Eurokopa

Ingalaterra eta Kroazia, orain hiru urtekoaren oroimena bizi-bizi dutela

Jon Ander De la Hoz.
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Oroimen biziko neurketa batek zabalduko du Eurokopako igandeko jarduna. Ingalaterrak eta Kroaziak orain hiru urteko partidaren gomutapean ekingo diote txapelketari. 2018ko Munduko Txapelketako finalaurrekoetan elkarren aurka aritu ziren bi selekzio dira. Ordukoan kroaziarrek egin zuten aurrera, eta bidean geratu zen Ingalaterra.

Egun, Kroaziaren urrezko belaunaldia akaberara heltzen ari da, eta aurtengo txapelketa du sari handiren bat lortzeko azken aukera. Aldiz, 2018an ontzen hasitako Ingalaterrak aurrerako urratsa egin nahi du, garaikurrerako lehian sartzeko. Bi taldeek kontrario egokia dute txapelketari neurria hartzeko. Wembleyn jokatuko da partida, Londresen (15:00, Cuatro eta Bein Frantzia), elkarri neurria hartu nahian.

Aldiz, lehiaketan gozatzea beste xederik ez duten bi talde ariko dira 18:00etan. Austriak eta Ipar Mazedoniak Bukaresten (Errumania) jokatuko dute, eta austriarrak dira irabazteko hautagai nagusi. Bi selekzioak sailkatze faseko multzo berean aritu ziren, eta elkarren aurka aritutako bi partidetan Franco Fodaren taldea nagusitu zen. Ipar Mazedoniak Eurokopa batean jokatzen duen lehen partida izango da.

Herbehereak-Ukraina partidak itxiko du eguna. Laranjak goi mailako txapelketa batera itzuliko dira, zazpi urteren ondoren; 2014ko Munduko Txapelketan aritu ziren azkenekoz, eta belaunaldiz aldatu dute orain.

Taldekideen arteko lehia

Bihar, Espainia-Suedia partidak piztuko du ikusmina. La Cartujan (Sevilla) jokatuko da neurketa, eta Realeko bi jokalari elkarren aurka ariko dira: Mikel Oiartzabaleta Alexander Isak. Bi-biek estadio hartantxe irabazi zuten Espainiako Kopa, joan zen apirilean. Han aritu zen Unai Simon Athleticekoa ere, eta Luis Enriqueren esanetara izango da bihar (21:00). Aurrez, Eskozia-Txekiar Errepublika (15:00) eta Polonia-Eslovakia partidak jokatuko dira (18:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.