GRANADA 2 REALA 3

Realak irabazi egin du Granadan, eta olatuaren aparretan dago oraindik ere

Txuri-urdinak kontrarioa baino gehiago izan dira, baina hutsak garesti ordaintzear egon dira. Aritzek bi gol sartu ditu; Sorlothek min hartu du

Aritz Elustondo eta Mikel Merino, garaipenaren gola ospatzen, atzo. M. A. M. / EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Gebarak, bere atean (9. min.).1-1: Aritz Elustondok (52. min.). 1-2: Merinok(60. min.). 2-2: Millak, penaltiz (70.min.).2-3: Aritz Elustondok (82. min.).

Taldean min hartuta dauden bederatzi jokalarien inguruan galdetu zioten Imanol Alguacili Granadan (Espainia) jokatu bezperan. Ea horrek zer ondorio izan zitzakeen. Ez zuen zalantza egin: Ā«Ez du merezi kexatzea. Gaudenekin partida guztiak irabaz ditzakeguĀ». Bete-betean asmatu zuen Realeko entrenatzaileak. Txuri-urdinek Granadan irabazi zuten atzo: 2-3.

Garaipenari esker, Reala aparretan dago oraindik ere. Hamahiru puntu ditu lehen sei jardunaldiak jokatuta. 2010ean Espainiako Lehen Mailara igo zenetik behin bakarrik lortu du halako uzta ederra. Duela bi sasoi izan zen: hamahiru puntu eskuratu zituen. Bigarren postuan zegoen. Orain, hirugarrengoan dago. Baina gutxienekoa da hori. Bikain ari da.

Alguacilek konfiantza osoa du jokalariengan. Sinetsita dago zelaira irtengo denak ez diola huts egingo. Argi geratu zen hori atzo. Lau aldaketa egin zituen Sevillaren aurkako hamaikakoarekin alderatuta: Ryan, Zaldua, Gebara eta Navarro aritu ziren Remiro, Gorosabel, Zubimendi eta Isaken ordez. Atezainarena izan zen aldaketarik aipagarriena, Remirok ez baitzuen golik jaso ligako azken lau partidetan, eta australiarrak oraindik ez baitzuen jokatu.

Realak indartsu ekin zion partidari, eta bosgarren minuturako jada bi aukera garbi izan zituen. Nagusi zen. Baina zorigaiztoko jokaldi batek aldatu zuen dena. Bederatzigarren minutuan, korner batean, Germanek buruz errematatu zuen, eta Gebarak bere atean sartu zuen gola. Kolpea izan zen, baina txuri-urdinak suspertu egin ziren, eta berriz ere jokaldi arriskutsuak sortzen hasi ziren. Baina ez zuten asmatu, eta atzetik joan ziren atsedenaldira.

Lehen zatian egin bezala, indartsu ekin zioten bigarrenari. Oraingoan, ordea, eraginkor aritu ziren, eta bi gol sartu zituzten lehen ordu laurdenean: Merinok lehena, eta Aritz Elustondok bigarrena. Baina, zailena egin eta gero, huts egin zuten berriz ere. Gebarak penalti inozoa egin zion Baccari 69. minutuan, eta Millak binakoa lortu zuen. Hori gutxi balitz bezala, Sorlothek min hartu zuen; beste bat. Baina hori guztia bazter batean geratu zen 82. minutuan, lehen golean egin bezala, Aritz Elustondok atzetik aurrera eginez 2-3koa sartu zuenean. Gol horrek estutasun guztiak ahaztuarazi zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.