Besta eta borroka ezkondu zituzten urteak

Baionako besten denboran, Euskal Herriko egoera politikoak lekua izan du. Historia luzea dute herriko bestek; eta, hamarkadetan, jokaleku politiko ere izan dira.

Patxoki aitzineko euskal presoen aldeko bazkaria, artxiboan. BERRIA.
Baiona
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Aurreikus zitekeen bezala, Baionako kaleak lasai egon dira bestak ezeztatuak izan direlako. Bat baino gehiagotan, historia politikoak Baionako bestak gurutzatu zituen. Nazioartean zer gertatu, bestetan ere beste horrenbeste. Baionako bestak 1932. urtean sortu ziren; baina gaurko forma, 1980ko hamarkadan hartu zuten. Geroztik txuri eta gorriz jantzita, mundu osotik etorritako bestazaleen topagune bilakatu da.

Azken aldiz ezeztatuak izan ziren II. Mundu Gerraren garaian, hor ere krisi orokorraren eraginez. Euskal Herriko testuinguru politikoek ere anitzetan besten bidea gurutzatu zuten. «Besta bai, borroka ere bai» leloa Baionako bestetan hedatu bazen ere, bien arteko muga anitzetan nahasi zen. Urteroko hitzorduak denboraren eraldaketak gainditzen dituela badirudi. Iraganari begiratzeak erakusten du azken 40 urteetan besta giro arrunt desberdinak izan direla Lapurdiko hiri nagusiko kaleetan.

1979. urteko udan tentsio giro handia izan zen Ipar Euskal Herrian. Agorrilaren 3an, Batallon Vasco Españolek (BVE) Juan Jose Lopategi Carrasco Pantu errefuxiatua erail zuen Angelun (Lapurdi). Baionako bestak izan arren, poliziak inguruko bide guziak moztu zituen hiltzailearen harrapatzeko, debalde. Ber denboran, Frantziako agintariek Seaskaren alde antolatua zen Bordele (Okzitania) eta Donostiaren arteko futbol partida debekatu zuten. Erabakiaren aurkako manifestaldia liskarra bihurtu zen. Ostatuak hustu ziren, negar gasengatik. «Manifestariak harri, botila, molotov koktel eta habailekin bost orduz, pausarik gabe» aritu ziren kale horietan, biharamuneko Sud-Ouest egunkariaren arabera.

Besta eta okupazioa

1987. urtetik goiti, Patxa plaza okupatu zuen taldeak giro politiko berri bat sortu zuen Baionako bestetan. Egoera politikoak dinamika berriak bultzatu zituen 1980ko hamarkadako azken urteetan. «1987tik goiti, Patxokiren irekitzearen ondotik, presoen aldeko manifestazio bat antolatzen genuen besten asteazken guztiz. GAL garaiaren bukaera zen, eta Frantziako eskuinak gobernua lortu zuen 1986az geroztik. Pasqua Frantziako ministroak estradizioak hasi zituen. Errepresioa eta torturaren aurka, Baiona Errepresioaren Kontra taldea sortu genuen», dio Jano Fourcade, Patxa plazako militante ohiak. Besten giroa baliatzen zuten okupazioen sortzeko: «Sistematikoki Kaiet eraikinaren [Bourgneuf kalean] okupazioa hasten genuen besten abiatze guztiz». Bestalde, Baionan gaindi, besten programazio faltsuak banatzen zituzten gazteek.

1990eko hamarkadatik goiti, abertzale talde zenbaitekin batera, torturaren aurkako eta presoen aldeko ekintzak biderkatu zituzten besta garaietan. Igandeetan —gaur ere irauten dute— presoen aldeko bazkariak sortu zituzten. Bestalde, ohikoa bilakatu zen manifestazio batzuen antolatzea. Horietako bat izan zen 1996. urteko agorrilaren 4koa, Errefuxiatu eta Presoen Sostengu Komiteak antolatu zuena. «Bandera frantsesa erre ondoren Herriko Etxearen plazan, aurpegia tapaturik zuten ezezagun batzuek molotov koktel bat bota zuten BBV bankuaren aurka, eta ondoko bankuaren beira hautsi zuten. Ondotik manifestarien eta polizien arteko istiluak hasi ziren laster, eta Baiona Ttipira lekutu», zioen biharamuneko Euskaldunon Egunkaria-k.

Baiona Ttipiko liskarrak

2008ko agorrilaren 3tik 4rako gauean izan zen Baionako besten azken liskar handia. Tonneliers karrikako Xilko ostatu abertzalearen parean hasi ziren tentsioak, Frantziako Poliziaren erranetan ostatuak ez baitzuen aski goiz hetsi, eta bestazaleek zibilez jantzitako poliziei eraso baitzieten. CRS Frantziako polizia konpainiek Patxatik San Andres plazara pusatu zituzten bestazaleak, negar- gasak eta gomazko pilotak baliatuz: hainbat jende zauritu zituzten. Hainbat elkarte eta kolektibok prentsaurrekoa egin zuten poliziaren bertsioari kontra egiteko.

Ibai Agirrebarrena zauritu zuten gau hartan. «Azken eguna zen. Ikusi nituen ezkerrean txakurrak erredolekin, eta parean bazen jendea tragoak bukatzen Xilkon. Liskarrak hasi ziren hor. Botilekin hasi zen jendea txakurrei erantzuten». Xilko hetsi ondotik gertakaria osoki ikusi zuen: «Pontrique karrikako bidea hetsia zuten. Ez zuten nehor uzten pasatzen. Jende pila bat bazen. Barrikada bat bazen egina Patxa plazan, sutan. Bazen jendea kaputxaturik txakurren kontra aurre egiten». Han zauritu zuten Agirrebarrena, «ke pote tiro zuzenekin». Barrikada gainditu ondotik San Andres plazara igorri zituzten manifestariak. «Nonahitik heldu ziren pertsonak botilen eta botatzekoen bila txakurren gainera botatzeko. Erantzun herrikoi bat izan zen».

Geroztik, Baionako bestetako giroa baretu bada ere, borroka politikoa ez da desagertu. Azken hamarkadan, Baionako gazte asanbladak besta alternatiboak sortu eta garatu egin ditu. Badu bost urte txosnak plantan ezarri dituztela Patxa plazan. Bertan, igandeko presoen aldeko bazkariek irauten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.