Irabazlea, ia barrura

Elezkano II.a-Rezustak eta Olaizola II.a-Imazek finalerdietako bigarren puntua nahi dute. Bi garaipen lorturiko bikoteen %94 finalean izan dira

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Elezkano II.a-Rezustak eta Olaizola II.a-Imazek Binakako Txapelketako ligaxkako bigarren jardunaldiko lehen partida jokatuko dute gaur, Iruñean. Iragan astean, ligaxkako lehen jardunaldian, euren partidak irabazi zituzten bi bikoteak dira, eta gaur bigarren puntua lortzen duenak ia ziurtatuta dauka finalerako sailkatzea. Pilota aukeraketan, Elezkano eta Rezusta ez ziren batere gustura gelditu, batez ere aurkariek aukeratu zituzten pilotengatik. Hala ere, apustuak nabarmen irtengo dira Aspekoen alde, ia doblean, eta Labriteko sarrera guztiak aspaldi saldu ziren.

Gaurko irabazleak apirilaren 8ko finalean izango dira. Matematiken arabera, hori ez da ziurra; estatistiken arabera, aldiz, gaur 22ra iristen direnak lasai egon daitezke. Nola ulertu hori? Bada, Lehen Mailako Binakako Txapelketako finalerdietan lau bikoteko ligaxka ezarri zutenetik, 2007an, behin bakarrik gelditu da kanpoan bi garaipen lorturiko bikote bat. 2008an izan zen, eta Gonzalez-Barriola izan ziren salbuespenaren eraginez kaltetuak. Olaizola II.a-Mendizabal II.arekin eta Titin III.a-Laskurainekin berdinduta bukatu ondoren, tanto aldeak utzi zituen finaletik kanpo.

Urte guztietan sartu da bi garaipendun bikote bat finalean, eta behin baino gehiagotan pasatu da finaleko bi bikoteak bina garaipenekin sailkatzea. 2011 eta 2015. urte arteko bost txapelketetan gertatu zen hori. Estatistika, beraz, oso argigarria da: enpresek finalerdietako ligaxka ezarri zutenetik, hemezortzi bikotek bukatu dute bi garaipenekin, eta horietatik hamazazpi finalean egon dira (%94). Beraz, ez da gehiegizkoa esatea gaur irabazten duenak ia bi oinak dituela sartuta finalean.

Finalerdietako sistemak beste konbinazio bitxi baten aukera ematen du: garaipen bakarrarekin finalean sartzea. Bikote batek hiru partida irabazi eta beste hirurek bana irabazita gertatuko litzateke. Bada, hori ez da inoiz gertatu 11 urte hauetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.