TXAPELA BURUAN. Nerea Guarrotxena. Ekuadorren bizi den bilbotarra

«Ekuadorren turismoa ez dago hain ustiatuta»

Manabi probintziako proiektu jasangarri batean parte hartzekotan zen, baina, koronabirusaren ondorioz, atzeratu egin dute. Egoera «latza» dela dio, neurriak arin eta batera hartu dituzten arren.

BERRIA.
amaia igartua aristondo
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Kostaldeko proiektu jasangarri batek eraman du Nerea Guarrotxena (Bilbo, 1992) arkitektoa Ekuadorrera, bigarrenez. Koronabirusaren krisiaren ondorioz, atzeratu egin dute, eta Quito hiriburuan konfinatuta dago orain, lagun batzuen etxe terrazadunean.

Ekuadorrera 2017an joan zinen lehen aldiz. Zergatik?

Aurretik egona nintzen Hego Amerikan, Txilen eta Dominikar Errepublikan zehazki, eta hara joan nahi nuen berriro. Beka bat eman zidaten, eta kontaktu bat neukan Ekuadorren.

Eta oraingoan zergatik itzuli zara?

Berlinen masterra egiten nenbilela, Manabi probintzian, Ekuadorreko kostaldean, arkitektura jasangarriarekin lotutako proiektu batean parte hartzeko aukera sortu zitzaidan. 2016an, lurrikara bat egon zen, eta ikasle batzuek erabaki zuten berriro eraikitzea. Aldi berean, asmoa dut parte hartze komunitarioaren inguruko ikerketa bat egiteko: hango familia batekin biziko naiz, haien egunerokoan murgilduta.

Zerk egiten du arkitektura mota hori hain garrantzitsu?

Eraikuntza da kutsadura eta zabor gehien isurtzen dituen industrietako bat. Arkitektura jasangarriak ikertzen eta erabiltzen ditu hondakin gutxien sortzen dituzten materialak, gehien irauten dutenak, kutsatzaile gutxien dituztenak... Baliabide naturalak ez dira aski daramagun kontsumismoa asetzeko, eta ondorioak gero eta nabarmenagoak dira.

Zer ondorio izan ditu koronabirusak Ekuadorren?

Martxoaren 15ean konfinamendua ezarri zuten. Neurriak arin hartu dituzte, ikusi dutelako dena kolapsatu egingo dela. Osasun sistema ez da ona, et,a horregatik, jendea zaurgarriagoa da.

Ondorio ekonomikoak latzak ari dira izaten han ere.

Gizartearen zati handi bat kaleko saltzailea da, eta egunetik egunera bizi dira. Soldata minimoa 400 dolarrean dago [370 euro]; janaria merkea da, baina bizitza, orokorrean, ez. Dena gelditzen bada, askok ez dute jateko ere izango. Soldatak astero kobratzen dituzte; bestela, ez lirateke hilabete amaierara helduko. Horrelako neurriak katastrofikoak dira haientzat.

Nola moldatu zinen hango bizitzara?

Hego Amerikako beste herrialde batzuekin konparatuta, Ekuadorren turismoa ez dago hain ustiatua; lasaiagoa da. Zeozer magikoa dauka, familiarra. Pentsamendu komunitarioa bizirik dago oraindik. Pertsona asko ezagutu nituen, eta denek ireki zizkidaten euren munduko eta etxeko ateak.

Ezberdinak al dira Euskal Herria eta Ekuador?

Euskal Herriko bizimodua ona eta erosoa da, eta, beraz, niretzat errealitatetik kanpo dago. Burbuila baten moduko bizitza da, eta nik hortik kanpokoa ikusi nahi nuen. Gizartearen ezbeharrak ezagutu eta aztertzea interesatzen zait.

Zer ikasi duzu?

Lehen egiten ez nituen galderak egiten dizkiot neure buruari. Euskal Herrian osasun sistema itzela dago; segurtasunean ez du parekorik; gastronomia, kultura eta arkitektura bikainak dira... Baina, hori ez duzunean, zelan egin bizitzeko? Elkarbizitza eta komunitatea indartu behar dira. Ekuadorren, oso presente daude Andeetako mundu ikuskera eta antzinako kultura.

Etorkizunean Ekuadorren jarraitzeko asmoa duzu?

Ez daukat argi. Gura nuke aldi batean Hego Amerikan lan egin. Uste dut formakuntza izateko aukera izan dugunok aukera hori eduki ez dutenen eskuetan jarri behar dugula. Nire lan esparrua arkitektura da, baina lotuta dago soziologiarekin, historiarekin, hirigintzarekin...

Nola dago arkitekturaren arloa?

Lan baldintzak ez dira Euskal Herrikoak. Egoera aldakorragoa da. Proiektuak mugatu edo berandutu egiten dira askotan, dirua amaitu delako, legedia aldatu delako, edo ugazabak iritziz aldatu duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.