Zozoen elean (II). Dioni Duran Mañarikua. Unibertsitate irakaslea

«Garai bat kontraesanez bete-betea bizi izan dut Kuban»

Euskalduna du ama, espainiarra zuen aita. Hari horrek eraman gaitu beregana. Familiaren historia ez ezik, ordea, berea du Diony Duran Mañarikuak: Iraultzaren garaia bizi izan zuen, neskatxa gazte zelarik.

Miel Anjel Elustondo
Habana
2015eko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilhundu artean,

egoten ohi dire zozoen elhean

Jean Martin Hiribarren

Uhartean barnealdekoa zaitugu…

Nire jaiolekua, Ciego de Avila da. Uharte honetako probintziarik atzerakoiena dela esango nuke… Garatze bidean zegoen, negozio berriak abiarazten ari ziren garaian jaio nintzen, jendea dirua barra-barra egiten ari zenean. Baina despopulatua zegoen zeharo. Lurralde laua zen, zelaia, aproposa abeltzaintzarako, eta horretan jardun zuen gure aitaitak; horretan eta merkataritzan, gure aita zena bezala, bateko garajea eta besteko beira-denda izan baitzituen Simon Reyes herrian. Ondoan zuten Central-a [Stewart, azukre fabrika] eta ingurua hazten ari zen haren gerizan. Baina amak ez zuen gu landa lurretan hazterik nahi. Amak hiria hobesten zuen, eta hiria Ciego de Avila zen, eta hantxe jaio ginen bi neba-arrebok… Eskola espainolean ikasi behar genuela sartu zitzaion amari buruan, eta halaxe izan zen: maristetan ikasi zuen nire nebak, eta teresarretan nik. Badakizu, Avilako Teresaren jarraitzaileak, Ciego de Avilan. Bat zetozen bi izenak, nahiz eta hiriaren izenak ez duen Avilarekin loturarik, ur osinarekin baino, ciego horixe baita, osina.

Iraultza baino lehen ari zara, moja ikastetxean ikasten zu…

Burgesia txikiari dagokionez. Ikastetxe erlijiosoetan ikasten zuten goi eta erdi mailetako familien umeek. Gu erdi mailakoak ginen barnealdeko probintzian. Habanan bizi izan bagina ez ginatekeen maila horretara iritsiko, hiriburua besterik baita beti. Gure aitak bazuen gure ikasketak ordaintzeko lain, eta aurrera! Barnetegian izan nintzen, familia oneko neskaz inguraturik. Familia oneko izateak, sasoi hartan, dirua edukitzea eta larru zuriko izatea esan nahi zuen. Orduan ez zen gaurko konturik…

Arrazakeriaz ari zara…

Eta segregazioaz! Ciego oso zonalde «jatorra» izana zen, espainol mordoa bizi zen bertan. Kanariar Uharteetakoak, isleño ziren, eta ez zen jende bakana! Albaniarrak ere baziren, eta haitiarrak, kana ebakitzen etortzen zirenak… Denetariko jendea zen gure alderdi hartan! Maila jakin bateko jendeak ikastetxe erlijiosoetara joan behar izaten zuen, eskola publikora joatea baino hobe zela esaten zuten. Hezkuntza katolikoa zen, frankismo garaian Espainian izan zenaren antzekoa. Arropak ere, eite berekoak: uniforme txuri-urdina zen gurea, teresarretan. Horretan hobeto zegoen neba, maristetan eta jesuitetan librepentsatzaile baitziren eta nebak ez zuen mezatara, ez konfesatzera, ez komulgatzera joan behar izan. Ni baino errebeldeagoa ere bazen hura. Ni, aldiz, guztiz otzan eta esaneko, denak egin nituen: meza, konfesatu, komulgatu, errezo guztiak ikasi, obedientzia barneratu, pobreziaz kezkatu… Orduko neskatxa gazte guztien bidea egin nuen.

1959ko Iraultzaz mintzatzeko joera ohi dugu, baina, haren aurretik Batistaren diktadura izan zen…

Oso garai latza izan zen. Kuba atzerriko kapitalari saltzen ari zen Batista. Habanako itsasertza, bai malekoia eta bai itsasoari begirako etxe guztiak, Italiako mafiosoen eskuetan zeuden, edo haien atzaparretan erortzeko zorian. Iraultzaren aurreko garaian, adibidez, unibertsitateko gazteria bero zegoen, bero eta haserre, ikusten zuena ezin eramanez, eta iraultzaren alde. «Unibertsitatea jaisten ari da! esaten zutenean, unibertsitateko ikasleak Habana erdialdera zetozela esan nahi zen, poliziaren mangeratzarren kontra borrokatzera. Mangeratzarrak eta gero, tiroak etorri ziren, eta ikasle hilak. Gure hiria, aldiz, ez zen tamaina horretaraino inplikatu. Ciego de Avilan hiru lagun izango ziren Alderdi Komunistakoak, ez besterik. Arestian esan dizut, oso atzerakoia zen zonalde hura. Araua igandeetan mezatara joatea zen, halako oinetako dotore eta halako mantila jantzirik. Guztiok ezagutzen genuen elkar, nahiz eta hiria hazten ari zen, eta gero baino gero jende gehiago ginen. Tartean, dirudunak ere baziren, Ciegon soro eta zelaiak eta behiak zituztenak, baina Habanan bizi zirenak: lurjabe handiak, jende aberatsa zinez.

