Lau gizon gazte hil dira Baionan, autoarekin istripu bat edukita

Soult Marexala etorbidean gertatu da ezbeharra, oraindik argitzeko dauden arrazoiengatik. Hildakoek 20-21 urte zituzten

Istripua izan zen tokia, atzo. BOB EDME.
Erredakzioa
2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Larunbat goizaldeko bostak ziren abisua larrialdi zerbitzuetara iritsi zenean: ibilgailu batek arbola bat jo zuela jakin ahal izan zen. Baionako Fnac dendaren inguruan gertatu zen ezbeharra, eta autoan zihoazen lau gizonezkoak hil egin ziren.

Soult Marexala etorbidean, Miarritzetik Baionarako noranzkoan, palmondo bat jo zuen autoak. Suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuak bertara joan ziren. Suhiltzaileek berehala atera zituzten gorpuak. Osagileek ezin izan zuten ezer egin: kolpea hartu eta berehala zendu ziren hiru lagun, eta handik gutxira laugarrena.

Hildakoak lau gizonezko ziren, 20 eta 21 urte bitartekoak. Dordoinako eskualdekoak ziren laurak, Okzitaniakoak, Baionatik 300 kilometro pasatxora dauden hiru herritakoak. Xingarraren azokaren aitzakian festa egitera etorriak ziren Baiona aldera, bertako alkateek jakinarazi dutenez. Herri txikiak izaki, ezagunak ziren gazteak.

Ikerketa zabalik da, zehazki zer gertatu den jakiteko, eta gorpuei autopsiak ere egingo dizkiete. Oraingoz zabaldu den informazioaren arabera, hipotesi nagusia da ibilgailua abiada handiegian zihoala, eta beharbada horregatik gertatu zela ezbeharra, baina ez dakite justu zer gertatu den.

Ibarran, hildako bat

Herenegun ere hainbat errepide istripu izan ziren Euskal Herrian. Ibarrakoa (Gipuzkoa) izan zen larriena: auto batek bi pertsona harrapatu zituen. Horietako bat hil egin zen, eta bestea zaurituta dago. Hildakoak 54 urte zituen, eta gurpil aulkian zihoan. Nafarroan, hildakorik ez, baina bi errepide istripu izan ziren. Batetik, Esteribarren, moto batean zihoazen bi pertsona zauritu ziren —horietako bat larri—, errepidetik atera, bazterra jo eta erori ostean. Bestetik, moto gidari bat larri zauritu zen Baztanen, ibilgailu bat jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.