Sanferminak Iruñean

Izutik barrea sortu dute barrakek

Sanferminetako ferien esparrua bereziki handia izaten da, eta ikuskizun berezia izaten da adin guztietako jendearentzat. Udalak sarrerak banatzen dizkie prezio garestiak ordaindu ezin dituztenei

Iruñea
2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Argiak, musika, soinuak eta makinen orroak. Barraken geldi ezineko mugimenduak erakarri egiten ditu ume eta gazteak, baita adin handiagokoak ere. Dirdira nahasgarriak, mugimendu handiko irudiak, gora eta behera doazen beso mekanikoak... eta mega, super eta saria hitzak nonahi idatziak. Sanferminetako barrakak gazteenen desira dira, jaietan bakarrik disfrutatzen diren makina erraldoietan sartzeko aukera.

Arga ibai ondoko Runako parkean daude barrakak, Alde Zaharreko etxeak harresi gainetik begira dituztela. Aurten badaude berrikuntzak; adibidez, bada bat metalezko zutabe handi baten inguruan bira egiten duten zabuz osatua, armiarma itxurako besoak balira bezala. Eta itzuli dira betikoak ere, talketarako autoak, kasu. Eta ura dutenak asko dira, eta eguerdiko beroari aurre egiteko balio dute.

Familiak dira barraketan gehien ikusten direnak. Leticia Perez bere bi alabekin etorri da. Ez da barrakan sartu: «Nik haiek ikusten disfrutatzen dut», dio Perezek, izotzez betetako hiru botila eskuetan dituela. Bigarren aldia da barraketan aurten, «garestiegia» baita beraientzat gehiagotan etortzea.

Prezioak dira askoren muga. Ia urtero igotzen dira barraka batzuen edo besteen prezioak. Aurten, 3,5 eurokoak dira gehienak, baina 4 euroko kartelak ere ikus daitezke. Ume askorentzat, ordea, ilusio kontua da barraketan sartzea. Hori ikusirik, udalak doako sarrerak banatzen ditu gizarte zerbitzuetan, ordaindu ezin duten horiek ere gutxienez egun batean joan daitezen.

Handitasunak erakarriak

Barraketan ibiltzean, noizbehinka, itzal azkar batek sustoak eragiten ditu. Gora begiratu, eta barku bat ikusten da. Janari postu baten aurrean ez da espero halakorik. Bikingoen barkua da, kulunkan bide gainetik pasatzen dena. Iruñeko barrakak handiak dira, eta asko daude.

Janari eskaintza ere zabala da:betikoak, txurro dendak edota oilasko postuak; eta berriak, patata egosi beteak, edo gofreak. Ferietako bekatuak dira, bai eta giroaren berezkoak ere. Nork ez du ezagutzen txurroen olioaren usaina, azukrezko hodei arrosenarekin nahastutakoa? Barraken bizipenen parte dira.

Ferien eremuko sarreran, guztien artean itxuraz bereziena den barraka dago: beldurraren etxea. Hiru pisuko tramankulua da. Errailen gaineko gurdietan hainbat tunel eta balkoi gurutzatzen dira, barneko misterioak ezkutatuz. Kanpotik irudi ilunak ikus daitezke: deabruak, burezurrak, saguzarrak, Drakula, odola, sua eta zonbiak. «Berrikuntzarik beldurgarrienak», dio pantaila batek. Ume bat bere amarekin atera da «izuaren etxetik», eskutik helduta; barrezka dator, atzeko beldur irudiak kontrajarriz. Beldurra? Barraketan ez dago ume baten poza lapurtuko duen munstrorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.