Espanyol 1-1 Athletic

Nahikoa ez den puntua

Athletic Espanyol baino hobeto aritu da, baina argitasuna falta izan zaio arean. Villalibrek lehen gola sartu du ligan

TONI ALBIR / EFE.
haritz gallastegi
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Villalibrek (12. min.). 1-1: Raul de Tomasek (63. min.).Epailea. Sanchez Martinez. Txartel horiak: Espanyoleko Victor Sanchezi, Marc Rocari eta Bernardori; eta Athleticeko Vesgari. Bestelakoak. 27.542 ikusle Cornellan.

Partidaren zati handi batean aurkaria baino gehiago izan eta garaipenik ez lortzeak amorrua ematen du. Horixe gertatu zitzaion Athletici Espanyolen etxean. Zuri-gorriek garaipena eskuratzeko merituak egin zituzten, baina azken metroetan dituzten gabeziek sari barik utzi zituzten. Beste behin, erabaki txarrak hartu zituzten aurkariaren area inguruan. Gaizka Garitanoren taldeak errenkadan lortzen duen bosgarren berdinketa da, eta jakinekoa da puntuak banaka batzea ez dela nahikoa Europarako txartela eskuratzeko.

Athleticek oso ondo jokatu zuen lehen ordubetea. Kopako sufrikarioa eta nekea alboratu, eta neurketa irabaztera zelairatu zen. Garitanok hiru erdiko atzelariko joko sistema berreskuratu zuen. Espero zen. Batetik, etxetik kanpo lehiakorragoa delako, eta, bestetik, Espanyolek bi erdiko aurrelarirekin jokatzen duelako. Zelai erditik aurrera, Asier Villalibre izan zen berritasun nagusia, eta, era berean, neurketako albisterik onena. Gernikako aurrelariak Athleticen lekua merezi duela erakusteko lehen urratsa egin du. Neurketa biribila jokatu zuen: baloia ondo babestu zuen, hegaletara ondo joan zen, eta, gainera, gola sartu zuen. Ligan sartu duen lehenengoa. Athletici markagailuan aurrea hartzeko balio izan zion. Azken hiru partidetan ateratako hogeita bederatzigarren kornerrean izan zen —Celtaren kontra hamahiru eta Elxen kontra hamabost atera zituen—. Lezaman landutako jokaldia izan zen. Muniainek motzean eman zion Williamsi, erdiko aurrelariak Muniaini itzuli zion, eta hark baloia area handiko marrara pasatu zuen Villalibrek ezkerrez errematatzeko.

Golak indarra eman zion Athletici, eta jota utzi zuen Espanyol. Zuri-gorriak baloiaren jabe ziren, eta Capa zein Berchiche eroso ari ziren hegaletatik sartzen. Ezker hegalekoaren barneraketek sortu zuten arrisku gehien. Ordu erdia betetzear zegoela area barrutik egin zuen erdiraketa batek zutoina jo zuen. Bigarren zatia berdin hasi zen. Athletic nagusi zen, baina ez zuen bigarren gola sartzeko aukera garbirik sortu. Yerayk areaz kanpotik egindako jaurtiketa izan zen arriskutsuena. Diego Lopezek geldiketa ona egin zuen. Kontua da lehoiak erregai barik geratu zirela azken ordu erdian, eta aurkariak baliatu egin zuen. Abelardoren taldeak ez dauka sormenik. Geldikako jokaldietatik eta baloia luze jokatzetik bizi da. Calleriren eta Raul de Tomasen eraginkortasuna du arma bakarra. Eta baloi luze bat nahikoa izan zen Callerik ukitu, Embarbak bularrez jo, eta Raul de Tomasek eskuinez jaurtita gola sartzeko. Gutxi eginda, sari handia. Eta, gainera, azken minutuetan estu hartu zuen Athletic.

Irain arrazistak Williamsi

Partida bukatu ondoren, Williamsek salatu zuen zale batzuek irain arrazistak egin zizkiotela. «Triste noa berdinketarengatik, baina gehienbat irain arrazistak jasan ditudalako», adierazi zion Athleticen telebistari. Telebistako irudietan agertu ziren irain horietako batzuk, Garitanok Williams aldatu zuen unean eginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.