik, jaiak jarraituko du joko hori amaitzean ere. Kontuak kontu, lekeitiarrak arrantzale kolorez jantziko dira gaur: urdin kolorez jantziko dira Lekeitioko kaleak eta txokoak. Egun berezia izango da; lekeitiar askorentzat, kutunetan kutunena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.