Bartzelona 5-0 Eibar

Etenik gabeko sufrikarioa

Eibarrek astindua jaso du berriz Camp Noun. Messik lau gol sartu dizkio. Bisitariak duin aritu dira bigarren zatian, baina alferrik

Lionel Messi, laugarren gola sartzear, atzo, Camp Noun. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Messik (14. min). 2-0: Messik (37. min). 3-0: Messik (39. min). 4-0: Messik (87. min). 5-0: Arthurrek (89. min)Epailea. Soto Grado. Txartel horiak:Eibarreko Escalanteri eta Diopi. Bestelakoak. 66.970 ikusle Camp Noun.

Eibar jostailu hutsa izan zen atzo Bartzelonaren eta Messiren eskuetan. Camp Nou plaza madarikatua da gipuzkoarrentzat, eta atzo beste amesgaizto bat bizi izan zuten. Seigarren aldiz aritu ziren kataluniarren estadioan, eta, aurreko bost lehietan bezala, astindua jaso zuten. Bost gol sartu zizkieten, eta horietatik lau Messik egin zizkien. Argentinarrak hilabete zeraman golari bizkarra emanda, baina eraginkortasuna berreskuratu zuen atzo. Aurkari kutuna du Eibar: atzoko lau golekin, hogei sartu dizkio jada.

Giroa gaiztoturik dago Bartzelona aldean. Agintarien kudeaketak krisi instituzionala eragin du Kataluniako taldean, eta horren oihartzuna entzunzen harmailetan: zaleek txistu egin zioten Josep Maria Bartomeu presidenteari lehia hasi aurretik, zapiak astintzen zituzten bitartean. Iraganeko irudiak ikusi ziren Camp Noun. Horrenbestez, ur harrotuetan arrantza egiteko aukera zeukan Eibarrek. Bada, lehen alea lortzear izan zen neurketa hasi eta berehala: Escalantek luzatua egitera behartu zuen Ter Stegen, eta, hurrengo jokaldian, Enrichek sareetara bidali zuen baloia. Jokoz kanpo zegoen, ordea.

Ohi bezala, lerroak aurrean paratu, eta aurkaria gogor estutzen ahalegindu zen Mendilibarren taldea. Haatik, maila tekniko handiko jokalariak zituen aurrean, eta nahi baino sarriagotan egin behar izan zuen atzera. Ter Stegenek baloi luze zehatzak bidali zizkion Vidali, eta, hala, ezerezean utzi Eibarren presio aurreratua. Ez da armaginen estiloa beren areatik gertu defendatzea, baina horretara behartu zituen Bartzelonak. Gauzak hala, denbora kontua zen Messi agertzea. 14. minutuan egin zuen lehen agerraldi distiratsua. Rakiticen lerro arteko pasea jaso, baloia Arbillaren hanka azpitik pasa, eta maisuki gainditu zuen Dmitrovic, jaurtiketa erdi loratu batekin.

Zutik irauten saiatu zen Eibar. Aurkariaren baloi irteera oztopatu nahian jarraitu zuen, eta, noizbehinka, iritsi zen areara. Aitzitik, ez zuen asmatu azken metroetan. Messik ez bezala. Bartzelonaren jokoa ez zen oso bizia izaten ari, baina, atsedena gertu zela, izar argentinarrak hankaz gora jarri zuen norgehiagoka, bi minutuan bi gol sartuta. Lehenik, erritmo aldaketa bortitza egin, eta jaurtiketa gurutzatu bat bidali zuen zutoinaren parera. Eta, gero, Coteren galera bat baliatu zuen hirugarren gola egiteko. Hasieran Griezmannentzako goleko pasea izan behar zuena eman zion, baina frantziarrak ez zuen asmatu. Aldaratzea Messik hartu zuen, eta hark ez zuen barkatu.

Altxatu, eta beste bi kolpe

Orduan bai, zerraldo erori ziren gipuzkoarrak. Konortea galdu zuten, eta, Dmitrovicengatik ez balitz, zigor are handiagoa jasota helduko ziren atsedenaldira.

Etenak on egin zien, eta beren onera itzuli ziren bigarren zatian. Escalantek oso gertu izan zuen gola, eta Cotek eta Inuik ere aukera onak izan zituzten. Arbillak baloia sareratzea lortu zuen korner batean, baina gol hura ere baliorik gabe gelditu zen, arriskuz jokatu zuelakoan. Bartzelona lasai zegoen, baina kitzikatu egin zuen Braithwiteren sarrerak. Kataluniarren azken fitxaketak parte hartze zuzena izan zuen Messik eta Arthurrek azken txanpan egin zituzten goletan. Eibarrek biziki eskertu zuen amaierako txistua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.