Kanpaldia egiten segitu nahi dute Aroztegiko proiektua gelditu arte

Guardia Zibila hiru aldiz agertu da. Lekarozen elkarretaratzea egin dute, 228 etxebizitza, hotel bat eta golf zelaia eraikitzeko proiektua gelditzeko

Guardia Zibila, kanpaldia egiten ari zirenengana gerturatzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Guardia Zibila Lekaroz herrian (Baztan, Nafarroa) Aroztegiko proiektuaren aurka egiten ari diren kanpaldian agertu zen ostiralean eta atzo goizean eta arratsaldean, baina ez zuten hustu. 228 etxebizitza, hotel bat eta golf zelai bat egin nahi dituzten lurretan ari dira egiten kanpaldia, proiektu hori geldiaraztea eskatuz. Helburua lortu arte bertan segitzeko asmoa dute.

Kanpaldia ez ezik, beste mobilizazio batzuk ere egingo dituzte: atzo, elkarretaratzea egin zuten Lekarozen, eta maiatzaren 15ean, 17:30ean, manifestazioa egingo dute Elizondoko plazatik hasita (Baztan, Nafarroa).

«Proiektu txikitzaile hau nahitaez gelditu behar dugu», aldarrikatu du Aroztak plataformak elkarretaratzean. Proiektua udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa bideratu izana ere gaitzetsi dute. «Trikimailu juridiko bat» dela ziurtatu dute, eta «interes orokorraren izenean» bertako administrazioen eta herritarren erabakien «gainetik pasatzeko eta proiektua inposatzeko» erabili dutela. Gainera, horren bidez, herritarrei lurrak eta erabakitzeko ahalmena «ebatsi» izana kritikatu dute.

Proiektua «gutxi batzuen intereserako eta aunitzen kalterako» dela irizten diote; izan ere, haien irudiko,«hankaz gora» utziko lituzke hizkuntza, kultura eta bizitzeko modua. Ohartarazpen bat ere egin dute: «Gaur Lekarozko herritarrak gara bihotza mindua dugunak, baina proiektu hau geldiarazi ezean, aurrekari arriskutsu bat izanen litzateke». Gogorarazi dute herritarrek aurka daudela adierazi dutela galdeketetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.