Almeria 5-0 Alaves

Zaplaztekoa ongietorri moduan

Alavesek astindua jaso du Almeriaren aurka Abelardoren debutean, eta Kopatik kanpo gelditu da. Inongo goserik gabe aritu da taldea. Pina egotzi egin dute lehen zatian

Alaveseko jokalariak burumakur, Almeriaren goletako bat jaso ostean. Bost sartu zizkion. CARLOS BARBA / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Gola. 1-0: Sadiqek (8. min.). 2-0: Aketxek (44. min.). 3-0: Sadiqek (45. min.). 4-0: Battagliak, bere atean (52. min.). 5-0: Villarrek, penaltiz (81. min.) Epailea. Alberola Rojas. Txartel horiak Almeriako Costa eta Corpasi. Txartel goria Alaveseko Pinari (34. min.).

Ahazteko moduko hasiera izan du Abelardo Fernandezen bigarren aroak Alavesen aulkian. Arabarrek Espainiako Kopako final-hamaseirenetako lehia jokatu zuten atzo Almerian, eta oker atera zitzaien den-dena. Horren isla da markagailua: 5-0. Kopatik kanpo gelditzea ez da drama Alavesentzat, baina atzo emandako irudi tamalgarriak kutsatu egin dezake Ligako ibilia. Birrindu egin zituen Bigarren Mailako talde batek, eta halako deskalabruek arrastoa utzi ohi dute jokalarien gogoan.

Ezin zaio askorik leporatu Abelardori. Taldera iritsi eta hiru egunera izan zuen debuta; hots, goizegi zen haren eskua nabaritu zedin. Entrenatzailea aldatzean, jokalarien jarrera izaten da aldatzen den lehen gauza, eta hala gertatu zen atzo; okerrerako, bistan denez. Hamaikako lehiakorra zelairatu zuen prestatzaileak, baina jokalariek ez zuten borrokatzeko prestasunik erakutsi. Maila bat beherago aritu arren, aurkari gaiztoa zen Almeria, eta gasteiztarrek ez zuten behar bezain serio hartu. Bada, utzikeriak ondorio gogorrak ekarri zizkien.

Lehen zatia bukatzerako, erabakita zegoen kanporaketa. Almeria gogotsu eta agintari zelairatu zen, eta zortzigarren minutuan hartu zuen aurrea, Sadiqen bidez. Alavesen erreakzioa hutsaren hurrengoa izan zen, eta 34. minutuan are zailago jarri zitzaizkion gauzak, Pinak inozokeria bat egin ostean. Penalti eske zegoen erdilaria, eta burukada bat eman zion aurkari bati epailearen aurrean. Hala, hamar jokalarirekin utzi zuen taldea. Eta, zaila zirudien arren, gauzak are gehiago okertu ziren atsedenaren aurretik: 44. minutuan 2-0ekoa egin zuen Aketxek, Siveraren huts handia baliatuz, eta luzapenean neurketari azkena eman zion Sadiqek.

Aldageletan ziurrenik jasotako errietak ere ez zituen xaxatu gasteiztarrak, eta 4-0ekoa jaso zuten 52. minutuan. Bere atean sartu zuen baloia Battagliak, erdiraketa bat mozten saiatzean. Lehiak beldurrezko film baten itxura petoa zeukan. Aldaketak eginez joan zen Abelardo, baina gidoiak bere horretan jarraitu zuen. Gertu zegoen Almeriaren bosgarrena: baloia langara bidali zuen Lazok, eta Sadiqek ia ginga jarri zion bakarkako jokaldi ikusgarri bati. Villarrek asmatu zuen azkenean, penaltiz, 81. minutuan. Zaplazteko latza hartu zuen Alavesek; iratzartzeko balio badio, gaitz-erdi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.