Espainiako Kopako finala

Lasaitasuna Bilbon, zaleen kalejira Sevillan

Bilbon itxiera perimetrala ezarria dago, eta atzo nabaria zen jende gutxiago zebilela kalean eta giroak ez zuela zerikusirik duela bi aste izandakoarekin. Hala ere, zale ugari egon zen, batez ere Poza kalean.

Oscar De Marcos zale taldeak antolatutako kalejira, Sevillan. BERRIA.
Gotzon Hermosilla Aitor Manterola
2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Berriro ere, Bilbo zuri-gorriz jantzi zen atzo, eta dena prestatu zuen oso denbora laburrean jokatu beharreko bigarren finalari begira. Hala ere, kaleko giroak ez zuen zerikusirik izan duela bi aste izandakoarekin. Leihoek eta balkoiek apainduta iraun zuten, jende askok Athleticen elastikoa jantzi zuen, futbola izan zen hizpide elkarrizketa gehienetan... Baina bi aste lehenago izandako euforiarik eta eromen kolektiborik ez zen izan atzo.

Arrazoi asko zeuden horretarako. Ukaezina zen aurreko finala galdu izanak zale askoren itxaropenak zapuztu zituela, eta geroztik pesimismo moduko bat nagusitu zen giroan, azken orduetan horri buelta eman zitzaion arren. Pandemiaren egoerak ere ez zuenbatere lagundu: joan den asteartetik itxiera perimetrala ezarria dago Bilbon, inguruko herrietakoek ez daukate Bilbora sartzerik tartean pisuzko arrazoirik ez badago, eta atzo nabaria izan zen askoz jende gutxiago ibili zela kalean. Goiz-goizetik, udaltzainak metro geltokietan aritu ziren bidaiariei dokumentazioa eskatzen.

Azkenik, duela bi aste Poza kalearen inguruan ikusitako irudiek ere eragina izan zuten giroaren apaltze horretan. Apirilaren 3an, Athleticen eta Realaren arteko partida baino ordu batzuk lehenago, zale ugari Poza kalearen eta Areiltza Doktorearen zumarkalearen bidegurutzean batu ziren, segurtasun neurri guztiei muzin eginez. Azkenean istiluak egon ziren, eta inguruko kaleak itxi behar izan zituzten. Irudi horiek gogoan, zale askok zuhurrago jokatzea erabaki zuten atzokoan.

Beste ondorio bat ere ekarri zuen aurrekoan Poza kalean gertatutakoak. Atzo, segurtasun operatibo zabala antolatu zuten: ertzainak eta udaltzainak egun osoan ibili ziren Poza kalean patruilatzen, binaka eta hirunaka, eta istiluak gertatu zireneko bidegurutzean Ertzaintzaren hiru furgoneta eta dozena bat auto zeuden, ertzainenak eta udaltzainenak. Indautxuko beste leku batzuetan ere egon ziren Ertzaintzaren furgonetak.

Goizean, jende gutxi

Goizean jende gutxi ibili zen Areatzan eta Zazpikaleetan, eta Athleticen elastikoa, tapauka, kapela edo bestelako ezaugarriren bat zeramatenak duela bi aste baino askoz gutxiago ziren. «Jendea apur bat zapuztuta dago koronabirusaren aferarekin», zioen Mila Melgosak. «Baina oraindik goiz da. Nik uste dut orduak igaro ahala berotu egingo garela». Partidaren inguruan, zalantza izpirik ere ez zeukan: «Nik uste dut partidan lehia handia egongo dela, baina guk oso ondo jokatuko dugulakoan nago. Eta irabaziko dugu, jakina».

Eguerdi aldera, mugimendua areagotu zen Zazpikaleetan, eta zale asko egon zen Plaza Barriko terrazetan. Edonola ere, aurrekoaren moduko kantu eta oihurik ez zen egon, eta giroa askoz lasaiagoa izan zen. Han zegoen Mikel Juaristi, Athleticen elastikoa soinean: «Nik badut esperantza irabaziko dugula, eta ilusioa berriro ekarriko dugula Bilbora. Nabari da giroa epelagoa dela; ea horrek berekin dakarren osasun neurriak errespetatzea, ilusioa galdu gabe».

Giroa epelagoa, baina itxaropena sendo; inork ez zuen zalantzan jartzen Athleticen garaipena, edo hori esaten zuten behintzat. Jose Luis Pascual: «Galdu behar duela pentsatuko banu, ez nintzateke telebistaren aurrean jarriko». Haren ustez, pandemiak kalte egin dio jendearen aldarteari, eta nabarmendu zuen garaipenak poza ekarriko liokeela jende askori: «Hori da Athleticen izaera: altxatzea eta aurrera egitea. Ez dago besterik».

Poza kalean oso bestelakoak ziren gauzak. Terrazetan gazte asko zeuden, Athleticen elastikoa jantzita, edanean, pintxoak jaten, eta kartetan ere bai bakan batzuk. Han entzun ziren Athleticen aldeko lehen kantuak eta oihuak.

Sevillan, zaleak kalera

Oscar de Marcos peñak antolatuta, berriz, kalejira egin zuten Athleticen zaleek atzo Sevillan. Zubia zeharkatu, eta alde zaharretik Trianara jo zuten, bidean pare bat geldialdi eginez, eztarria bustitzeko. Txaranga batek alaitu zuen giroa, Athleticen ereserkiarekin. 30 bat lagun elkartu ziren kalejiran. Zenbait herritarrek txalotu egin zituzten Athleticeko zaleak, eta finalean zuri-gorriek irabaztea nahi zutela adierazi ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.