Errusiako Munduko Kopa. Uruguai 2-1 Portugal

Isil-isilik, ozen-ozen

Uruguaik Portugal kanporatu du, eta final-laurdenetan ariko da. Cavanik bi gol sartu ditu, baina min hartu du gero

Edinson Cavani Uruguaiko aurrelaria, bigarren gola sartu berritan, atzo. SEBASTIAO MOREIRA / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Cavanik (7. min). 1-1: Pepek (55. min). 2-1: Cavanik (62. min). Epailea. Cesar Ramos (Mexiko). Txartel horiak: Portugalgo Cristiano Ronaldori. Bestelakoak. 44.873 ikusle Sotxiko Fisht estadioan.

Zalantzarik baldin bazegoen, argi geratu da jada: serio doa Uruguai Errusiako Munduko Kopan. Nagusitasunez gainditu zuen ligaxka, hiru partidak irabazita, eta bost gol sartu eta bakar bat ere ez jasota. Atzo, berriz, beste pauso bat eman zuen bide zuzen horretan. 2-1 irabazi zion Portugali Sotxin, final-zortzirenetako bigarren partidan, eta final-laurdenak jokatuko ditu zortzi urte geroago. Frantzia izango du aurkari datorren ostiralean, Nizhni Novgoroden. Portugal, aldiz, kalean da. Duela bi urte, behetik gora egin zuen Eurokopa irabazteko. Oraingoan, ordea, ez du gora egin txapelketak aurrera egin ahala. Hiru ekitaldi daramatza jarraian final-zortzirenen langa gainditu ezinik.

Talde sendoa eta indartsua du Oscar Washington Tabarezek bere aginduetara. Atzean, pareta baten parekoa osatzen dute Gimenezek eta Godinek. Denbora luzez daramate Atletico Madrilen eta selekzioan elkarrekin jokatzen. Zaila da haiek baino hobeto elkar ulertzea. Zelai erdian, berriz, esfortzuaren eta kalitatearen arteko nahasketa polita du Uruguaik. Gazteak dira Nandez, Torreira, Bentancur eta Vecino, baina azken hirurak Italiako ligan ari dira, eta hori berme ona da. Eta zer esan erasoaz. Dinamita dute uruguaitarrek aurrean, Luis Suarez eta Edinson Cavanirekin. Egungo bi aurrelari peto onenak dira. Bietako edozeinek erabaki dezake partida bat jokaldi batean.

Bada, atzo Cavani izan zen lehia erabaki zuena. Bi gol sartu zituen. Zazpigarren minutuan, Paris Saint-Germainekoak pase luzea egin zion Luis Suarezi eskuin hegaletik ezkerrera, Bartzelonakoak baloiari eutsi zion, eta erdiraketa egin, eta han non azaldu zen Cavani, berak hasitako jokaldiari amaiera emateko. Ezin jakin nola errematatu zuen baloia, buruz edo sorbaldaz. Bost axola. Ederra izan zen gola. Zazpi minutu besterik ez zen jokatu, eta Uruguai jada aurretik zegoen. Nekez has zezakeen hobeto lehia.

Cavani, zerutik infernura

Gola sartu arte aurrean ari zen presioa egiten Tabarezen taldea, baina behin gola sartuta, atzera egin zuen. Ez zuen zertan arriskurik hartu behar. Eta Portugalek ondo baliatu zuen aurkariak pauso bat atzera egin izana aurrera egiteko. Cristiano Ronaldoren oinetatik pasatzen ziren baloi guztiak. Beti bezala, berak izango zuen ardura osoa erasoan. Baina atzo pattal aritu zen Cristiano Ronaldo. Real Madrileko aurrelariak indarrez ekin zion txapelketari, lehen bi partidetan lau gol sartuta, Munduko Kopan jokatutako aurreko hamahiru partidetan baino bat gehiago. Baina ligaxkako azken partidan, Iranen aurka, eskas aritu zen. Ez zuen golik sartu, eta penalti bat huts egin zuen. Atzo ere ezinean aritu zen. Saiatu saiatu zen, baina ez zuen pitzadurarik eragin Gimenez-Godin paretan.

Behin bakarrik huts egin zuten Uruguaiko bi erdiko atzelariek, korner batean, eta Pepek baliatu egin zuen bana berdintzeko, 55. minutuan. Baina Portugali gutxi iraun zion susperraldiak, zazpi minutu eskas. Cavanik baloi luze bat harrapatu zuen zelai erdian, zuzen joan zen Portugalen arearantz, eta maisuki gainditu zuen Rui Patricio, eta 2-1ekoa sartu. Zeruan zen Cavani, baina kolpe batean jaitsi zen infernura. Lesionatu egin zen, eta zelaia utzi behar izan zuen 70. minutuan. Zail izango du berriro jokatzea. Sekulako zuloa utziko du taldean.

Azken hogei minutuetan Portugal jo eta su aritu zen berdinketa lortu nahian, eta izan zituen aukerak, baina ezin izan zuen Uruguairen pareta bota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.