Koronabirusa

Aurtengo sanferminak ere bertan behera utzi ditu Maiak, «gogoz kontra»

«Kultur egitarau handi bat» prestatu nahi du udalak, festen aurrekontua erabilita. Sanprudentzioak ez ospatzeko deia egin dute Gasteizen ere

Iruñeko Udaletxe plaza, ia hutsik, iazko uztailaren 6an. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Men egin du, azkenik. Iruñeko alkate Enrique Maiak ezin izan du auzia gehiago atzeratu, eta bertan behera utzi ditu 2021eko sanferminak. Bigarren urtez jarraian, txupinazorik ez da izanen uztailaren 6an. Egoera epidemiologikoak hala agintzen duela ziurtatu du alkateak, iragan astean Osasun kontseilari Santos Indurainekin bilera egin ostean. Ordura arte, baina, kontrakoa aldarrikatu zuen behin baino gehiagotan; alegia, erabakia «hartu gabe» zegoela oraindik, «izurriari buruzko datu zehatzak» falta zirela, eta, hortaz, zirrikituren bat egon zitekeela «ekitaldi batzuei eusteko».

Atzo, baina, errealitatea gailendu zen: Maiak galdutzat jo zituen aurtengo festak, eta aitortu behar izan zuen «zentzurik ez» duela jai egitarauari eusteak: «Deiadar efektua eragozteko lanean ari gara, Osasun Departamentuarekin hitzartutakoaren arabera, eta, hortaz, ez luke logikarik izanen ekitaldi jendetsuak antolatzeak».

Alkateak gaineratu zuen «gogoz kontra» hartutako erabakia izan zela: «Oso gogorra da bi urtez sanferminik ez ospatzea; inoiz ez nuen pentsatuko hau gerta zitekeenik. Hau esanez trago txarra pasatzen ari naiz».

Maiak gaineratu zuen sanferminetako aurrekontua erabiliko dutela «kultur eta aisialdi programa handi bat» antolatzeko. Ekainetik irailera bitartean, kirol, aisialdi eta kultur ekitaldiak antolatuko ditu Iruñeko Udalak, «jendeak hala eskatzen digulako, eta, batez ere, kulturaren sektoreak ere beharra duelako».

Maiaren agerraldia kritikatu dute EH Bildu eta Geroa Bai udal taldeek. EH Bilduk esan du erabakia «alde bakarrekoa eta pertsonalista» izan zela, eta ez dagoela argi «iazko hanka sartzeak errepikatuko ote dituen». Geroa Baik ere «protagonismo nahia» egotzi dio Maiari, eta txarretsi egin du auzia Sanferminetako Mahaian planteatu ez izana.

Sanprudentziorik ere ez

Gasteizen, bihar da San Prudentzio eguna. Gauzak ohiko moduan baleude, ehunka lagun bilduko lirateke Armentiako zelaietan jaiak ospatzeko, baina aurten halakorik ez egiteko eskatu du udalak, iaz bezala. Udalak espresuki eskatu die herritarrei Armentiara ez joateko. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kontrolak jarriko dituzte, edukiera kontrolatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.