Iraultzaren lehenengo neurrietako bat Nekazaritza Erreformari ekitea izan zen. Zertan jo zintuzten zuek?

60ko hamarkadaren hasierako kontuak dituzu, aro magikoa, guztiz. Izarren konfluentzia eta abarra, nonbait: Beatles-ak azaldu ziren, hippyak, gauzekiko desinteresa, bizitza esentzialak bizitzeko grina, erlijioaren esentzia bera, apaingarri hutsak bazterturik… Munduko gazte guztien ilusioak bizi nituen nik ere, baina, nire garaiko neskatxa gazte guztioi bezala Kuban, aldaketa ideopolitiko berezia bizitzea egokitu zitzaigun. Guk ez genekien, baina herrialde hau ez ezik, Latinoamerika osoa joko zuen Kuban izandako aldaketak, eta, hein batean, baita mundu osoa ere. Nik oraindik ez nekien horrelakorik, jakina. Nik ez nekien orduko egoera hura ez zitzaidala gustatzen besterik, gure uhartea ez ezik mundua bera ere aldatzen ari zela uste nuen, denok ere iraultzaile ginela.

Denak iraultzaile…

Egoera hura alda zedin nahi genuen guztiok —hala aitak nola amak eta guk guztiok—, Sierra Maestrako gerrillariek irabaztea nahi genuen, Batistaren erregimenaren peko egoera indezente, narras eta zikin hartan bizitzerik ez baitzegoen. Zer zen, bada, herrialdea saldu behar hura, eskola, proiektu eta egitasmorik gabeko hura, hango gose, eskasi eta pobrezia… Ondoan nituen nekazari eta abeltzainak, egunero ikusten nituen haien sabelalde puztuak, parasitoz beteak, eta medikurik ez… ordaintzeko dirurik ez zutelako. Etxean pribilegiatuak ginen, medikua baikenuen! El Zorro, Los Halcones eta ziren eta ez ziren heroi-komiki guztiak irentsi nituen, eta, beraz, ni ekintza heroiko guztien aldeko nintzen. Horrek nire lagunei baino imaginario irekiagoa, libertigarriagoa eman zidan, bistan da, eta mojak, berriz, Vidas ejemplares irakurtzera behartzen ninduten —santu eta santen bizitzak, badakizu—, eta gure aita zoragarriak bere lagunaren liburudendara eramaten ninduen, non Alicoqueko Santa Mariaren bizitzaren komikia erosten baitzidan, eta nik esaten nion: «Ongi da, ongi da, erosi, irakurriko dut, baina bestetik ere erosi iezadazu, faborez!». Heroien komikiak, alegia, Batman, unaiak eta gainerakoak. Eta aitak denetik erosten zidan. Iraultzak, berriz, literatura unibertsaleko titulurik onenak argitaratu zituen, eta haietatik irakurri nuen. Iliada, esaterako, aitak berak erregalatu zidan. Horrela jo nuen literaturara… Eta Iraultzak irabazi zuenean, denok poztu ginen. Aldaketa ekarri zuen Iraultzak, eta duintasuna itzuli zigun.

Makina bat behaztoparri izan zen bidean…

Ez gutxi ere! Arestian esan dizut neskatxa gaztea nintzela, eta babespean nindukatela. Erreforma legeak eman zituzten eta interbentzioak hasi ziren, eta aitaita ez zen haien eraginpetik libratu, abeltzaina baitzen. Ondoren, aitaren txanda izango zela ematen zuen… Oso prozesu gogorra izan zen, burgesia txiki eta erdi mailakoa bete-betean jo zuena, goi mailako burgesiak hegazkina hartu eta aire! egin baitzuen. Horrela asmatu zuten Peter Pan plana ere, guztiok jo gintuena nola edo hala. Gogoan dut amak neguko arropa egiteko agindu zidala, eta, berez, Miamira joatekoak ginen Peter Pan umeok! AEBen kontua izan zen plana, eta Kubako Eliza katolikoaren laguntza izan zuen. Ordurako gaiztotuta zeuden Elizaren eta Iraultzaren arteko harremanak, Elizak behaztoparri franko jarri baitzuen bidean.

