Logika nagusituko da?

Osasunak jarraipena eman nahi dio etxeko bolada onari. Alaves, berriz, ezinean dabil kanpoan; baina irabaziz gero, gorritxoak harrapatuko ditu

Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzailea, Sadarren eginiko lan saio bat zuzentzen. JESUS DIGES / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Denboraldiko bosgarren euskal derbia jokatuko dute gaur Osasunak eta Alavesek, Iruñean. Aurkari zuzenak dira mailari eusteko lehian; beraz, munta handiko lehia izango da. Sailkapenean,hiru punturen aldea besterik ez dago bien artean; ordea, ageriko oreka horren atzean, desoreka handia dago. Sadarren jokatuko da partida, eta, bertan, 30 partida daramatza Osasunak galdu gabe. Gaur boladari eusten badio, marka berria ezarriko du. Alaves, berriz, penagarri dabil etxetik kanpo: puntu bakarra bildu du orain arteko bost lehietan.

Gauzak horrela, logika inposatzen ahaleginduko da Osasuna. Lehen Mailan ere, indarrean jarraitzen du Sadarren legeak, eta gorritxoak zukutzen ari dira. Besteak beste, irabazi egin diete Vila-reali eta Valentziari, eta berdindu egin dute Bartzelonaren aurka. Aurkariak ito egiten dituzte, presio estu eta joko bizkorrarekin. Bada, gaur ere beste horrenbeste egiten ahaleginduko dira, ziurrenik ekimena beren esku utziko dien aurkari baten kontra.

Halaber, gorritxoek haize kontra aritzeari utzi nahi diote. Atzetik hasi dituzte orain arteko 11 partidetatik zazpi, eta, soilik bi galdu dituzten arren, badakite zer arrisku dakartzan suarekin jolasteak. Hori eragozteko, arreta handitu beharko dute defentsan, geldikako jokaldietan batez ere. Erasoan, berriz, hasiera oldarkorraizaten saiatuko dira.

Jagoba Arrasatek aldaketak egingo ditu. Itxura guztien arabera, hamaikakora itzuliko dira Nacho Vidal, Oier eta Avila, eta Merida ere titular izan liteke, azken hiru partidetan ez bezala. Teknikariak atzo adierazi zuenez, «astea biribiltzeko azken ahalegina» egin behar du taldeak, orain astebete Valentziari irabazi eta ostegunean Mallorcaren kontra berdindu ondotik. Bestalde, «akuilutzat» jo zuen Sadarren marka historikoa ezartzeko aukera.

Itxaropena piztu zaie

Asier Garitanok, berriz, «erronka» gisa definitu zuen Alavesek Iruñeko estadiora egingo duen bisita. Arabarrek zazpi hilabete daramate etxetik kanpo irabazi gabe; beraz, balentria handia egin beharko lukete Sadarren. Esperantza badute, ordea, etxean Atletico Madrilen aurka puntu baliotsu bat urratu eta gero. Espainiarren aurka erakutsitako itxura lehiakorrari eusten saiatuko dira gaur, behingoz etxetik kanpoko mamuak uxatzeko.

Osasunak bezala, neurketei hobeto ekiteko beharra du Alavesek. Izan ere, beti izan da atzetik besteren zelaian jokatu duenean. Eta lehen kolpea jaso eta gero, soilik Getaferen aurka izan da behar bezala erantzuteko gai. Vila-realen aurka ere suspertu zen, baina lehia berdindu ostean, beste hiru gol sartu zizkieten. Izan ere, defentsan eskas dabil etxetik kanpo: hamabi gol sartu dizkiote, hots, partidako bi gol baino gehiago. Eta berak hiru baino ez ditu sartu.

Gaur, sendo jardun beharko du area barruan, Osasunaren erdiraketa ugariei eusteko. Eta erasoan, ahalik eta hobekiena baliatu beharko ditu kontraerasoak eta geldikako jokaldiak. Lucas Perezen bermea izango du aurrean: galiziarra gola sartzen saiatuko da seigarren jardunaldiz jarraian.

OSASUNA-ALAVES

Osasuna. Ruben; Vidal, Aridane, David Garcia, Estupiñan;Roberto Torres, Oier, Brasanac, Ruben Garcia; Cardona, eta Avila.

Alaves. Pacheco; Agirregabiria, Laguardia, Magallan, Duarte;

Vidal, Tomas Pina, Wakaso, Rioja; Lucas Perez,eta Joselu.

Epailea. Munuera Montero.

Lekua. Sadar (18.375 ikusle).

Ordua. 16:00etan (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.