Gotorlekua eraikitzera

Realak etxeko aldarte onari eutsi nahi dio, Getaferi irabazi eta goiko postuetan segitzeko. Imanolek dio aurkaria talde «oldarkorra» dela

Nacho Monreal, pase bat egiten, Alavesen aurkako lehian. J.U AN CARLOS. RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Realak indartsu hasi du sasoia etxean. Orain arteko bi partidak irabazi ditu, eta Anoetako gotorlekua eraikitzen segitu nahi du gaur arratsaldean, Getafe azpiratuta. Joan zen igandean Sevillaren aurka galdu eta gero, garaipenaren bidera itzuli nahi dute donostiarrek, goiko postuetatik gertu jarraitzeko. Bide horretan segitzeko hiru puntuak etxean uztea beste erremediorik ez dagoela uste du Imanol Alguacil txuri-urdinen prestatzaileak: «Nola edo hala irabazi behar dugu», esan zuen neurketaren aurreko prentsa agerraldian.

Oriotarraren ustez, «oldarkortasunean Getaferen pare izatea eta buruz buruzkoetan gailentzea» gako izango dira espainiarrak mendean hartzeko. Hori dela eta, txalotu egin du bere jokalariak egunero egiten ari diren lana: «Prestatzaile fisikoak esan dit: 'Imanol, nahikoa da!'. Baina entrenatzea gustatzen zaidanez, eta, jokalariak horren ondo entrenatzen ikusita, pentsatu baino gehiago luzatu gara. Jokalariek nahi dutela esan nahi du horrek, eta albisterik onena da hori».

Sevillan arazo fisikoak izan ostean, osatzeko bidean da Diego Llorente. Imanolek haren inguruan azaldu du «ondo» entrenatuta iritsiko dela partidara: «Azken bi egunetan taldekideekin aritu da. Jokalari askok dituztearazoak, baina inork ez du utzi nahi». Gauzak ondo bidean, iragan neurketako jokalari berak jokatzeko moduan izango ditu oriotarrak.

Getaferen aurkako aurrekari gertukoena aldekoa du Realak. Iragan martxoan neurtu zituzten indarrak azken aldiz, eta txuri-urdinak izan ziren garaile Willian Joseren eta Oiartzabalen golei esker (2-1). Gaur ere jokatzeko moduan dira biak.

Errusiatik itzulita, Anoetara

Getafe, berriz, partiden zurrunbilo batean sartuta dago. Ostegunean Krasnodarren (Errusia) jokatu eta gero iritsiko dira Anoetara. Emaitza ona lortu zuten han: 1-2. Imanolek adierazi du «gogoko» duela Espainiako taldea: «Gauzak argi dituzte, eta hori da garrantzitsuena. Talde oldarkorra izango da, eta presio egiten jardungo du etenik gabe».

Bidaia luzeak kontrarioarengan ondoriorik ez duela izango uste du Realeko entrenatzaileak: «Zortzi aldaketa egin zituen. Batzuk Madrilen geratu ziren, bidaiak kalterik ez egitearren, eta fresko iritsiko dira. Betiko Getafe bera izango da».

Imanolek txalotu egin zuen aurkariak aurreko lerroan duen abilezia: «Golak erraz sartzen dituzten jokalariak ditu, kilimak egiten dakiena. Norgehiagoka zaila izango da».

Markel Bergara da partida etxetik ikusi beharko duena. Getafen ari da elgoibartarra, baina meniskoa hautsi du aste honetan, eta ebakuntza egin berri diote.

REALA-GETAFE

Reala. Moya; Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal; Zubeldia, Merino, Odegaard; Oiartzabal, Portu, eta Isak.

Getafe. Soria; Bruno, Damian Suarez, Djene, Nyom; Cucurella, Fajir, Jason, Maksimovic, Jaime Mata, eta Jorge Molina.

Epailea. Gonzalez Fuertes.

Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).

Ordua. 18:30ean.(La Liga)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.