Reala 3-0 Getafe

Behingoz etxean nagusi

Sasoiko partidarik onena jokatu du Realak Getaferen aurka, eta 3-0 irabazi du. Oiartzabalek, Merinok eta Portuk sartu dituzte txuri-urdinen golak

Realeko jokalariak atzo sartutako goletako bat ospatzen, eta Getafekoak burumakur. JON URBE / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Golak. 1-0. Oiartzabalek (27. min, penaltiz); 2-0. Merinok (79. min.). 3-0. Portuk (81. min.). (. Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak Realeko Gorosabel, Merino eta Silvari, eta Getafeko Damian, Cucho eta Etxeitari.

Anoetan gelditu ziren atzo hiru puntuak, aspaldiko partez. Etxean irabazi gabeko bost partidetako bolada txarrari amaiera eman zion Donostiako taldeak. 3-0 irabazi zuten etxekoek Getaferen aurka. Realak bikain menderatu zuen Jose Bordalasek zuzendutako taldea. Azken partidetako joko ona gol bilakatu zuten txuri-urdinek, eta ez zuten aparteko arazorik izan partida irabazteko. Lehiako azken txanpa ederra izan zen.

Hasieratik partidan nagusi izan zen talde txuri-urdina. Baloiaren jabetza edukitzeaz gain, gola sartzeko aukera dezente izan zituen. Aukera bikoitza izan zuen Mikel Merinok 8. minutuan.Bi aukeretan, baina, ez zuen baloia sarera bidaltzeko modurik izan: lehenengoan, defentsa batek eragotzi zion gola erdilari nafarrari, eta bigarrengoan, Soria atezainak. Taldeko iparrorratza dela erakutsi zuen beste behin.

Lehen zatiaren erdialdean iritsi zen Imanol Algucilen taldearen lehendabiziko gola, 27. minutuan. Porturen erdiraketa eskuarekin ukitu zuen Matias Oliveirak area barruan; Mateu Lahoz epaileak ez zuen zalantzarik egin, eta penaltia adierazi zuen. Mikel Oiartzabalek barrura bota zuen baloia 11 metroetatik. 200. partida zuen atzo kapitainak elastiko txuri-urdinarekin, eta modu ezin hobean ospatu zuen.

Bi gol azken txanpan

Bigarren zatian ere nagusi izan zen Reala. Lehen minutuetan sendo aritu zen defentsa lanetan, Bordalasen taldea gola sartzeko aukerarik gabe utziz. Minutuak aurrera egin ahala, gora egin zuen Getafek; horretarako, Jaime Mata eta Timor zelairatu zituen teknikari espainiarrak.Reala kontraerasoan mina egiten saiatu zen, bisitariek atzean utzitako hutsuneak baliatuz.

Partida amaitzeko hamar minutu falta zirela erabaki zuen lehia Realak. Bi gol sartu zituen bata bestearen atzetik. 79. minutuan, alboko falta batean iritsi zen Donostiako taldearen bigarren gola. Mikel Oiartzabalek penalti puntuan jarri zuen baloia. Bertan, Mikel Merinok baloia bularrarekin jaitsi, eta ez zuen huts egin.Kliska batean, hurrengo jokaldian, hirugarrena egin zuen talde txuri-urdinak. Portuk, Xabi Etxeitak eginiko akatsa baliatu, eta Getaferen atezaina bikain gainditu zuen jaurtiketa loratu batekin. Merezitako garaipen batekin eta konfiantzaz gainezka iritsi dira Imanolenakgeldialdira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.