«Mugak» izan arren, Jaurlaritza kaltea «arintzen» saiatuko da

Aukera du 300 milioi euroko gastu gehigarria egiteko. DSBEa eta langile publikoen soldata igotzeko legebiltzarraren bidea aztertuko du

Irune Lasa.
2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
«Jaurlaritzak beharrezko mekanismoak ditu, juridikoak eta aurrekontuei dagozkienak, Euskadiko herritarren ongizatea eta Euskadiren garapen ekonomikoa bermatzen jarraitzeko». Pedro Azpiazuk lasaitasun mezua eman nahi izan zuen, eta gobernu batek aurrekontuak luzatzea normaltzat jo zuen. «Argitu gura dut luzapen batek zuzenketa garrantzitsuak jasotzeko aukerak dituela, baita mugak ere, hori ezin dugu ukatu».

Luzapenaren ondorio kaltegarriak «arintzeko» bide desberdinak izan ditzake gobernuak, etaAzpiazuk berak aipatu zituen neurri horietako bi: 2019. urterako aurrekontuek langile publikoen soldaten %2,25eko igoera jasotzen zuten, eta igoera bera DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoan ere. 2018ko aurrekontuen luzapenarekin, hasiera batean, igoera horiek desagertu egin dira.

Horregatik, luzatutako aurrekontuetan jasotakoei igoera horiek gehitu ahal izateko, Azpiazuk esan zuen Jaurlaritzak legebiltzarrera jotzea aztertuko duela. Lege moldaketa horiek, hala ere, oposizioko alderdiren baten babesa edo abstentzioa ezinbesteko izango lukete onartuak izateko.

Azpiazuk beste moldaketa «puntualak» ere iragarri zituen, 2019rako aurreikusitako inbertsio eta ekintza «garrantzitsuak» egiteko.

Aparteko gastu horiek egin ahal izateko, Jaurlaritzak 300 milioi euroko tartea izango du, Alberto Alberdi Ekonomia sailburuordeak azaldu zuenez. Izan ere, azken Finantzen Euskal Kontseiluan 2019rako zehaztutako ekarpenek kopuru horretan gainditzen dute 2018. urtearen itxierarako aurreikusitako dirua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.