Espanyol 2-1 Alaves

Lozorroan jarraitzen du

Alavesek laugarren partida kateatu du irabazi gabe, Espanyolen zelaian. Soilik azken ordu erdian aritu da ondo, 2-1ekoa egin ostean, eta argitasuna falta izan zaio lehia berdintzeko

Adria Pedrosa Espanyoleko jokalaria, Fernando Pacheco gaindituz eta partidako lehen gola sartuz, atzo, Cornella-Praten. TONI ALBIR / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Pedrosak (19. min). 2-0: Laguardiak, bere atean (47. min). 2-1: Callerik (56. min). Epailea. Iglesias Villanueva. Txartel horiak: Espanyoleko Naldo, Darder eta Marc Rocari; eta Alaveseko Duarte eta Laguardiari. Bestelakoak. 18.143 ikusle Cornella-Praten.

Iratzartzeko tenorea zuen atzo Alavesek, Europako postuen borrokan tinko segitu nahi bazuen. Azken hiru neurketetan puntu bakarra batu ostean, ihes egiten hasia zen trena, eta Espanyolen zelaian, goiko bagoira itzultzeko abagunea zuen Arabako taldeak. Bada, kinadak ez zuen arraposturik izan, ordubetez oso itxura eskasa eman, eta esku hutsik gelditu baitziren gasteiztarrak. Etxeko taldeak ez zuen partida ikaragarririk jokatu, baina aski izan zuen talentu apur bat erakustea hiru puntuak etxean geratzeko. Alde nagusia sormen gaitasunean egon zen, Alavesek sekulako zailtasunak izan baitzituen jokoa ehuntzeko. Lehen, talde lan nekaezinarekin orekatzen zuen gabezia hori, baina orain, erregaia agortzen hasi zaio.

Horretaz landa, Abelardoren azkenaldiko planteamenduak ez dio mesede handirik egiten. Atzo ere, Calleri eta Baston zelairatu zituen, erreferentziazko bi aurrelari, alegia. Hala, ez zegoen zelai erdiaren eta aurreko lerroaren artean lotura lana egiteko gai zen inor. Gainera, Pina zigortuta zegoen, beraz, joko sortzailerik gabe jardun zuen Gasteizko taldeak. Brasanac eta Manu Garcia aritu ziren zelai-erdian, jite defentsiboko bi erdilari. Espanyolek, berriz, Roca, Darder eta Melendo zituen jokoa antolatu, eta aurrelariei taxuzko baloiak bidaltzeko. Hori horrela, etxekoek ia une oro izan zuten ekimena, eta erraztasun handiz iritsi ziren Pachecoren atera. Arabarrek, berriz, beren zelaitik ateratzen lanak izan zituzten.

Neurketak ordubetez izan zuen gidoi hori, eta zelaiko joera markagailuan islatu zen: 2-0 aurreratu zen Espanyol. Lehen gola 18. minutuan jaso zuen Alavesek. Adria Pedrosa ziztu bizian sartu zen hegaletik, Melendoren pase dotore bat jaso ostean, eta ez zuen zalantzarik egin Pachecoren aurrean. Aurreneko kolpea jasota, apur bat suspertu zen Abelardoren taldea, hegalak aktibatu eta hainbat erdiraketa eginda. Haatik, susperraldia ez zen izan Kataluniako taldea artegatzeko adinakoa. Partida lasaitasun osoz ari zen kudeatzen Rubiren taldea, eta beste martxa bat sartu zuen atsedenetik bueltan. Darderrek abisua bidali zuen lehenik, eta hurrena 2-0ekoa iritsi zen (47. min). Laguardiak bere atean sartu zuen baloia, Iglesiasen erdiraketa urruntzen saiatzean.

Aldaketekin, hobera

Bederen, arabarrek itxura hobea eman zuten azken ordu erdian. Ez ziren guztiz iratzarri, baina imintzioa egin zuten behintzat. Pizgarria, 56. minutuan Callerik eginiko gola izan zen. Aurrelari argentinarrak area barruan jaso zuen Jonyk bidalitako baloia, eta sareetara bidali zuen buelta erdia maisuki eman eta gero. Hortik aurrera, behin eta berriz saiatu zen Alaves berdinketaren gola egiten. Rolan, Twumasi eta Wakaso zelairatu zituen Abelardok, eta taldeak eskertu zuen. Hori bai, temati eta gogotsu jardun arren, argitasuna falta izan zitzaion azken metroetan. Jonyren erdiraketa etengabeak izan ziren gasteiztarren argudio bakarra. Horietako batean, Rolan txilenaz gol ikusgarria egitear izan zen, baina errematea kanpora joan zitzaion.

Epaileak zazpi minutu gehitu zituen, besteak beste, Calleriren gola bideo epaile laguntzailearen bidez aztertu zutelako. Arabako taldeak jokalari guztiekin jo zuen erasora, baina alferrikakoa izan zen ahalegina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.