Osasuna 2-1 Vila-real

Sadarren menderaezina da

Osasunak partida ona eginez irabazi dio Vila-Reali, eta 29. partida daramatza etxean galdu gabe. Roncagliaren eta Chimy Avilaren golek irauli dute norgehiagoka nafarrentzat

Vila-Realeko Ruben Peña eta Osasunako Chimy Avila, atzoko partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Pau Torres (4. min.). 1-1: Roncaglia (46. min).2-1: Chimi Avilak (79. min.). Epailea: Pizarro Gomez. Txartel horiak Osasunako Nacho Vidali eta Oierri eta Vila-realeko Albioli. Bestelakoak. 19.000 ikusle Sadarren

Osasunak geraezin segitzen du etxean. Aspaldi da Sadarretik aurkari bat hiru puntuekin irteten ez dela: 29 partida, hain zuzen. AtzokoanVila-real izan zen Iruñetik esku hutsik joan zena. Bigarren zati handi bat jokatu zuten nafarrek, eta urratsak egiten segitzen dute salbazio lortzeko bidean. Sadarreko zaleen kuttun bihurtu den Chimy Avilak sartu zuen gol erabakigarria, 2-1ekoa, eta maldan gora hasitako partida irauli zuen.

4. minutuan aurretik jarri zen Vila-real. Geldikako jokaldi batean izan zen. Cazorlak falta atera, Gerard Morenok buruz jo, eta Osasunako atezain Rubenek gelditu ona egin zuen. Baina baloia area txikian geratu zen, eta Pau Torresek aurrea hartu zion Aridaneri, eta ia golaren arrastoan 0-1ekoa egin zuen

Osasuna ez dago ohituta etxean atzetik joatera. Kolpea izan zen bisitarien gola. Baina minutuak aurrera joan ahala, Jagoba Arrasateren taldea partidari neurria hartzen joan zen, eta batez ere zelai erditik aurrera bizitasunarekin mugitu zuen baloia. Hegaletatik Roberto Torresek eta Ruben Garciak sakontasuna eman zioten nafarren erasoko jokoari. Baina azken pasean ez zuten asmatu. Lehen zatian Osasunaren aukerarik argienak Roberto Torresentzat eta Chimy Avilarentzat izan ziren. Baina Vila-realeko Sergio Asenjo atezaina ez zuten estu hartu.

Vila-real, berriz, Osasunaren areara gerturatu zenean arriskua sortu zuen, batez ere geldikako jokaldietan. Ekambik gertu izan zuen 38. minutuan 0-2koa, Cazorlaren erdiraketa on bat eta gero. Ruben ez zen ondo irten, eta aurrelariaren errematea gutxitagik joan zen kanpora.

Lehen zatian gertatutakoaren kontrara, Osasuna izan zen aurreko minutuetan gola egin zuena. Estutzen ekin zioten nafarrekjokoari, eta saria jaso zuten. Korner bat atera, eta aldaratzea Roncagliari ailegatu zitzaion. Bitan pentsatu gabe eskuinez jaurti zuen atzelariak, eta baloia atera joan zen. 46. minutuan zen. 53. minutuan gol aukera ona izan zuen Gerard Morenok buruz. Baina gola pizgarri izan zen nafarrentzat. Hortik aurrera joan- etorrikoa izan zen neurketa, eta hor hobeto aritu zen Osasuna. Presioan estu hartu zuen Vila-real. Bigarren zati handia egin zuten gorritxoek, eta horren saria izan zen Chimy Avilaren gola 79. minutuan, Ruben Garciaren erdiraketa baten ostean arean geratu zen baloi bat baliatuz.

Sadarren zoramena piztu zen, eta festa giroa handituz joan zen zaleen artean. Salbazioa gertuago dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.