Ordainetan, uhartetik kanporatu ere egin zituen erlijiosoak Iraultzak. Zerutik jakina da 131 erlijioso irten zirela 1961eko irailean Covadonga itsasontzian…

Gure ikastetxearen kasuan, inork kanporatu aurretik alde egin zuten mojek. Greba orokorra deitu zuten, Ikasle Gazte Katolikoetako mutil bat hil zutelako. Eta guk greba hartan parte hartu genuen… ikastetxea itxi zutelako! Alde egin baino lehen, gure amari, esaterako, zenbait liburu eta margolan utzi zizkioten mojek, «Itzuliko gara!», esanez. Baina Iraultzak ikastetxea bereganatu zuen, eta eskola publiko egin zuen lehen ikastetxe pribatu izandakoa. Jendea bazihoan, eta ni hantxe, estu eta larri, zer egin ez nekiela, ikasten ere ez nintzen ari, baina batxilergoa ikasteko premian.

Peter Pan planak ez zintuen harrapatu?

Zoratu beharrean zeuden denak! Burgesiakoa ez zen jende ikasia, eta bazterretan, berriz, Iraultzak umeak kenduko zizkietela zabaltzen hasi ziren. Espainiako Gerra Zibilaren garaian umeekin gertatutakoari buruz ere esamesak zabaldu zituzten AEBek, ordea, Gerrako umeen historia, Errusiara heldu ziren umeen kasua, adibidez, itzuli ez zirela, gurasoek betiko galdu zituztela beren seme-alabak, eta hau eta hura. Eta izua hemen, egiazko izua! Eta jendea bata besteari deika, auzoa auzoari, laguna lagunari… Abokatuak azaldu ziren, bidaia-agiriak egiteko: «Joan egin behar zara Diony, eta zurekin joan behar da neba. Zaindu egin behar duzu, ez utzi inork kentzen!». Maletak prestatu zizkidaten, ama, izekoak… josten hasi ziren: jertseak, bufandak, gorroak… Azkenean, bisa jakin bat baino ez zitzaidan falta, bazen jende bat bisa haiek ematen zituena. Paper batzuk ziren, prest, izena jarri eta sinatu besterik ez zen behar. Baina familiak patria potestatea galduko zuela ere esaten zen paper haietan! Oso prozesu gogorra izan zen…

Zu ez zinen Kubatik irten…

Gurean, amak ez zekien zein erabaki hartu. Aitak, orduan: «Gu emigrante gara, gure aita Espainiara joan zen, gaitzak jota, sendatzeko asmotan. Asturiasen hil zen. Gure ama, hemen bertan hil zen, tuberkulosiak jota. Gu ez gara bereiziko!». Eta ez nintzen Kubatik irten, nire lagun asko eta asko ez bezala, eta huraxe izan nuen trauma. Ciego de Avilako lagunak bazihoazen, eta ni ez, gure ikastetxean ikasten ari ziren asko eta asko joan ziren Kubatik, milaka ume joan ziren. Kasik bakarrik geratu nintzen. Urtebetean milaka ume eta gazte irten ziren uhartetik, etorkizun oparoa zuen jendea, zuzendaritza karguak betetzeko izendaturik zegoena… Desoreka handia gertatu zen herrialdean. Oso prozesu bortitza…

Ciego de Avilan geratu zinen zu, baita zure neba ere.

Bai. Herrian ni, ikasketak jarraitu zain, eta denetarik ikasten hasi nintzen: mekanografia, brodatua… Eta, aukera izan nuenean, likidazio batxilergoa egiten hasi nintzen, hau da, batxilergoa bukatzeko geratzen zitzaizkidan ikasgaiak gainditzen hasi nintzen, azterketak bata bestearen ondoren eginez. Ordu arte ni ez nintzen institutuan ikasle ona izana, baina egoerak beharturik, gogotik saiatu nintzen azterketa haietan. Ikasten jarraitu behar nuela esan zuen aitak, eta orduko aukera nagusiak mediku, ingeniari eta ekonomista ziren. Hala zioten. Aitak, nik ekonomista ikastea nahi zuen, baina nik idatzi egin nahi nuen, kazetari izan, antzerkia egin, txotxongiloak… Eta Habanako unibertsitatera sartzea lortu nuen, Letrak sailean… Geroago, Berlingo Humboldt unibertsitatean doktoregoa egin eta bateko eta besteko unibertsitateetan eskolak ematen hasi nintzen. Eta horretan ari naiz gaur egun oraindik, zenbait eskola ematen, eta idazten.

Gustuko lanean oraintxe…

Antropologia lan bat dut eskuartean: neure familiaren historia. Aita asturiarra, Duran; ama durangarra, Mañarikua… Inork ez dit agindu lan hori bukatzeko eperik, eta hor da, zain. Gainera, ebakuntza egin berri didate, eta alferraldia ere izan dut, eta loba jaioberria, hari ere denbora eman nahi izan diot… Bestalde, oso lan atsegina dut familiaren historia idaztea, neure historia idazteko egokiera ematen baitit, zuri kontatzen ari naizen garai intentsura itzultzea… Garai bat kontraesanez bete-betea bizi izan dut Kuban. Nik uste hortik datorkidala formazio eklektikoa ere, eta transkultural izaera: ez dut etenik sumatzen, partez asturiarra naiz, partez euskalduna, eta kubatarra. Espainiar kulturakoa naiz, eta Latinoamerikakoa… Hortixe nator ni!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.