ATZEKOZ AURRERA

Irulegiko uzta, guzien eskura

BERRIAlagunek Irulegiko aztarnategia bisitatu dute. Aranzadi zientzia elkarteko kideen atzetik igo dira gainera, indusketa lanei eta inguru horiei buruzko azalpenak adituz.

Ilundain herritik abiatu ziren Irulegiko aztarnategira bidean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Aranguren
2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Pazientzia ezinbesteko lanabes dute indusketa lanetan aritzen direnek. Leku egokia aurkitu, lurrazpikoa atera, aurkitutakoa zer den eta balio ote duen ikusi... emaitza ez da berehalakoa. Badu bere xarma, Mattin Aiestaran Irulegiko aztarnategiko zuzendariaren arabera: «Polita da pixkanaka-pixkanaka gauzak agertuz joatea, harremanetan jartzea ondoan agertzen diren gauzak, eta, azkenik, hortik abiatuta, herrixka berregitea eta puzzlea osatzea». Atzo, BERRIAlagunek Irulegiko aztarnategia bisitatu zuten, BERRIAk antolatutako irteerari esker; Aranzadik ere antolatzen ditu. Arkeologoek egiten duten bezala, poliki-poliki joan ziren puzzlea osatzeko piezak jasotzen mendian gora joan ahala. Gainera ailegatzean batu zituzten pieza guziak.


Autoak Ilundainen (Nafarroa) utzita, Manex Arrastoa eta Leire Arana Aranzadiko kideen atzetik abiatu ziren BERRIAlagunak, gehienek makilak eskuetan eta BERRIAko biserak buruan. Lehenbiziko malda igota hasi ziren azalpenak ematen, oraindik ere transhumantziarako erabiltzen den bidegurutzean: leku hura Potxa deitzen zela, Irulegik hiru hegi dituela, turismo masiboa saihesteko aparkalekua eginen dutela Ilundainen, Burdin Aroko aztarnategiak lau eremu dituela... «Ibar honi nortasuna eman diote abeltzaintzak eta nekazaritzak. Brontze Aroaren bukaeratik gaur egun arte mantendu den erabilera izan da», esan zuen Aranak.

Aldapan gora

Uste baino malkartsuagoa izan zen bidea zenbait bisitarirentzat. Geldialdietan, azalpenak aditzeaz gainera, ura edateko eta arnasa biltzeko aprobetxatu zuten. Igo ahala, hezetasuna ere igotzen hasi zen, eta izerdiak kanporatzen. Taldekide gehienak gipuzkoarrak ziren, eta askori bitxi egin zitzaien mendi magalean Mutiloa deitutako herri bat egotea. Ariane tximeletak babeslekua han zuela ere ikasi zuten bidean egindako geldialdi batean.

Azkenik, lehenbiziko gune garrantzitsura ailegatu ziren: harresiaren aztarnak eta nekropolitzat daukaten eremua. Ondotik, azkenengo malda. Indarrak ahitzen hasi ziren arren, zuhaitz artean berehala agertu zen aztarnategia, eta, gora begiratuta, gaztelua. Pello Aranburuk azkenean lortu zuen Irulegira joateko asmoa betetzea. Liburu eta idatzietan irakurritakoa bertatik bertara ezagutzea «askoz ere aberasgarriagoa» dela esan zuen. «Askotan ez dugu imajinatzen garai hartako bizimodu erreala. Hemen ikus daiteke nola biltzen zuten ura eta abar. Nola bizi ziren ikusten da».

Aztarnategian aski ongi ikus zitezkeen bi etxebizitza eta karrika nagusia. Horietako baten atarian zegoen esku ezaguna. Burdin Aroko eraikuntzak Brontze Arokoen gainean zeudela jakin zuten bisitariek, jaioberriak etxean ehorzten zirela, herrixka erre egin zutela, eta sua egon den lekuan harria laranja dela. Zinta batek iragartzen zuen karrikaren beste aldean induskatuko dituzten hurrengo ehun metro koadroak.

Gazteluak borobildu zuen bisita, eta hango bista paregabeek. Arrastoak azaldu zuen agaramontarrek erabilezin utzi zutela, beaumontarrek kontrolatzen baitzuten. Bost mende geroagoko Gongorako zabortegiaren kontrako borroka ere hizpide izan zuen. Izerdia botata, baina oraingoz ezagutzen diren pieza guziak eskuan itzuli ziren etxera BERRIAlagunak. Irulegik orain arte emandako uzta, guzien eskura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.