Bartzelona 1-0 Reala

Esku hutsik, baina gutxigatik

Reala parez pare lehiatu da Bartzelonarekin Camp Noun, eta epaileak VARaren bidez adierazitako penalti zorrotz baten ondorioz galdu du. Ordezkoek maila ona eman dute

Leo Messi Bartzelonakoa eta Ander Gebara Realekoa, lehian, atzoko norgehiagokan. QUIQUE GARCIA / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Messik, penaltiz (81.min).Epailea. Martinez Munuera. Txartel horiak: Bartzelonako Lengleti, Messiri eta Piqueri; eta Realeko Merinori, Gebarari eta Oiartzabali.Bestelakoak. 77.035 ikusle Camp Noun.

Reala esku hutsik gelditu zen atzo Bartzelonaren zelaian. Camp Nou plaza madarikatua da donostiarrentzat, 1995az geroztik ez baitute puntu bat bera ere urratu. Zernahi ere, atzo modurik duinenean galdu zuten. Aurrez aurre begiratu zioten Bartzelonari, lotsarik gabe, eta oso gutxigatik ez zuten saria lortu. Espainiako Kopako euforiak bultzatuta, Imanol Alguacilen taldeak ohiko joko bizi eta ikusgarria egin zuen. Baloia bere egin zuen askotan, halakorik egitea ia ezinezkoa den zelai batean. Jabetza galtzea bekatua da Bartzelonarentzat, areago aulkian Quique Setien denetik, baina atzo goi mailako aurkaria izan zuen aurrean. Azkenean, soilik VARak ikusi zuen penalti batek apurtu zuen oreka. Zigor handiegia izan zen txuri-urdinentzat.

Imanolek benetako talde bat eraiki du, eta atzoko neurketa horren erakusgarri da. Atseden eman zien Anduvan hasieratik jardun zuten jokalarietako zenbaiti, baina aldaketek ez zioten kalte egin taldearen mailari; ezta hurrik eman ere. Oso lehia txukuna osatu zuten, besteak beste, Barrenetxeak, Gorosabelek, Gebarak eta Portuk. Ordezkoen artean, soilik Llorentek izan zituen zailtasunak. Ulergarria da, atzelariak ia bi hilabete baitzeramatzan zelaietatik at. Lanak eman zizkion Braithwaitek, baina, bestelakoan, gipuzkoarrak tinko izan ziren defentsan. Iritsi zitzaizkien etxekoak ate ingurura, baina jo hutsez. Oso lehia deserosoa izan zen Messi, Griezmann eta enparauentzat,

Realak hasieratik izerdiarazi zuen Bartzelona. Goian estutu zuen, lerroak aurrean paratuta, eta ez zion jarraitutasunik izaten utzi. Ausart jokatu zuten donostiarrek baloia izateko lehian, eta baloia beti azpitik mugitzen saiatu ziren. Zenbaitetan, Bartzelonaren antz handiagoa izan zuten Bartzelonak berak baino. Fin aritu ziren erdilariak, eta zorrotz hegalekoak. Gauza bakarra falta izan zitzaien Imanolenei: azken metroetan asmatzea. Sarritan iritsi ziren aurkariaren area ingurura, baina gol aukerak ez ziren horren usuak izan. Lehen zatiko garbiena, Portuk Ter Stegenen aurrean gutxigatik harrapatu ez zuen baloi bat izan zen. Gertuago izan zuten gola kataluniarrek, Messi eta Braithwaiteren eskutik.

Atsedenetik bueltan, Realak jokaldi landu eta luzeak egin zituen. Desitxuratu egin zuen Bartzelona. Haatik, Messi edukitzea abantaila handia da. Argentinarrak bi aukera garbi izan zituen; Bartzelonaren txanda zen, eta gogor oldartu zen lehia azken ordu erdian sartu ondotik. Oso tarte gutxian 1-0ekoa egiteko zorian egon ziren Rakitic, bi aldiz, eta Pique. Realaren minuturik txarrenak izan ziren. Ez zuten luze iraun, dena den, eta neurketa ireki egin zen berriro.

Messik ez du barkatu

Patrikan puntu baliotsua izan arren, Realak garaipena nahi zuen. Gertu izan zuen gola, Isaken eta Odegaarden arteko bat-biko batean. Suediarrak jaurtiketa desbideratu batekin amaitu zuen jokaldia, norvegiarra penalti puntuan bakarrik zela. Hortik gutxira, bertan ipini zuen baloia Messik, epaileak Le Normanden eskua adierazi baitzuen area barruan. Ez zuen zuzenean ikusi, VARaren laguntzaz baizik. Erabaki zorrotza izan zen. Gainera, jokaldiaren hastapenean jokoz kanpo egon zitekeen Vidal. Messik ez zuen hutsik egin, eta Bartzelonan gelditu ziren puntuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.