Euskal selekzioak Tunisia izango du aurkari gaur San Mamesen

unai zubeldia
2016ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Urtebetean hirugarren partida izango da gaurkoa. Lagunartekoa, beste behin. FIFAren egutegi ofizialetik kanpokoa, berriz ere. Baina ofizialtasunaren bidean beste urrats bat egiteko bide zuzena hori dela sinetsita dago Euskadiko Futbol Federazioa. 2017rako FIFAren egutegian tokia egitea da erronka, baina aurretik Gabonetako ohiko partidari helduko diote gaur, San Mamesen, Tunisiaren aurka (20:30, ETB1). Gaurko aurkariak herenegun 3-3 berdindu zuen Kataluniaren aurka.

Joan den urteko abenduaren 26an Bartzelonan jokatu zuen euskal selekzioak, Kataluniaren aurka, eta 0-1 nagusitu zen gizonezkoen selekzioa —emakumezkoenak 1-1 berdindu zuen Kataluniaren aurka—. Aurten, berriz, maiatzaren 27an, 1-1 berdindu zuen Korsikaren aurka, Ajaccion. Atzo bi urte bete ziren euskal selekzioak azkenekoz Euskal Herrian jokatu zuenetik, eta, ondorioz, partida berezia izango da gaurkoa. San Mamesen aritu zen orduan ere, Kataluniaren aurka, eta 1-1 amaitu zen partida.

Athletic, Reala, Eibar, Alaves eta Granadako jokalariak sartu dituzte deialdian Jose Maria Amorrortuk eta Mikel Etxarrik, eta, ondo bidean, zati bat jokatuko dute guztiek. Jokalari dezente faltako dira selekzioan, besteren artean Ingalaterrako Liga jokoan delako. Xabi Alonso eta Javi Martinez Bayern Municheko jokalariak ere ez dira izango gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.