Bilboko Aste Nagusia

Euskaraldi aurreko Euskaraldia

11 egunez euskaraz bizitzeko saialdi kolektiboa egiteko hiru hilabete falta direla, Biziprest eguna ospatu dute Bilboko Aste Nagusian. Euskara gutxi erabiltzen da hirian, eta jai eremuan «uharte txiki bat» sortzea izan da asmoa. Euskaraldirako motorrak berotzeko ekinaldia izan da.

Bilboko Konpartsetako kideak, Zorion Egileor pregoilaria, Saioa Dominguez txupinera, Juan Mari Aburto alkatea, eta udaleko hainbat ordezkari, Biziprest eguneko ekitaldi nagusian. JUNE PRIETO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Jaiak ere, euskaraz eginda alaiagoak dira; gure hizkuntza bera bezala». Mezu zuzen eta positibo horrekin Zorion Egileor pregoilariak jai egunetan ere euskaraz aritzeko gonbidapena egin zuen atzo goizean. Minutu batzuk lehenago, Biziprest eguneko argazki jendetsuan parte hartu zuen, konpartsakide, Saioa Dominguez txupinera, Juan Mari Aburto alkatea eta gainerako udal ordezkariekin batera. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte egingo da Euskaraldia, eta, horri babesa ematearekin batera, ekinaldia hiru hilabete aurreratu zuten Biziprest egunarekin. «Gaur [atzo] Aste Nagusian euskaraz bizitzeko aukera zabalagoa da; euskaraz bizitzeko eskubidea betetzeko bidean urrats bat egin dugu», adierazi zuen Dominguez txupinerak, Biziprest eguneko agiria irakurri zuenean.

Euskararen presentzia areagotu egin zen horrela Bilboko jai eremu ezberdinetan. Jai Batzorde Mistoak euskarazko ekitaldien presentzia indartu egin zuen egitarauan, konpartsen ekitaldi denak euskaraz izan ziren, eta txosnetan txandak egiten ari zirenei euskaraz aritzeko jarrera eduki zezatela eskatu zieten konpartsakideek. Iñaki Etxarri Bilboko Euskaraldiko dinamizatzailea da, eta atzoko egunaren helburua zein zen azaldu zuen: «Ekimen honekin Bilbon euskara presente egotea da nahia, eta lanketa bat egitea Aste Nagusian zehar; jakin badakigulako euskararen erabilera baxua dela Bilbon, eta jaietan uharte bat sortzea garrantzitsua da». Eta sortzen dela uste du, gainera: «Ikusi besterik ez dago txosnen dekorazioa, eta nola aldatzen den paisaia linguistikoa aste honetan zehar». Eta egia da hori, txosnetako kartel eta mezu ia denak, esaterako, euskarazkoak izan ohi direlako.

Biziprest eguna Euskaraldia iritsi aurretik egindako saiakera bat izan zen. Esperimentuaren aurreko esperimentua, hain zuzen. «Euskaraldia beste dinamika linguistiko batzuk sortzeko saialdibat izango da, eta hortik ikusiko dugu zein fruitu aterako den; kasu honetan, Biziprest eguna Aste Nagusian euskararen aldeko lanketa transbertsal bat sortzeko aukera bat izan daiteke, Euskaralditik harago joanda». Atzo Bilboko sektore ugarik bat egin zuten Biziprest egunarekin, eta horrek lagunduko duela uste du Etxarrik.

Bilboko Udalaren parte hartzeaz harago, konpartsa denek ere bat egin zuten ekinaldiarekin, eta horrek mugimendu ugariren babesa bermatzen du. «Bilboko Konpartsek, Bilboko mugimendu bat den heinean, adierazpide ezberdinak dauzka euskararen ikuspegitik; bakoitzak bere errealitatea dauka, eta euskararekin konpromiso maila ezberdinak dauzkate; horregatik garrantzitsua da Euskaraldiaren ekarpena onartzea eta konpartsa bakoitzean gutxieneko lanketa bat egitea». Horregatik, ikuspegi ezberdinak dauzkaten eragileek euskararen aldeko urratsa egitea «bere horretan garrantzitsua» dela azaldu zuen Etxarrik.

Osteguna, euskara eguna

Aste Nagusian presentzia berezia izan zuen atzo euskarak, baina urtero izaten dute Bilboko jaiek halako egun bat. Orain arte, Hau Pittu Hau konpartsak antolatu izan du Euskaraz Bizi eguna, eta,aurten, Euskaraldiarekin egitasmo zabalagoa egin dute. Egun horretan, bazkaria izan ohi da ekitaldi nagusia, eta atzokoan ere horrela izan zen. Izan ere, 350 pertsona inguru batu ziren txosnetako Euskalgunean mahaiaren bueltan, Biziprest eguneko bazkarian. «Orain arte gure konpartsaren bazkaria izan ohi zen, baina, aurten, euskara elkarteetako jendea, eta euskalgintzako jendea ere etorri da», esan zuen Ander Huidobro konpartsako kideak.

Hori baino lehen, Hor Dago Abanteren txosnan txapak egite ko tailer bat egin zuten haurrentzat. Txapa hori soinean zeramanak euskaraz dakiela azaltzen zuen, horrek elkarrizketak euskaraz egitera bultzatzeko. «Txapa hori konpromiso bat da, Aste Nagusia euskaraz bizitzeko gune eroso bihurtzen saiatzekoa; hala,euskara ulertzen dutenek aukera izango dute elkar ezagutzeko eta euren elkarrizketetan euskarari lekua egiteko. Batzuetan, euskara-erdarazko berbaldiak suertatuko dira, baina ziur gaude euskara hutsezko elkarrizketak izango direla nagusi», azaldu zuten Euskaraldiko kideek, ohar bidez.

40 urte betetzen ari den Aste Nagusiak bat egin du, beraz, Euskaraldiarekin. Gogora ekarri zuten, hala ere, lehen jai haiek egin baino hilabete batzuk lehenago «euskararen aldeko kanpainarik nagusienetakoa» egin zela. Bai Euskarari dinamika, hain zuzen ere. Urteurren horren berotasunean, azaro eta abendu artean 11 egunez euskaraz bizitzeko deia egin zuten atzo, eta, oraindik hiru hilabete falta badira ere, hurrengo urratsak zein izango diren aurreratu zuten. Herritarrei horietan parte hartzeko deia egin zien. Urriaren 7an, esaterako, ekitaldi handi bat egingo dute, eta, irailaren 20tik aurrera, Euskaraldian izena eman ahal izango da. «Euskara ulertu edo dakiten oro daude horietara gonbidatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.