Botoa, oporretara

Data berezietan ospatuko dira aurten Espainiako Gorteetarako hauteskundeak: Aste Santuan izango da hauteskunde kanpaina, eta Pazko astearen amaieran emango da botoa. Araban, San Prudentzio jaiegunean bertan egingo dute. Posta bidezko botoan eragina izango du.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Aste Santuan alderdi politikoen kanpaina, eta Pazko astearen amaieran, bozka eguna. Bereziak izango dira, inondik inora ere, apirilaren 28an Hego Euskal Herrian egingo diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Opor garaian egingo dira bozak, eta herritar asko Euskal Herritik kanpo egongo da atseden hartzen. Horrek, zalantza barik, eragina izan dezake bai abstentzioan, bai posta bidezko boto kopuruan. Araban, are gehiago nabarituko da hori. San Prudentzio Arabako zaindaria apirilaren 28an da. Igandea, aurten. Beraz, jaieguna hurrengo egunera pasatu dute. Astelehenera. Maiatzaren 1eko jaiegunarekin zubia hartzeko asmoa dute arabar askok, eta, hartara, ez dira etxean egongo hauteskunde egunean.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak opor garaian izateakhainbat eta hainbat herritarren planak aldrebestu ditu. Besteak beste, apirilaren 28an hauteskunde mahaian egon behar izateak hankaz gora jarri ditu lagun askoren bidaiak. Joan den astean aukeratu zituzten hauteskunde mahaietako kideak, zozketa publikoen bidez, eta bertan egotea egokituko zaie oporretara joatea pentsatuta zuten askori. Hauteskunde legeak dio egokituz gero derrigorrezkoa dela hauteskunde mahaira joatea, eta bertaratzen ez denari zigor administratiboa, isun ekonomikoa nahiz urtebete arteko espetxealdia ezar diezaioketela. Baina badira salbuespenak. Arrazoi pertsonalak, familiarrak edo profesionalak tarteko, posible da mahaiko kide izateari uko egitea, betiere behar bezala justifikatuz gero.

Eta oporrak hartu dituztenei hauteskunde mahaian egotea egokitzen bazaie, zer? Bidaiak ez daude hauteskunde mahaiaren zereginetatik libratzeko arrazoien zerrendan, baina tokiko hauteskunde batzordeen esku dago egoera jakin bakoitza interpretatzeko eskumena. Izan ere, bidaiei buruz ez dago irizpide zehatzik, eta bidaia bat salbuespentzat hartzea tokiko hauteskunde batzordeak hartutako «erabaki subjektibo eta partikularra» izango da.

Gasteizko hauteskunde batzordeak, esaterako, erabakia hartu du jadanik: otsailaren 15a baino lehen bidaia erreserbatu zutenek ez dute zertan hauteskunde mahaian egon, hala egokituz gero. «Pedro Sanchezek hauteskunde eguna iragarri zuen otsailaren 15ean, eta pentsatzekoa da ordura arte inork ez zuela zertan jakin noiz deitu behar zuen bozetara», adierazi diote BERRIAri Gasteizko hauteskunde batzordetik. Data hori baino lehen bidaia hartu zutenei onartuko zaie hauteskunde mahaian ez egoteko aitzakia, bidaia txartelak eta ordainketa ziurtagiriak aurkezten badituzte. Otsailaren 15etik landa erreserba egin dutenek, ordea, ez dute aukera hori.

Posta bidezko botoa

Apirilaren 28ko hauteskundeek badute beste berezitasunik: posta bidezko botoak nabarmen egingo du gora. Posta bidezko botoa eskatzeko epea martxoaren 5ean ireki zuten, eta apirilaren 18ra arte izango da zabalik. Epea amaitu arte datu ofizialik ez da zabalduko, baina jakina da modu horretan botoa ematea aukeratu dutenen kopurua izugarri handitu dela.

Apirilaren 28ko hauteskundeetan posta bidezko botoak izan dezakeen garrantziaz jabetu dira alderdi politikoak ere. Betidanik erronkatzat jo dute abstentzioa jaistea; aurten, are gehiago sumatu liteke abstentzio hori. Kontuan hartzekoa da 2016koetan inoizko parte hartzerik txikiena izan zela (%66,48). Horregatik, botoa ematea funtsezkoa dela azpimarratzen ari dira alderdi gehienak. Besteak beste, Espainian ustez eskuinak izan dezakeen gorakadari aurre egitea da askoren helburu behinena. Orain, etxean ez geratzeko eskatzeaz gain, oporretara joan aurretik botoa emango dutela ziurtatu nahi dute alderdiek.

Parte hartzea eta abstentzioa kezka iturri nagusi dira alderdietan. Hori dela eta, botoa posta bidez emateko erraztasunak ematen ari zaizkie herritarrei. Baliabide guztiak ari dira erabiltzen horretarako: dela sare sozialak erabilita, dela bulegoetan aurrez aurreko arreta eskainita. Posta bidezko botoa emateko aukera zabaltzeko «ahalegin berezia» egiten ari direla ziurtatu diote BERRIAri hainbat alderdik.

EAJ, besteak beste, batzokietan eta hauteskunde bulegoetan ari da informazioa ematen, eta «are eta indar handiagoz» Arabaren kasuan. Izan ere, Espainiako Kongresurako eta Senaturako 2016ko hauteskunde deialdiarekin alderatuta, posta bidezko boto eskaerak dezente egin du gora, bereziki Araban. Hauteskunde erroldaren bulegoak emandako datuen arabera,%333 egin du gora eskariak herrialdean.

Araban, alderdi guztiek sumatu dute gorakada hori euren bulegoetan. PSEk Gasteizko Foruen plazan duen egoitzara, esaterako, jendetza joaten ari da: «Lehen egunetik ikaragarria izan da posta bidezko botoaz galdezka etorri zaigun jende kopurua. Izugarria benetan», diote PSEko ordezkariek. Aurreko hauteskunde deialdiekin alderatuta, «parekorik ez» du oraingo eskaerak, ziurtatu dutenez.

EH Bildukoak Sanchezek hauteskunde data iragarri zuen «egunean bertan» ohartu ziren posta bidezko botoak izango zuen garrantziaz, eta lanean jarri ziren jendeari «ahalik eta informazio osatuena» eskaini ahal izateko, alderdiko iturriek jakinarazi dutenez. Sare sozialetan eta Whatsapp bidez zabaldu dituzte posta bidezko botoa emateko jarraibideak, eta bideo bat ere prestatu dute informazioarekin. EH Bilduk herri eta hiriburuetan dituen bulegoetan ere sumatu dute jende askoz gehiago joan dela galdezka. «Guk argi esaten diegu: kontuz kanpora baldin bazoazte, ez ahaztu aurretik botoa emateaz».

Posta bidezko botoa emateko tramiteak ez dira samurrak izaten, eta horretan ere laguntza eskaintzen ari dira alderdiak. Ahal Dugu-k uste du erakundeen betebeharra ere izan beharko lukeela baliabideak jartzea tramite hori errazte aldera. Hauteskundeetan parte hartzea bermatzea funtsezkoa dela uste dute alderdian, eta, aurten, oporrak tartean izanda eta denbora gutxian hauteskunde deialdi ugari egonda, arrazoi gehiagorekin. «Aurten oztopo guztiak gainditzeko baliabideak jarri behar ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.