Ozen egin nahi du ulu

Wolfsburgek eta Lyonek Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute gaur Anoetan (20:00) Alemaniarrak txapeldunari irabazten saiatuko dira, Pernille Harder aurrelariak gidatuta.

Pernille Harder Glasgowri sartutako goletako bat ospatzen. A. BARRIENTOS / EFE.
ainara arratibel gascon
2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Otsoak deitzen diete Wolfsburgeko jokalariei. Alemanian nagusi izan dira azken hamarkadan. Sei liga eta zazpi kopa irabazi dituzte. 2013-2014 denboralditik, ordea, ez dute Europan ulu egitea lortu. Gaur Txapeldunen Ligako finalean izango duten aurkaria, Lyon, menderaezin aritu da. Frantziako taldeak sei Txapeldunen Liga ditu apaletan, horietatik lau azken lau urteetan lortuak, eta Europan bere nagusitasuna ezarri nahi du. Hori amaitu nahi du gaur Wolfsburgek, eta horretarako osagaiak baditu. Nagusia, aurrealdean duen joa. Eta hori inork baino hobeto erakusten du Pernille Harderrek (Ikast, Danimarka, 1992). Aurrelaria golak pilatuz doa Alemaniara iritsi zenetik, eta Europan titulu bat irabaziz beste mugarri bat ezarriko du bere kirol ibilbidean. Ozen egin nahi du ulu.

Harderren datuak esanguratsuak dira. 2017-2018 denboraldian ailegatu zen talde alemaniarrera, eta jokatu dituen 112 partida ofizialetan 105 gol sartu ditu. Hamazazpi lortu zituen aurreneko sasoian, eta kopurua gizenduz joan da. Denboraldi honetako datuak ikusgarriak dira oso: 38 gol 31 partidatan. Gol bat 53 minutuko. Horietatik bederatzi Txapeldunen Ligan sartu ditu, aurreko sasoian baino bat gehiago. Lau Glasgowren aurkako final-laurdenetako partidan erdietsi zituen, eta gol bakarrera ditu sasoi honetan Txapeldunen Ligan gol gehien daramatzaten hiru jokalariak:Vivianne Miedema (Arsenal), Emueje Ogbiagbevha (Minsk) eta Berglind Bjorg (Breioablik). Iragan denboraldian bezala, txapelketako golegilerik nagusia izatea du begiz joa.

Txikitatik du garaipenerako grina Harderrek. 10 urterekin irakasleak idazlan bat egiteko eskatu zien. Hau izan zen jarri zien gaia: Zer izan nahi duzu heldua zarenean? Harderrek berehala idatzi zuen: «Futbolari profesional izan nahi dut, eta munduko onena». Oraindik ere helburu hori du. «Nire motibazio nagusia da lan saio eta partida bakoitzean». Bide horretan, Europan hainbat sari jaso ditu bakarka. UEFAk,adibidez, urteko jokalari onena izendatu zuen 2018an. Baina onenen artean distira egiteko Wolfsburgekin edo Danimarkarekin nazioartean titulu bat irabaztea falta zaio, eta gaur du horretarako aukera.

Lyonen ahalmenak

Ohikoak dituen ezaugarriak erakutsi behar ditu. Aurrelari petoa da, fisikoki ahaltsua. Arean trebeziaz mugitzen da, eta ondo daki kokatzen gol aukerak aprobetxatzeko. Fridolina Rolfo eta Alexandra Poppekin batera hirukote arriskutsua osatzen dute. Ez dute lan erraza izango, ordea, Lyonek atzealde indartsua eta sendoa baitu fisikoki, Wendie Renard buru dela. Gainera, presioan ere lan egin beharko du Harderrek. Lyongo atzeko bi hegalekoek, Lucy Bronzek eta Sakina Karchaouik, berehala jotzen baitute erasora. Horri zelai erditik aurrera frantziarrek duten ahalmena gehitu behar zaio. Nahiz eta taldeko izarra falta, Ada Hegerberg, jokalari erabakigarriak ditu aurrean: Nikita Parris, Delphine Cascarino, Dzsenifer Marozsan...

Zelaian lortzen ari den distira eta erreferentzialtasuna kanpoan ere lortzen ari da Harder. Berdintasunaren aldeko eta homofobiaren aurkako ekintzaile nekaezina da. LGTB kolektiboaren ikusgarritasunaren alde, oihartzun handia izan zuen iaz Frantzian eta Bretainian jokatutako Munduko Kopan, bere bikotekide Magda Erikssoni emandako musuak. Eriksson ere futbolaria da, eta Suediako selekzioarekin ari zen jokatzen, Harder, berriz, harmailetan zen. «Futbolariak eredu gara askorentzat, eta asko egin dezakegu LGTB kolektiboaren eskubideen eta ikusgarritasunaren alde. Gizonezko futbolariek ere eman beharko lukete urratsa, baina beldur dira».

Futbolean ere berdintasuna izan dadin ari da borrokan Harder. Gaur bertan beste urrats txiki bat egingo da horretarako. Estreinakoz erabiliko da emakumezkoen Txapeldunen Ligan VAR sistema. Finalerdietan, Irene Paredes PSGko jokalari legazpiarra, kritiko izan zen, oraindik ez zelako erabili. «Gure lehietan VARa ez egotea bazterkeria da, argi eta garbi esan nahi dut hori. Ez da bidezkoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.