ATZEKOZ AURRERA

Kopak eman du zeresana

Donostiako 35. Sagardo Eguna ospatu dute, bi urteko etenaren ostean. Milaka herritar elkartu dira, eta kopan dastatu dute sagardoa. Iritzi kontrajarriak sortu ditu koparen auziak.

Hernaniko (Gipuzkoa) Zelaia sagardotegiko bi langile sagardoa kopan zerbitzatzen, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Topa egin dute milaka lagunek kopa eskuan altxatuz, Konstituzio plazan. Baina 35 urtean lehen aldia zen Sagardo Egunean edaria kopan ateratzen zutela, eta erabakia ez da denen gustukoa izan. «Koparena iskanbila sortzen ari da; gehienek esaten dute nahiago dutela ohiko edalontzia», azaldu du Calonge sagardotegiko (Igeldo, Donostia) Nerea Arrillagak. Aitor Mendiluzeren bertso baten amaieran, ordea, hala entzun da: «...niri gehiago inporta zait/ barruan dagoena».


Iritziak askotarikoak dira. Kontxi Arrieta donostiarrak, esaterako, nahiago du kopa. «Normalean, kopan eskatzen dut tabernetan, eta gustuko dut. Baina batzuk haserre daude».

Haserre baino gehiago, suminduta agertu dira adineko sagardozale batzuk kopak erosteko mahaian. Kopak saltzen —hamar trago zazpi euroan— ari den gazte batek azaldu duenez, han jarri dira herritar batzuk 10-15 minutuz «politika gora eta behera» eta zenbait politikari konkretu erabakiaren «erruduntzat» jotzen. Bat baino gehiago izan da Sagardo Egunean edalontzia erosi ohi duena, baina handik edan gabe joan dena.

Sagardogileek ere sumatu dute batzuen kexua. «Batzuk hasi dira esaten edalontzia hobea dela kopa baino», esan du Zestoako (Gipuzkoa) Ekain sagardotegiko Aitor Eizmendik. Lehen urtea du sagardoa ateratzen Konstituzio plazan, eta elkargune garrantzitsutzat jo du Gipuzkoako hiriburukoa: «Erakusleiho handia da hau sagardoarentzat».

Sagardogileren batek aitortu du nahiago duela ohiko edalontzia, baina ez du izenik eman nahi izan. Gehienek berrikuntza gisa jo dute koparen hautua, ur edo kopa handitan sartu gabe.

Ez dago jakiterik beste toki batzuetako sagardo egunetan koparen ohitura errotuko den ala ez. Rufino Furundarenak Oñatin (Gipuzkoa) antolatu ohi du Sagardo Eguna urriko lehen larunbatean, eta Donostian sagardogileekin egoteko aukera baliatzen du. «Gu edalontzira ohituta gaude, baina zenbaitek diote kopa hobea dela aromak sentitzeko».

Formatuaren eztabaida albo batera utzita, herritar gehienek pozez ospatu dute iraileko lehen larunbatez Donostiako 35. Sagardo Eguna, bi urteko etenaren ostean.

Realzaleak eta turistak

Sagardogileen artean, badira Konstituzio plazan lehen aldia dutenak; Eizmendi, adibidez. Baina badira plazan beteranoak, Sagardo Egunean urte asko daramatzatenak; Zabala sagardotegiko (Aduna, Gipuzkoa) Teo Irazabal, kasurako. «Euskal giroa sortzen da, eta kanpoko jendea ere badabil. Polita da, eta Donostiarako ondo dago». Iritzi berekoa da Joxe Mari Alberro, Hernaniko (Gipuzkoa) Alberro sagardotegikoa: «Botila onak ekartzen ditugu, gainera. Beti saiatzen gara horretan».

Sagardoa dastatzen ari direnen artean, denetarik dago. Aita bat dantzan ari da, ume txikia gainean duela, eta ama sakelakoarekin argazkiak ateratzen, beste eskuan kopa duela.


Kopa bete eta bete ari dira Goierri eskualdeko (Gipuzkoa) bi lagun, Realaren elastikoarekin. Zalantza dute Anoetako arratsaldeko partidara iritsiko ote diren, baina batez ere nola iritsiko diren. Parranda gogoz dago Iker Altolagirre donostiar eta realzalea ere. «Urteetan aitarekin etorri izan naiz Sagardo Egunera, baina aurten kuadrillarekin, Realaren partidaren aurretik». Igandean Kontxako Bandera izaki, hurrengo egunean ere parrandan jarraitzea espero du. «Bi urteko etenaren ostean, horrelako giroa ikustea ederra da», gaineratu du.

Donostian egun batzuetarako iritsiak diren atzerritar zenbait ere kopa eskuan hartuta dabiltza. Bad Worishofen hiriko bi gizonek eta emakume batek nabarmendu dute Bavariakoak direla, eta ez Alemaniakoak. Plazako izkina batean, berriz, Taiwango bi andre daude: Jean Tsang eta Yu-Ra Liu. Bata biltzar baterako iritsi da Donostiara, eta bestea oporretan da. Batak «zoragarritzat» jo du ekitaldia. Besteak «ezin hobea» dela gaineratu du. Sagardoa oso gogoko dute, eta irribarrez adierazi dute gustatuko litzaiekeela Donostiako Sagardo Egunera noizbait itzultzea.

Itzultzen diren hurrengoan, ezin jakin sagardoa kopan edango ote duten ala ez. Uzta nolakoa izango den ere ez. Baina datorren urtean itzuliz gero, Sagardo Routeko antolatzaileek iragarri dute 2022ko uzta iazkoa baino txikiagoa izango dela. Udako lehorteak ez dio mesederik egin uztari. Zabala sagardotegiko Irazabalek ere hala uste du: «Datorrena ez da iazkoa bezalakoa izango». Sagardo Routeren datuen arabera, iazkoarekin alderatuta %30 inguruan gera liteke aurtengo uzta. Baina zehatzago emango dute datua aurrerago.

Hainbat erakundetako eta udaletako ordezkariak ere elkartu dira Konstituzio plazan, topa egiteko. Aurtengo uztarekin egindako lehen muztioa dastatu dute. Eta 2019tik 65 urte bete dituzten bazkideak omendu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.